elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Identitate arazoak

2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Coripeko Interes Turistiko Nazionaleko festaren irudiak ikustean irauli egin zitzaidan barrua. Halabeharrak batu egin ditu Aste Santuko ospakizun espainiarrak eta Espainiako gorteetako hauteskunde kanpaina, eta, azkenean, Sevillako herri horretako antzezpen laidogarriakeman dio errematea berez jada esperpentoa zenari. Bide batez, Pedro Sanchez presidentea ez da gai izan txintik ere esateko Coripeko bere alderdikideei.

Zekena eta zikina izan da kanpaina, bereziki penintsularen periferia geografiko eta animikoan kokatuta egon arren, Madrilgo gortearen indar zentripetoa pairatu behar izan dugunontzat. Erresistentzia proba horretan, zartada batek jota geratu nintzen hilaren 20an, Aberri Egunaren bezperan, Iñigo Urkullu lehendakariari entzun nionean telebistako albistegian «euskal hauteskundeak» direla gaurko hauek. Zur eta lur. Ondo jaso ote dut? Zalantzatik irteteko, sartu nintzen EAJren kanpainako orrian, eta bai, hortxe aurkitu nuen lehendakariak Bastidan emandako hitzaldiaren testua: «Hasteko eta behin, argi eta garbi, apirilaren 28ko hauteskundeak, EUSKAL hauteskundeak dira. Zer esan nahi du horrek? Arabak eta Euskadik lau urteetan Madrilen izango duten ordezkaritza aukeratzen dela. Gure ordezkariak aukeratu behar ditugu. Araba, Bastida eta Euskadiren alde arituko diren ordezkariak». Segidan, gaztelaniaz: «El domingo 28 de abril las Elecciones son VASCAS». (Letra larriz EUSKAL eta VASCAS).

Garbi dago Madrilen arituko diren euskal ordezkariak aukeratuko direla gaurko hauteskundeetan, baina horrek euskal bihurtzen al ditu hauteskunde horiek? Partekatzen dut lehendakariarekin garrantzia daukala Madrilgo Gorteetan diputatu eta senatari ganorazkoak izateak, baina jakinekoa da haien eraginkortasuna mugatua dela ezinbestean, Estatu osoaren errepresentazioan daukaten partaidetza murritzarengatik. Eta hori, gainera, joko-zelaiaren beste aldean, kanpainan Euskal Herrira Errekonkista planean etorri diren Pablo Casado, Albert Rivera, Santiago Abascal eta konpainia daudenean. Euskal hauteskundeei esker etorri al dira? Nola dei dakioke euskal kanpotik inposatuta datorkigunari?

Xenofilia gehiegizkoak nahasmena eragin dezake identitate kontuetan. Urkullu izan zen, lehendakari izendatu aurretik, 2012an, Basque Country marka bultzatzen lehena, eta hala segitzen du gaur egun ere: esan berri du marka hori indartzen jarraitu nahi duela. Nahikoa ez nonbait Basque Tour —turismoaren euskal agentzia—, Basque Team, Film Basque Country, Wind Energy Basque Country eta enparauekin.

Herri honek bere buruari eman dion izena Euskal Herria izan da, euskararen herria. Euskaltzaindiak 139. araua eskaini zion izen horri 2004an. Bertan xehetasun osoz dator dokumentatuta izen hori nola azaldu izan den historian zehar agiri idatzietan; XVI. mendean, Leizarraga lapurtarrak heuscal-erria idazten du eta Lazarraga arabarrak eusquel erria. Hurrengo mendean, Axular nafarrak euscal herria; XVIII.ean Euscalerria darabil Larramendi gipuzkoarrak. XIX. mendearen bukaeran Californiako Eskual Herria astekaria argitaratzen zuten Los Angelesen—ingelesaren esparruan— eta La Platako Eskual Herria Buenos Airesen. Euskaltzaindiaren arauak baieztapen hau ere egiten du, adibideetan oinarrituta: «Euskal Herria eskuarki erabili izan da ideologia eta pentsamolde alor guztietan». «Euskal Herri nerea ezin zaitut maite» kantatzen zuen Xabier Letek. Euskal Herri guztiak biltzen dituen Euskal Herri beti zail hori.

«Espainia modernoaren esperimentuak Hego Euskal Herria birrindurik utzi du. [...] Gaurko Euskal Herria gizarte desintegratu bat da administratiboki, politikoki, sozialki, linguistikoki, kulturalki. Identitate apurtu bat da». Joxe Azurmendik idatzia Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk liburuan (Elkar, 2018). Identitate apurtu hori berregiteko ahaleginean, mesedez, ez nahastu Coripeko desmasiarekin lardasten gaituen Espainia beltz hori eta Euskal Herria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.