'Maleficarum' feminista

Nerea Barjola - Politologo feminista

2019ko urtarrilak 27
Genero ideologia bakarra existitzen da modu objektiboki perbertsoan: ideologia matxista. Eta hori ez da balio iritzi bat, baizik eta logika estatistiko makabro batean oinarritzen den zerbait: inkisizio patriarkalaren eraginez hilak, sexualki torturatuak, jazarriak, tratu txarren hartzaileak eta epaituak izan diren emakumeen inguruko estatistikan oinarritua, hain zuzen. Ez dago beste genero ideologiarik; genero ideologia bakarrak heteropatriarkatu du izena. Has gaitezen hortik. Ez dut erabiliko bestelako terminorik horretaz mintzatzeko; orain artean genero ideologia deitu izan diozuen hori matxismoa baino ez da, itotzeko zorian ari dela garrasika eta ohi bezain gordin erantzunka.

Oraintxe, feminismoak argi eta garbi pribilegio maskulinoak eztabaidaren muinean jarri dituen honetan, estrategia bat da zuek diskurtsoaz baliatuz gure arrazoibideen izen ona zikintzea, eta estrategia horrek zuen arrastoak ezabatzen ditu, oraingoz, baina ez zuen iragana. Genero ideologiaz mintzo zaretelarik, eta deabruzko indar edota deabruaren lan hitzekin lotzen duzuelarik, modu ezinago argitsuan ari zarete agerian uzten nondik zatozten eta non iraun nahi duzuen: esanahi horien bidez, mintzo naiz inkisizio santuaz eta haren epaitegiez, eta matxismoaz, misoginiaz eta feminizidioaz. Hori dena baitzarete.

Michael Foucault filosofoak baditu lerro batzuk ezin hobeto datozkidanak zuek darabilzuen diskurtsoaren ildo estrategikoa azaltzeko: «gertatzen den orotik, ez duzu ulertuko, ez duzu hautemango hauxe baino: ulergarri bihurtua izan dena, iraganetik tentu handiz hartua izan baita; eta, egoki mintzaturik, gainerakoa ulergarri egiteko izan da hautatua». Baldin eta sarraskia ez bada zuzeneko aukera bat —historia duzue horren berme—, indarka jabetu behar izaten duzue diskurtsoaz: alegia, statu quo sexualak bere hartan iraun dezan, egia bat sortu behar da, eta halakotzat defendatu. Argi dago askoz ere errazagoa dela aspaldidanik erroturiko egia matxistak errepikatzea, teoria kritiko feministak hiru mendean emandakoak irakurtzea baino, ahalik eta adierarik gehienetan sakondu ahal izateko pertsonen gorputzari, autonomiari eta askatasunari buruzko arrazoibideetan.

Egiaz, genero ideologia terminoa darabilzuenean, ilusiozko efektu bat sortzen duzue, gizarteari ulergarri zaion egia bat, zeinaren atzean ezkutatu. Praktikan, indarkeriarekin segitzeko deialdi enkriptatu bat egiten duzue, kode atabiko baten modukoa izango balitz bezala, estruktura sozial oso bati lotua. Arlo sinbolikoari bagagozkio, karranka imajinatzen zaituztet, kantika bat errepikatuz, zuen aliatuei deika, ideologia matxista erreibindikatuz. Eta horretan diharduzue, gainera, diskurtsoaren itzalpean egoteak dakarkizuen zigorgabetasunaz. Estrategia agerikoa da, genero ideologiaz mintzo zarete disuasio maniobra moduan, argiro; Agambenen hitzetan, «lege jakin bat betez, zeinaren arabera gizonari nazka ematen baitio beraren antzekoa dela igar dakiokeen edozerk».

Vox jokaleku politikoan agertu izanak berretsi egiten du diskurtso hori barneratzen ari dela arlo sozialean, eta, horregatik, haiek aintzat ez hartzeak, haietaz ez hitz egiteak ez ditu desagerraraziko. Kontua ez da haiei publizitaterik ez egitea, kontua da diren-direntzat hartzea: arriskutsutzat.

Horretatik guztitik, beharbada, honek kekatzen nau gehienbat: Voxen goraldia ez zaiola zor soilik eta esklusiboki biztanleriaren sektore bat interpelatzea lortu izanari; aitzitik, nire iritziz, karamelu bat da, kontu handiz elikaturikoa eta erregimen politiko-matxistak berak pozoitua. Alegia, funtzio berrezarle hutsa du, eta gainerako eragile politikoen babespean dago, zeinek beldur berbera baitute: feminismoaren aurrerabidea. Estrategia hori bestela ere adieraz daiteke: «Denak bere hartan jarraitzea nahi badugu, denak aldatu behar du», Lampedusak Gattopardo eleberrian dioenez. Ez gara hain aspaldi ere aritu eztabaidan nola hobetu Genero Indarkeriaren Aurkako Lege Integralaren punturik ahulenak, eta, hala ere, orain kalera irten beharrean gara hura indarrik gabe utz ez dezatela exijitzera. Horra hor zuen genero ideologia. Horixe da zuek praktikatzen duzuen genero ideologia bakarra.

Gu geu erabat konbentzituta gaude, zuen erasoei erantzuten bainoago, aldiro gero eta feminismo biziagoa sortzen eta aktibatzen ari garela. Gure pentsamenduak, gure arrazoibideek, bizikizunek, esperientziek pertsonen askatasuna errespetatzen dute: indibiduala, sexuala, identitarioa, bai eta haien gorputzari zein desirari dagokiona ere. Feminismoak desegin egiten du irmoki zuen totalitarismoa. Ate ireki bat da, ni-aren askatasunari irekia, haren existentzia, iraganbide eta kontraesan posible guztiekin, beldurrik gabe, inposiziorik gabe, errurik gabe. Ideia irmo baten adierazgarri gara: gizakiaren nahimena eta askatasuna errespetatzea. Eta hori arriskutsua bada zuentzat, orduan izen bat duzue: fatxak; eta ideologia bat —hori ere generoari dagokiona—: faxismoa; eta faxismo oro da patriarkala. Eta patriarka oro da faxista.

Ea, hartu arnasa, hartu haizea, atera bularra, altxatu eskua, eta utzi kanpora irten dadin, egin garrasi: bai, egia da, fatxak gara.

Eta irmo erantzungo dizuegu: feminismoa, feminismoa eta feminismoa. Gaur, emakume denok gaude kalean. Den-denok.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna