elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

'Ostia!' eta guzti

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenean buruzagi katalanen kontrako epaiketa hasi behar zuen egunaren bezperetan, behin eta berriz zetorkidan gogora Burgosko Prozesuko garaia. Oroitzapena ez zetorren pentsamendu logikoaren bidetik, sentsazioen sokatik baizik, esparru emozionaletik. Artean institutuko ikasle ginenok kalean estreinatu gineneko abendu gris eta hotz hartako airea zen; Mario Onaindiak «Gora Euskadi!» oihua bota zuenekoa, auzipetu guztiak Eusko Gudariak kantatzen hasi zirenekoa... Istorio guztiak berera ekartzen enpeinatzen denaren papera jokatu nahi ez, eta oroimen kapritxosoaren kutxan artxibatu nuen burutazio hura. Harik eta Iñaki Petxarromani hauxe irakurri nion arte: «Burgosko Prozesutik Espainian egindako epaiketa politikorik garrantzitsuena hasiko da gaur» (BERRIA, 2019-02-12). Auzitegi Gorenekoak bazeukan loturaren bat 1970ekoarekin.

Hiru egun geroago, Laia Altarriba kazetariak egunkari honetan bertan idatzitako zutabean jakin nuen Benet Salellas abokatuak argitaratu berri duela Jo acuso. La defensa en judicis politics liburua, eta bertan, historia garaikideko beste epaiketa sonatu batzuen artean —Dreyfus kasua, Rosenberg anai-arrebena, Ulrike Meinhofena, eta abar— Burgosko Prozesua aztertzenduela. Salellasek azpimarratzen duena da ETAko militanteen estrategia izan zela epaiketa Francoren erregimenaren kontrako auzi bihurtzea. Eta lortu zutela helburua, nazioartean piztutako elkartasun uholdearekin eta oihartzun zabalarekin.

Benet Salellas Jordi Cuixarten defentsan diharduen abokatu taldeko kide da. Joan den asteartean Omnium Culturaleko presidente ohiak Goreneko aretoan eman zuen deklarazio saioan, suma daiteke Salellasek bere liburuan aipatzen duen estrategia horren aztarna. Cuixartek pilota guztiak harrapatu eta tanto egitea lortu zuen. Aitorpen honetatik hasita: «Preso politikoa naiz, baina ez politikari presoa, ez naizelako politikaria, gizarte ekintzailea baizik». Eta bide horretatik jarraituz: «Kartzelan sartu gaituztenean —bera eta Jordi Sánchez, ANCko presidentea— Kataluniako gizartearen erreferente bihurtu gaituzte, independentismoaz haratago. Kartzelatu gintuzten arte ezezagunak ginen».

Abilezia erakutsi zuen Cuixartek bere espainiartasuna ere azaleratuz: ama Murtziakoa duenez, erdi espainiarra dela. Edo, bere jarduna ez dela Kataluniarako bakarrik, Espainia osoko herritarren alde baizik. Ironiaz eta umore finez zipriztindu zuen, bestenaz erabat grafiko eta ulerkorra zen diskurtsoa, ostia! eta guzti. Aldi berean, irmotasuna eta sinesgarritasuna zerien bere hitzei. Eta, azken batean, desobedientzia zibilaren aldarrikapen sendo eta unibertsala borobildu zuen. Cuixarti entzun, eta bere borrokan inplikatu egiten zaitu. Ez da harritzekoa epaile eta fiskalen aurrean erakutsi zuen jarrera horrek lau mila bazkide gehiago ekarri izana, egun horretan bertan, Omnium Culturali.

Hain zuzen ere, Omnium faktorea analizatzen zuen Antoni Batista kazetari beterano katalanak hurrengo egunean argitaratutako artikuluan (BERRIA, 2019-02-26). «(Omniumek) politikan ez, baizik hain justu kulturan aritzea du lehentasun, eta horrexek ematen dio indar berezia. Politikak bereiz baitezake kulturak batu duena. Subiranismo kulturalak malgutasuna ematen du; hain zuzen, subiranismo politikoan batzuetan faltan sumatzen den malgutasun bat». Apuntatzeko moduko oharra.

Hori baino lehen, beste baieztapen hau ere egiten zuen Batistak: epaiketa kultura katalanaren kontrakoa ere badela. Kultura eta hizkuntza katalanaren aurkakoa, esango nuke, Marchena epaileak Joan Tardà diputatuari bere hizkuntzan aritzea ukatu zionean garbi geratu zen bezala. Estatu espainiarreko kultura eta hizkuntza periferiko guztien kontrakoa. Kultura eta hizkuntza ezberdinak ditugun herritarron aurkakoa. Burgosko Prozesuaren oroitzapen urrun bezain ezabaezinak badu, dagoeneko, senidea: Procés-aren aurkako makro-epaiketarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.