Ekialdeko frontetik erretiratzen hasi dira miliziak eta Ukrainako tropak

Bi aldeek neurri sorta bati hasiera eman diote Donbassen, bake bilera bat egitea helburu jarrita

Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundeko behatzaileak, atzo, Ukrainaren tanke baten erretiratzea aztertzen. VADIM KOT / EFE.
ander perez zala
2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Ukrainako Gobernuak eta ekialdeko milizia errusiazaleek bake bilera bat egitea jarri dute helburutzat, eta horretarako keinuak egiten hasi dira. Bilkura horretarako testuinguru positibo bat sortu nahi dute. Prozesua berpiztu egin da aurten, batez ere Volodimir Zelenski herrialdeko presidente aukeratu zutenetik iragan apirilean, ekialdeko gatazka konpontzeko asmo argia erakutsi baitu; Vladimir Putin Errusiako presidenteak ere begi onez ikusi ditu adierazpen horiek, eta, pixkanaka bada ere, bi aldeak beste goi bilera baterako bidea eraikitzen ari dira. Asmo hori praktikara eraman zuten atzo, neurri sorta bati hasiera emanda: Kieven tropak eta milizia errusiazaleak ekialdeko frontetik erretiratzen hasi ziren, Donbass eskualdean dagoen Donetskeko Herri Errepublikako Petrovskayan.

Maniobra horiek amaitzean, minak kentzeaz arduratuko dira, gerora gatazkan sorturiko gotorlekuak eraisteko; oraingoz, hori da adosturiko plana. Hortaz, pauso guztiak era arrakastatsuan beteko balituzte, bakeari buruzko goi bilera bat egingo lukete Ukrainako eta Errusiako agintariek, Alemaniakoarekin eta Frantziakoarekin batera. Horri begira jarri zen atzo Boris Grizlov Moskuren mandataria: «Espero dut Kieven partetik ez dugula ikusiko eragozpen berririk indarren erretiroari buruzko akordioa oztopatzeko».

Erretiroei buruzko itunaren lehen negoziazioak 2016ko irailean hasi zituzten Ukrainak, Errusiak, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikek, eta besteak beste atzoko mugimenduak aztertzeaz arduratu zen Europako Segurtasun Lankidetzarako Antolakundeak (ESLA); azkenean, hiru urteren ostean, hitz egindakoa praktikan jartzeko aukera izan dute, ESLAko behatzaileek atzo baieztatu zutenez.

Aurten hasi dira Mosku eta Kiev keinuak egiten bien arteko harremana hobetzeko. Duela bi hilabeteko trukaketak izan zuen oihartzunik handiena: Errusiak eta Ukrainak 35na preso askatu zituzten, eta erabakia aurrerapausotzat jo zuten. Aske utzitakoen artean zeuden iaz Errusiak atxilotutako 24 soldadu ukrainarrak.

Ukrainako armadaren eta milizia errusiazaleen arteko gatazka 2014an hasi zen, eta, harrez geroztik, 13.000 lagun hil dira bi aldeen arteko borroketan, Nazio Batuen Erakundearen arabera. 2015ean, Ukrainak eta Errusiak su-eten bat negoziatu zuten Bielorrusiako hiriburuan —Alemaniako eta Frantziako gobernuen bitartekaritzarekin—, baina garai hartan adosturikoa ez errespetatzea egotzi dio batak besteari.

Tartean, erreferenduma egin ostean, Errusiak Krimea anexionatu zuen, eta Ukraina ekialdean Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak aldarrikatu zituzten.

Bi errepublika horien eremuek osatzen dute Donbass eskualdea, eta Ukrainako presidenteak, bakea negoziatzeari begira, autonomia handiagoa ematea mahaigaineratu duen arren, proposamenak protestak eragin ditu herrialdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.