elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Bipolaritatea udan

2019ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Udako albumaren azalean kontzertu bat daukat, eta kontrazalean beste bat. Lehenengoa ekainaren 22an izan zen, Tolosako Urkizu auzoan, Et Incarnatus orkestrarekin; hogeigarren urtez eman zuten solstizioko kontzertua Iraolako pagadian. Mozart eta Haendelen piezak bezala, Maixa eta Ixiar eta Alaitz eta Maiderrenak, rapa barne. Izan ere, zeberiotarren saga musikalak asko du Hamelingo txirularitik, eta ohituta daude beste artista batzukbiltzen beraien inguruan. Aurten bereziki hunkitu ninduena, Astrainen Balsa, sanferminen iragarlea.

Eta hain zuzen ere, Iruñean izan zen bigarren kontzertua, beste harribitxi bat. San Zernin elizan, hil honen 4ean, Valentin Larrea (Gabiria 1876-Iruñea 1970) musikagilearen obrak jo zituen Itxaso Aristizabal pianistak. Berezitasuna: pieza horiek ez daudela inon grabatuta, beraz, estreinaldimodukoa izan zen Iruñeko kontzertua, lo zeuden partiturak berreskuratu eta entzungarri eginda.

Bi horiek izan dira niretzat aurtengo udako ekitaldirik jendetsuenak (abuztuaren 10ean Altsasukoak Aske plataformak antolatutako bilkuraz gain). Gainontzean, masifikaziotik urruti, gutxi eta bakan izatearen plazerra dastatu dut, gutxi eta bakan sentitzeak dakarren elkarren arteko konplizitatearekin. Goierriko herri batean, okindegiko saltzaileak definitu zuen abuztuko desertuaren mapa: gehienak hemengo kostaldean egongo dira, beste batzuk Kataluniakoan, eta gainerakoak Alikantekoan. Herrian derrigorrean geratu behar izan zutenen artean egon zitekeen Aupa, Etxebeste!-ren sindromeak jotakorik. Izan ere, abuztuko desertifikazioak baditu bere arazoak.

Kutxako atean emakume adindua sinetsi ezinik bulegoa itxita dagoela astegun buruzurian; kartelean esplikazioa: abuztu osoan itxita; behartuz gero, jotzeko halako bulegora... alegia, sei kilometrora dagoen herrikora. Kalean, kanpoko bisitari batzuk, fruta non eros dezaketen galdezka. Ba... mmm... hemen, inon ez, frutategia itxita baitago. Kontua da abuztuan bipolar bihurtzen dela gure ingurua; bipolarra kostaren eta barrualdearen arteko kontrastearekin; bipolarra, industria eta turismorako zerbitzuak kontrajarrita. (Bipolarra diodanean, ez naiz ari gaixotasun mentalaz, polo kontrajarri biren arteko jokoaz baizik).

Aurten polobitasun horrek goreneko maila jo du abuztuaren amaiera aldera Miarritzen, G7koen bilerarekin, eta G7 Ez! eta Alternative G7 plataformek antolatutako kontragailurrarekin. Trump eta konpainiaren izenean ezarritako segurtasun logistikak erakutsi du nola okupatu eta kontrola dezaketen lurralde bat, hainbat herrialdetako poliziak —bertakoak barne— dantzan jarrita; nola trabatu eta eragotz dezaketen herrialde horretako jendearen eguneroko jarduna inpunitate osoz. G7a zerbait izan bada, botere erakustaldi iraingarria izan da, inperioen eta kolonizazioaren garaietara garamatzana. Lotsagabea eta… lotsagarria.

Kontragailurra eragozteko, poliziez gain, alarmaren argi gorriak piztuta zituen kontrainformazioa erabili dute. Gailurraren kronika sozialerako, berriz, aparteko garrantzia eduki dute ukitu folklorikoek. Kanbon, Arnagako sarreran, Brigitte Macron gidari zutela, mundua maneiatzen duten agintarien emazteei eskainitako euskal dantza saioa; Miarritzeko Hôtel du Palaisen Oldarra abesbatzak emandako kontzertua, non Erresuma Batuko lehen ministroak deskubritu omen zuen euskara izeneko hizkuntza bat existitzen dela... Dena osatzeko, pilotariak, Ezpeletako piperrak, alpargatak, lingerie basque... Honezkero, turismoaren eragileak ari dira G7-ko tourraren erreplika prestatzen datorren denboraldirako. Bide batez, gentrifikazioak aurrera egingo du Miarritzen eta inguruetan, etxeen prezioak gora eta gora.

Bipolaritatearekin segituz, badira gizateriarekin adiskidetzen zaituzten ekimenak, hasieran aipatutako kontzertuak, adibidez. Kontrara, badira gizaberearen miseria gordinenak burdin goriz markatuta daramatzaten jarrera eta jokabideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.