Samara Velte.

Nork betetzen ditu hutsuneak?

2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Europako hauteskundeak hurbiltzen direnean hasi ohi gara eskuin muturraren gorakadaz kezkatzen. Joan den asteburuan Bavarian izandako bozak ere seinaletzat hartu dituzte askok. Alderdi tradizionalen gainbehera, ezkerraren zatiketa eta eskuin muturraren igoera ohiko lerroburu bihurtu dira; horiek azaltzeko, baina, beste banaketa mota bati buruz ere mintzatzen hasi dira hainbat analista. Bavarian, Berdeek lehenbiziko aldiz lortu dituzte parlamentura sartzeko mandatu zuzenak: guztiak hirietan. Aldiz, eskuineko alderdiek landa guneetan lortu dituzte boto gehien.

Eskuin muturrera «ihes» egiten duten boto-emaileen soslai estereotipatu bat sortzeko beharrari erantzuten diote, neurri batean, kategorizazio horiek. AfDren moduko alderdi berriek esangarria denaren eremua zabaldu dute, eta legitimitate horretara ekarri dituzte eskuin mutur tradizionaleko hainbat jarrera eta iritzi. Eskuin muturra «kezkatutako herritarrak» dira orain; euren «beldurrez» hitz egiten da tertulietan eta gobernuetako prentsaurrekoetan, azalpen logikoen bila: langabezia handiko eta garapen ekonomikoan atzean geratutako inguruneetan bizi direla, hiriburuetako ingurune kosmopolitak ezagutu ez dituztenak, eta frustrazio horrek eragin duela gero aniztasun eta parekidetasunezko ideien aurka proiektatzen duten gorrotoa.

Finean, sentimendu bat argudio politiko bihurtu da, eta intolerantzia, adierazle sozioekonomiko. Horrela naturalizatu da egiaz erabat soziala den arrangura mota bat, Carolin Emcke kazetariak Gorrotoaren aurka (Gegen den Hass, 2016) liburuan argudiatzen duenez. «Orain, jendea ez dago soilik konbentzituta arrazoia daukala: besteei printzipioz eraso egin diezaiekeela ere uste du. Autokontzientzia horrek ingurune zabalago baten beharra dauka: babestuta eta bultzatuta sentituko den ingurune bat behar du. Eta hori jada ez da soilik bazterreko espazioetan gertatzen: gizartearen erdigunera iritsi da».

Non sortzen da babes irudipen hori? Kontrako presio sozialik ez dagoen espazioetan. Emckeren ustez, Alemanian gertatzen ari diren eraso xenofoboak iheslarien aterpeen aurkakoak, adibidez— ez dira gauza berria, baina lehen giro sozialak gogorrago zentsuratzen zituen. Orain, ahuldutako eta barne gatazketan kateatutako ezker batek baino ez ditu egiten kontrakotasunezko diskurtso herabeak.

Aski zabalduta dago ezkerrak gauzak gaizki egin dituelako hazi dela eskuin muturra. Hala uste dutenek argudiatzen dute eskubide sozialen eta aniztasunaren aldeko mugimenduek ez dutela asmatu herritar «arruntentzako» eskaintzak egiten: arreta arrazakerian edota genero parekidetasunean jarrita, ez dela alemantasunaren ikuspegi positiborik sustatu, eta hutsune horretan eskuin muturrak ezarri duela bere iruditeria. Finean, lehen aipatutako gatazkaren ideia erreproduzitzen da: hiriko biztanleria kosmopolita eta multikulturala, landa guneko biztanleria arrazistaren aurka. Edo, beste era batera esanda: globalizazioaren irabazleak eta galtzaileak.

Pentsaera horretatik sortu da orain Sahra Wagenknechten #Aufstehen (Jaiki) korrontea, eskuin muturreranzko boto-jarioa geldiarazteko asmoz. Izenetik bertatik hasita, azken urteotan nazioartean sortutako ezker populistaren familiakoa da: traolak Twitterreko belaunaldiari dei egiten dio, izenak mezu inperatibo sinplea dakar; finean, politika etxeko sofatik jarraitzen duen boto-emailearentzako gonbidapena da. Wagenknecht Die Linke alderditik datorren arren, erabaki kolektiboak saihestu eta liderraren figura nabarmentzen du, eta masa hedabideen bidez komunikatzen ditu bere mezuak. Teknikoki, #Aufstehen ez da alderdi bat: bere burua mugimendu gisa definitzen du, eta askotariko norbanakoak dauzka bere posta-zerrendan; nagusiki sozialdemokrata eta berde frustratuak erakarri ditu oraingoz. Finean, alemantasuna ulertzeko modu berri bat proposatzen du, elitismorik gabea, lelo eta erantzun sinpleen bidez boto-emaile «arrunten» masak bereganatu nahi dituena.

Proposamenaren atzean dagoen hausnarketa interesgarria den arren—norbere tabuek hutsik utzitako espazioak berriz okupatzen hastea—, proposamenak hainbat arazo ekarri ditu. Alde batetik, Alemaniako ezkerraren fobia historikoetako bat piztu du: nazionalismo positibo bat ezeren oinarri izan daitekeenaren ideia. Irudipena ematen du haren mezuen hartzailea landa guneko gizonezko langile zuri bat dela; hura mimatu behar dela orain, bestela eskuin muturrera ihes egingo duelako. Hain zuzen ere, dagoeneko leporatu diote Wagenknechti diskurtso arrazistari legitimitate gehitxo ematea, Angela Merkelen 2015eko migrazioaren udari egindako kritika batzuekin bat egin duelako.

Bestetik, arriskutsua da eskuin muturraren gorakada ezkerraren akatsekin soilik lotzea: auzia lege batzuk aldatuta edota baliabideak modu parekoagoan banatuta konpon litekeela iradokitzea da. Wagenknechtek arrisku hori hartzen du «gu arduratuko gara zuen arazoez» dioenean. Egiaz, badira alderdien eskumenetik at dauden eragin ugari: Alemaniako estatu soziala abiada bizian deseraiki zuten 1990eko hamarkadan, besteak beste, sozialdemokratek bultzatutako agendagatik. Bertan, neurri neoliberalak eta sozialki aurrerakoiagoak zirenak bateratu zituzten. Sindikatu nagusiek, historikoki, uko egin diote lan politikoari; eta, oro har, enpresek parlamentuek baino erabakimen handiagoa duten garai batean bizitzeak ere ez du gehiegi laguntzen herritarren identifikazio politikoa sustatzerakoan. Testuinguru horretan, ulertzekoa da langileek euren buruari galdetzea zertarako bozkatu behar ote dituzten alderdi laboristak. Eta proiektu politikoa erortzen denean, azpiko geruzei eutsi ohi diegu: identitate nazionalari edo erlijiosoari. Kasu honetan, AfDk eskaintzen dituen oinarriak dira baliagarri. Galdera da nazionalismo hutsal positibo baten ideia aski ote den horri buelta emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.