Berrikuntza, sustraitua eta balioetan oinarritua

Paul Rios eta Gorka Espiau - Agirre Lehendakaria Center

2019ko otsailak 17
Berrikuntzan pentsatzen dugunean, iPhone-a eta Silicon Valley etortzen zaizkigu burura zuzenean. Biak iraultza teknologikoaren, enpresa berrien eta merkatu berrien paradigma gisa ditugu. Baina eginagatik distira, denak urre ez dira; bi adibide horiek alde ilun bat dute, eta orain arte ez gara hasi hura ikusten.

University College London-eko Institute for Innovation da berrikuntzaren arloko nazioarteko zentro nagusietako bat. Han, aditu ospetsuenetako batzuk biltzen dira, gaur egun gizarteak dituen arazoentzako irtenbide berritzaileak bilatzen dituztenak. Aditu horietako batek, Marianna Mazzucatok, erreferentzia bilakatu den liburu bat argitaratu zuen: The Entrepreneurial State. Bertan, frogatzen du berrikuntza erradikal guztiek inbertsio publikoan dutela jatorria, eta iPhone-aren kasua erabiltzen du horretarako. Inbertsio publikoari esker asmatu ahal izan ziren Internet, GPSa, ahotsa ezagutzeko sistema eta beste hainbat teknologia; eta inbertsio hori gabe ez zen posible izango iPhone-a eta beste asmakizun arrakastatsu batzuk sortzea.

Institute for Innovationeko beste adituetako bat, Charles Leadbeater, Euskadin izan da duela gutxi, berrikuntzari eta enpleguaren etorkizunari buruzko bere ideiak eta hausnarketak plazaratzeko. Mintegi batean, gogor mintzatu zen: «Silicon Valley mirari teknologiko bat da, amesgaizto sozial bat eta hondamendi ekologiko bat. Gizarte guztiz disfuntzional baten eredua da».

Kaliforniako Unibertsitatearen ikerketa batek frogatu berri duenez, Silicon Valleyko soldatak jaisten ari dira, eta diru gehien irabazten duen %1en diru sarrerek bakarrik egiten dute gora. Eta han, 160.000 dolar irabazita ere zaila da etxe bat alokatzea eta familia bat osatzea. Gaur egun, San Frantzisko osoan arazo larriak dituzte erizainak eta irakasleak kontratatzeko. Hona hemen zein den horren guztiaren oinarria: aberatsenak are aberatsago izateko diseinatua dagoela dirudien sistema bat.

Berrikuntza teknologikoaren eta enpresa garapenaren arloko erreferentziazko espazio tradizionaletako batzuk dira Silicon Valley bera (AEB), Londres (Erresuma Batua) eta Singapur. Leku horietako bazterketa eta desberdinkeria mailak inoiz baino handiagoak dira, eta begi bistakoa da horrek nolako kaltea egiten duen gizarte osoan: etxegabeen kopurua, etxebizitzen prezioa, osasun gastuak, enpresetako eta erakundeetako oinarrizko eginkizunak betetzeko gai diren pertsonak kontratatzeko ezintasuna, eta abar. Gaur egun, zientifikoki froga dezakegu inklusiorik gabeko teknologian zenbat eta gehiago inbertitu, orduan eta handiagoa izango dela desberdinkeria. Pertsona eta enpresa gutxi batzuek oraindik etekina ateratzen diote eredu horri; baina, gizarte osoan, kontrako eragina du, eta lehiakortasunari kalte handia eragiten dio.

Hori dela eta, kontu handiz ibili behar da berrikuntza prozesuak eta eredu indibidualista batean oinarrituriko ekintzailetza prozesuak sustatzeko orduan. Izan ere, eredu indibidualista hori nazioartean arrakastatsuak izan diren kasuak imitatzen saiatzen da, eta kasu horiek errealitate oso konplexu eta askotan ilun bat ezkutatzen dute. Horren adibide dira start-up enpresak: garaje batean sortzen dira bultzatzaileen bikaintasunari esker, baina inguruko errealitatetik guztiz deskonektatuta; eta irabaziak azkar lortzeari ematen diote lehentasuna, ez komunitate osoa garatzeari.

Manuel Castellsek ondo baino hobeto azaldu zuen: «Informazioaren kapitalismo mundialaren arrakasta garaiak erlazio estua izan zuen indibidualismo mugagabean, liberalismo ekonomikoan eta optimismo teknologikoan oinarritutako kulturaren hegemoniarekin». Jarraian, hau adierazi zuen: «Munduko kapitalismoaren edozein funtsezko berregituraketa sozioekonomikok berekin dakar kultura ekonomiko berri bat sortzea —portaera bideratzen duten balioen eta sinesteen multzo jakin bat—».

Ibarretxe lehendakaria esaten ari da aspalditik: kultura da gakoa. Eta balio indibidualistetan eta onura pertsonaletan oinarritutako berrikuntza eredu baten aldeko apustua egiteak ez du egingo desberdinkerian oinarritutako sistemak indartu besterik. Eredu horiek, zeharo bidegabekoak izateaz gainera, merkatuan eraginkortasun eta lehiakortasun txikiagoa izan ohi dute. Egoera horretan daude Latinoamerikako, Afrikako eta Asiako herrialde gehienak; eta, agian, Europa ere hala egongo da laster. Beharrezko bihurtu da bultzada bat ematea berrikuntza prozesuei, betiere giza garapen iraunkorraren ikuspuntutik ulertzen badute lehiakortasuna, eta, beraz, oinarri gisa badituzte berdintasunaren sustapena, onura kolektiboa, elkarlana eta garapen komunitarioa.

Ez dago asko urrundu beharrik inspirazio iturri izan daitezkeen ereduak aurkitzeko. Leadbeaterrek berak esan zuen Mondragonen kasua askoz eredu hobea zela aurrez aipatutakoak baino; adibidez, Silicon Valley baino. Eta zer esanik ez euskararen berreskurapen prozesua, Guggenheim museoa, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana, eta Euskadiko hirugarren sektorearen indarra.

Euskadik esperientzia dauka, eta kultura bat. Kultura hori gure portaerari eragiten dioten balioen eta uste kolektiboen multzoa da, eta garrantzi handia eman izan dio taldeari. Ez da abiapuntu txarra. Hortaz, aukera daukagu etorkizuneko erronkei aurre egiteko beste ikuspuntu batetik, eta ikuspuntu horretan kontuan hartzeko elkarri entzuten jakitea, adimen kolektiboa erabiltzea, prototipoak garatzea, eta publikoa eta pribatua elkarlanean aritzea plataforma eta mugimendu integratzaileetan. Beste modu bat da berritzeko, eta geure eredua da, pertsonak eta haien giza garapena erdi-erdian jartzen dituena. Guztion mesederako berritzea da, eta ez gutxi batzuen mesederako.

( Erredakzioan itzulia )

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna