Angel Erro.
JIRA

Inkestak

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Egunotan ezin da lasai ibili, ia edozein kale kantoitatik gizon batek gabardina disimuluz ireki eta hauteskunde inkesta bat eskaini gabe. Nork bere hornitzailea ez duenak fidatu behar izaten du eskaintzen diotenaz, jatorria ezagutu ez arren. Susma dezake puruegia ez dela izanen, bere eskuetara aski aizunduta eta zatituta iritsiko dela, baina zer egin, ez badu ahora (edo usnara) zer eraman hoberik? Hurbilduko zaio banatzaileari, berari iruzurra sakatzea zaila delako plantarekin. Ez dela atzo jaiotakoa. Halere, ahotsak dar-dar eginen dio inkestak noizko diren galdetzean. Hurrengoetarako, jakina. Duintasuna berreskuratzen saiatuko da gure gizontxoa, besteak gaizki ulertu duelakoa eginez, inkestak zein esparru, zein barrutitarako diren zehaztuz. Gertu-gertukoa. Ongi da.

Gutxi iraun du inkestaren goraldiak. Astinaldi labur bat burmuin betean. Damua berehala etorri da. Sasiko euforia ala beheraldi malenkonikoa, ohituta beharko luke ondorioetara, errealitatetik atera, bai, baina deus gutxirako balio dituena azken buruan. Inkestak zabaltzen dituztenek herritarrak (gazteria, zaharreria) lokartzea beste asmorik ez dutela entzun du. Hala izanen da, nork daki, baina berak gustura hartuko luke beste inkesta bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.