Angel Erro.
JIRA

Bi muxu

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Txiste edo meme bezala zirkulatu du: Lehenago, email-ak «kaixo» batekin hasten nituen. Orain [Harrotasuna eta aurrejuzkuak filmeko fotograma bat, non Colin Firth aktoreak, Mr. Darcyrena eginez, esaten duen:] «espero dut etxean denok ongi egotea» batekin. Modu berean, elkarri idatzi diogunean agurra ere aldatu da. Nago orain besarkada eta muxu gehiago opa diegula elkarri. Batzuetan esplizitatu eta guzti egiten dugu, «hau guztia amaitzean» elkarri zor diogun besarkada estu eta muxuen promesa eginez.

Denok dugu besarkada edo muxu zor gutxi-asko. Are hainbeste maite ez dugunarekin ere. Itxialdia laxatu ahala, espero dut gogoeta egiteko ere balia dezagun: gizalegez eman ditugun besarkada eta muxuetatik zenbat ziren ez hain beharrezko. Jende berriaren ezaupidea egitean zergatik eman(arazi) behar dizkiegu bi muxu aurpegian emakumezkoei? Badira ohitura sozial batzuk ederki gal zitezkeenak. Gizonezko batzuk ere agurrezko bi muxu horiek ematen hasi dira, hasi gara, berdintasunaren izenean agian. Baina eskua eskaintzea ere berdintasuna litzateke, edo «hau guztia amaitzean» inposatuko den moda berria, goiko txiste edo memean bezala, seguruenik Jane Austenen pertsonaiek gorde ohi duten urruntze sozialean inspiratuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.