elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Kartzelan jaiotako ondarea

2019ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Irudi bat geratu zait grabatuta begi ninian: hain zuzen ere begi nini bat irudikatzen duena, Euskal Herriaren mapa bihurtutako begi ninia, begi urdinaren erdian. Jon Bienzobas presoaren obretako bat da, bere herrian, Galdakaon, jarri duten Ziegako leihotik erakusketan ikusgai. Telebistak eskainitako plano iheskorretan, tankera ezberdinetako koadroak sumatu ditut, baita maskara moduko eskultura txikiak ere, buztinez egindakoak agian; esango nuke estilo dilettante samarra ageri dela. Nolanahi ere, Bienzobasen artelanak ez dira joan kulturako atalean, politikakoan baizik. Albistea, PPko buruzagiek joan den asteartean, Torrezabal kultur etxearen aurrean egin zuten escrache-a baitzen; agerpen horrekin eman zioten hasiera Alfonso Alonsok eta konpainiak azaroaren 10ean egingo diren Espainiako Kongresurako hauteskundeen kanpainaurreari. Segidan etorri zen Jaurlaritzaren adierazpena, Bienzobasen erakusketa kentzeko eskatuz Galdakaoko Udalari. Bitartean, Espainiako Auzitegi Nazionalak errefusatu egin zuen Covitek egindako eskaera erakusketa debekatu zezan; izan ere, Alejandro Abascal magistratuak ez du ikusi arrazoirik erakusketa biktimekiko umiliazio eta mespretxu ekintzatzat jotzeko.

Galdakaoko gertakariak badu aurrekaririk. Duela hiru urteko azaroan, antzeko eztabaida lehertu zen Gipuzkoako hiriburuan, Donostia 2016 Fundazioak erabaki zuenean preso etapreso ohi batzuen obrak kentzea Koldo Mitxelena kulturuneko Giltzapekoak erakusketatik. Pablo Marte, Aitor Izagirre eta Marion Cruza komisarioek salatu zuten Donostia 2016ek «zentsuratu» eginzituela presoen lanak —marrazki batzuk, koadro bat eta bideolan bat—. Pablo Berastegui Donostia 2016ko zuzendariak eta Denis Itxaso kultura diputatuak onartu zuten obra horiek kendu zituztela «ez edukiarengatik, terrorismoaren biktimak mindu zitzaketelako» baizik. Arazoa, beraz, bai orduko hartan eta baita oraingoan ere, egiletza presoena izatea da.

Prisons and Exils izenburua jarri dio William Douglass antropologo estatubatuarrak Joseba Sarrionandiaren poemen ingelesezko antologia aurkeztu berriari. Douglassek izenburuan ez omen du torture hitza sartu idazleak berak nahi ez zuelako. Hala ere, ingelesezko irakurleek guardia zibilen kuartelean jasandako torturaren arrasto ezabaezina topatuko dute liburuan. Idatzi lehendik egiten bazuen ere —aldizkarietan— preso zegoela hasi zen Sarrionandia liburuak argitaratzen: Izuen gordelekuetan barna (1981), Narrazioak (1983), Ni ez naiz hemengoa (1985)...

Egia esan, euskal literaturak dezente zor dio kartzelari, arrazoi politikoengatiko atxilotzeari. Iparragirre bere kantekin herritarren supiztaile izateagatik sartu zuten «giltzapean... poliki-poliki» Tolosan, eta hortik sortu zitzaion Nere amak baleki abestia. Orixek Gurs-eko kontzentrazio eremuan egindako egonalditik atera zuen Idorreria poema ez preseski epikoa, atxilotuaren arazo fisiologikoak hizpide. Lauaxetak Gasteizen preso zeukatela, heriotzaren zain, idatzi zuen bere azken poema, Agur Euzkadi , Antton Valverdek kanta hunkigarri bihurtu zuena. Artera salto eginda, Agustin Ibarrolak, 60ko hamarkadan, bera pairatzen ari zen kartzelaldiko eszena lazgarriak ispilatu zituen grabatuetan.

Preso guztiak ez dira idazle edo artista bihurtuko, baina espetxeak, oztopoak oztopo, ematen du literatura, arte plastikoak edota musika lantzeko beta eta motiboa. Hainbat alditan instantzia politiko batzuetatik horrenbeste haizatu izan den birgizarteratzearen erreminta funtsezkoak izan daitezke jardun horiek. Birgizarteratzea, zentzurik jatorrizkoenean ulertuta. Jon Bienzobasek bere lanak herritarrei erakustea ikuspegi horren baitan ulertu behar da. Bide batez, ETBko albistegian eman zituzten galdakoztarren adierazpenek erakusketa onartzearen bidetikjotzen zuten. PPren escrache-ak eta Jaurlaritzaren jarrerak ez bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.