elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Sanferminak berrasmatzen

2018ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Sanferminak hurbildu ahala, Astrainen balsa martxan jartzen zait burmuinaren zokoren batean. Uztailaren 7tik 14ra bitartean, iratzargailuaren deiak nagikeriarik gabe harrapatzen nau, entzierroa telebistan ikusteko; asteburuan ilobak izaten ditut lagun, handiak eta txikiak. Orain iloba txikiek duten adinerako baneukan sanferminen berri: Tonbolako txartelak La Pamplonesako txoferrari esker iristen ziren herrira. Zapatu arratsaldean mutil gazteak Iruñera joaten ziren; bueltan baratxuri sortak lepotik zintzilik zituztela etortzen ziren. Asko kosta gabe ikasi genuen sanferminetarako eskailera kontatzen duen kanta: «Uno de enero...»; izan ere, melodia ezaguna genuen, San Joan bezperan suaren inguruan abesten genuen Sanjuan dala-ren hura bera.

Iruñeko negu luze hotzean, ikaskideak sanferminez gogoratu eta momentico-ak kontatzen hasten zirenean, egun grisak zuri-gorriz tindatu eta bero bihurtzen ziren. Hori izan zen prestaketa, erritualez jabetu eta sanferminak barrutik bizitzeko. Hildakoak ere berpizten dituzten La Pamplonesaren dianak. Entzierroa Estafetako balkoi batetik ikustea. Zezen plazarako bidea peñekin egitea. Lagunaren etxean hoztutako xanpain botilarekin joatea plazako itzalera, eguzkipekoen ikuskizuna aurrean... Eta barraka politikoetan hitz eta pitz, eguna argitzen ari zela ohartzea.

1978ko uztailaren 8an, arratsalde beranduan, autoak zoroen pare Sarasate pasealekuan barna, leihatiletatik pañelu zuriak aterata. Sanferminetako beste erokeria bat zelakoan... poliziak zezen plazaren barruan erasoa jo zuela jakin arte. Laster, hildako bat ere bazegoela: LKIko German Rodríguez. Gau hura historian ikasten diren gau beltzenen parekoa izan zen: Gaztelu plazan zarata beldurgarria, manifestariek autoak joz ateratzen zutena. Haserrea eta amorrua burrundara bihurtuta. Hura izan zen sanferminen gaineko hegemonia politikoen borroka argi eta garbi bistaratu zen lehen aldia.

Hogeita hamar urte geroago, beste hilketa bat: Nagore Laffage Casasolarena. José Diego Yllanes psikiatrak burututako krimen honekin sanferminetako hegemonia joko nagusia etorri zen lehen planora: emakumeen kontrako indarkeriarena. Akorduan, 1974ko arratsalde batean kuadrillarekin biltzera nindoaneko sentipena: eskerrak baneukan babesa sanferminetan lasai ibili ahal izateko; emakumezko bat bakarrik joatea jazarleen esku ipintzea zen. Damua, orduan esperimentatutakoa ez partekatu izanagatik ozenago.

Interneten sanferminetako irudiak bilatu eta oraindik 2012ko haiek ateratzen dira, txupinazoan udaletxeko plazan ateratako eszena iraingarri haiek. Lau urte geroago izan zen Angel Boza, Jesús Cabezuelo militarra, Antonio Manuel Guerrero guardia zibila,Jesús Escudero eta José Angel Prendak emakume bati egindako bortxaketa, Laffageren hilketa bezala, enblematikoa bihurtu den erasoa. Nafarroako Auzitegiak kasu honetan izan duen jokabideak orain arteko bi hegemoniak bedeinkatu ditu: talde politikoen artekoa eskuinaren alde guardia zibil eta militar akusatuak tartean etaemakumeen kontrako indarkeriarena matxismoaren alde.

Sanferminak birpentsatu, berregin eta berrasmatzeko prozesuan daude. Joseba Asiron alkateak esan berri du zezenen inguruko eztabaida egin beharra daukala gizarteak. Aurretik, azken urteotan, emakumeekiko indarkeriaren kontrako neurri eraginkorrak hartu ditu Iruñeko Udalak. Gizartean mugimendu azkar, zabal eta sendoa plazaratu da, feministak gidari. Aurtengo festak iragartzen dituen kartelean ez dago ez zezenik, ez adarrik, ez odolaren gorririk. Txupinazoa Motxila 21 taldeko musikariek botako dute. 2018ko sanferminak bueltarik gabeko inflexio puntua izan daitezke izango ahal dira hegemonien aldaketan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.