Angel Erro.
JIRA

Munduko zaharrena

2022ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Guztietan fama efimeroena munduko emakume edo gizonik zaharrenarena da. Aldiro aldatzen dira izenaz eta nazionalitateaz. Baina hor daude notizietan beti. Adin orobat aldakor baina halere zorabiagarriarekin. Errekor garaiezina, ez bada beren buruarengatik. Berriak argazkia dakarrenean, ez dute ematen gehiegi disfrutatzen ari direnik beren gailur egoeraz. Beharbada ez dute ulertu ere egiten haietako askok. Isilik eta soraio, behea joak, estatua jarrera izaten dute. Izan ere, oroigarri bat dira, baina zerena? Susmoa dut inor gutxik desira duela horren zaharra izatera iristea, ez hiltzeko gogo orokortuarekin kontraesanean dagoela dirudien zerbait. Baina kontu honetan zaila da erdibidea, lausoa.

Batzuetan zientziaren ahalmenaren aurrelari hautatuak direla iruditzen zait, gizadiak askoz urte gehiagoz iraun dezakeelako egiaztapen bizidunak. Izan ere, ez dira dagoeneko esaten hasi gizakiok hemendik gutxira 120 urtera arte biziko garela? Haiek, oraingo ehun eta koskatik gorakoek, beren adin handitik begiratzen gaituztela esanen nuke, ideia burutik kendu nahian baina etsiak hartuta. Zertarako nahi duzue hain luze bizi, mundu guztia ongi bizitzeaz hain argi ezaxolatzen ari zaretenean?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.