Angel Erro.
JIRA

Bakar bat ere ez

2020ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Ikurra izatea gaitza da, sakrifizio handiak eskatzen ditu, zer esanik ez ikurra izatearen nekeari diziplina militarraren menpe egotearena gehitzen bazaio. Oker ez banago, guardia zibilen azken erantzulea edo ia azkena Barne Ministroa da. Eta Grande Marlaskak argi esan du: «Guardia zibil bat ere ez da Nafarroatik aterako». Atxiloketa ilegalaren atarian dagoen agindu zuzena ematen du. Nafarren arteko nafarristenak ere tarteka ateratzen dira Nafarroatik, sanferminetako builatik ihesi edo kostaldeko bigarren etxebizitzara. Baina nekeza da ikurra izatea. Ongi dakigu. Eta aginduak agindu dira. Berez ez daude Nafarroan trafikoa gobernatzeko. Hala balitz, behin eskumenak galduta (legeak aurreikusi bezala), beste destino edo beste betebehar bat emanen zitzaien, are beste foruzaingoan sartzeko aukera ere. Antena 3ko tertulia bat ikusita, argi gelditu zait ezetz. Bertan Elisa Benik foraltasun lezioa ematen dio («bihotzez») nafarra omen den Carlos Peña delakoari; bertan beste tertuliakide batek argi esan du: arazoa ez dira eskumenak, ez da isunak nork jartzen dituen, Guardia Zibilak sinbolizatzen duena baizik. Arrisku-gehigarria kendu eta ikur-gehigarria jarriko diete, Nafarroatik ezin ateratzea konpentsatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.