Txema Ramirez de la Psicina

Askatasuna

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun

Demokraziaren festa omen da gaur. Badakizue, bozka emateko eguna. Katalunian, berriz, ez da festarako girorik. Hitz bat iltzatuta geratu zait azken egunotan: rauxa. Oso hitz katalana da, seny famatuaren antonimotzat hartzen da. Manuel Castells soziologoaren esanetan, hitz horrek ongi ilustratzen du Kataluniako kaleetan bizitzen ari den egoera. Bidegabekeriak gainezka egiten duenean eta instituzioek bide garbirik eskaintzen ez dutenean, rauxa loratzen da; bat bateko oldarraldia, alegia. Hona hemen fenomeno hori interpretatzeko asmoz zirriborratutako bost apunte xume eta gogoeta apal bat.

Leherketa. Manuel Castellsek duela hamabost egun La Vanguardia egunkarian kaleratutako artikuluan (Explosiones sociales / Leherketa sozialak) argi uzten zuen rauxa-ren kontua. Bartzelonan bizitzen ari dena ez da soilik Katalunian ematen den fenomenoa. Beste horrenbeste gertatzen ari da Santiago de Chile, Hong Kong edota Quitoko karriketan. Bere ustez, protesta horien arrazoiak desberdinak dira, baina manifestazio baketsuetatik liskarretara igarotzeko prozesuan pilatzen diren argudioak antzekoak dira. Areago esan du: «kaleetan sumatu den indarkeria puntual horren iturria belaunaldi oso baten frustrazio politikoa da». Eta frustrazio horren iturria ez da soilik Espainiako estatua, baizik eta baita independentismo politikoko buruzagiak ere, egoerak eskatzen zuen maila eman ez dutelako. Errepresioak sortutako efektuez ere ohartarazi du: «Zenbat eta gazte gehiago jipoitu, zenbat eta preso politiko berri gehiago sortu, orduan eta rauxa handiago». Gehiago zehaztu du: «Zenbat eta gehiago errua anarkistei bota, orduan eta anarkista gehiago agertuko dira, hori delako estatu autoritarioaren aurkako ideologia».

Deskonexioa. Kataluniako gizartean Espainiarekiko bizi den desafekzio sentimendua komunikabideen kontsumoan ere islatu da. Estatuko herrialde gehienetan gertatzen denaren kontrara, Katalunian Tele5 edo Antena 3 ez dira gehien ikusten diren telebistak, TV3 baizik. Irratien kontsumoari dagokionez, katalanezko irratiak jaun eta jabe dira dialean. Papereko prentsaren liderrak ildo editorial unionista duten La Vanguardia eta El Periódico kazetak badira ere, agerkari digital independentistek dezenteko igoera izan dute azken hamarraldian, baita urteetan ehundu den tokiko hedabideen sareak ere. Espainiak ez du katalan gehienen bihotza limurtu, besteak beste, kontsumo mediatikoan ere unionismoak beherantz kotizatzen duelako. Prozesu graduala izan da, etenik gabea. Kataluniak switch off botoiari aspaldi sakatu zion, gurean ez bezala. Horregatik Espainiako iritzi publikoa eta Kataluniakoa ez datoz bat, ez direlako osagai berberez elikatzen. Espainiako gobernu berriak TV3 goitik behera kontrolatuko balu, rauxa hori gehiago handituko litzateke.

Erreferenduma. Espainiako ezker berritzailearen arrosa zirudienak arantza zorrotzak ditu. Moncloako maizterra modu ezin esplizituagoan mintzatu da kanpaina honetan: «Kataluniako independentzia ezinezkoa da. Ez da posible, ez da legala, ezin da egin. Ez legezko erreferendumak kode penalean sartuko dira. Zigortuko ditugu». Elkarrizketaren ordez, epaiketa, borra, kartzela, erbestea eta preso politiko gehiago iragarri ditu. Bihotzean mina, kalean sumina. Espainiako presidentea PSOE/PP estatu ituna prestatzen ari da. Pedro Sanchezen aholkulari famatu Ivan Redondoren ametsa beteko da orduan. Duela hiru urte eta erdi, Pablo Iglesiasek Ivan Redondori La Tuerka saioan egindako elkarrizketaren amaieran, egun Sanchezen spin doctor nagusiak, topa egiteko unea iritsi zenean, hauxe aitortu zuen: «Gustatuko litzaidake, behingoz, herri honetan [Espainian] ezkerra eta eskuina ados jartzea». Horrela balitz, baliteke Madrilgo Gortean momentuko barealdia bizi izatea. Katalunian eta Euskal Herrian ordea, samina ez da gozatuko; sumina eta rauxa, berriz, bai hauspotuko.

Legez kanporatzeak. Aste honetan, Iñigo Urkullu lehendakariak ohikoa ez duen adierazpen instituzionala egin du. Ortega Smith faxistak EAJ legez kanpo uzteko mehatxua egin eta gero, Ajuria Eneko maizterrak bere rauxa azaldu du, hotsandiko sendotasunez honakoa esanez: «EAJ ez ezik, Eusko Jaurlaritza ere aurrean izango gaituzte». Jarraian, mehatxu horren aurrean, PP eta C's alderdiek azaldu duten mututasuna gordin kritikatu du. Bitxia da gero, lehendakaria haserretu egin da bere etxea zirrimarratu dutenean, eta ahaztu egiten zaio 2003az geroztik Euskal Herrian hamar legez kanporatze baino gehiago izan direla. Aholkuak ditut salgai, baina niretzat ez ditut nahi. Hala ere, eta berripaper honetan Iñaki Petxarromanek idatzi duen bezala, «orain jarrera aldatzea eta erantzun bateratu bat emateko prest agertzea ona litzateke, legez kanpo zein utziko duten begiratu gabe».

Ametsen lapurrak. Duela zortzi egun, Eskoziako presidente Nicola Sturgeonek hauxe esan zien Glasgowko George Square plazan bildu ziren 20.000 jarraitzaileri: «Itxi begiak eta pentsatu erreferenduma irabazi dugula. Bilakatu dezagun ametsa errealitate». Laster agertu zen Boris Johnson amets hori zapuzteko, gaur egun toriek erreferendum hori ez dutela ahalbidetuko esateko. Duela bost urte David Cameronek kontrakoa egin zuen. Ametsen lapurrak globalizatu egin dira eta ez dira agintariak bakarrik. 2012an Unai Iturriagak, Larrepetit sailean honela deskribatzen zituen ametsen lapurrak: «Ez dira estatua, polizia, patronala, justizia-aparatua, ezta armada ere baina hobebehar orokorra dizute aipatuko; sotilki erreprimituko; afektiboki esplotatuko». Ametsen lapurrek ere rauxa baino ez dute areagotzen.

Gaur gauean foku asko Katalunian zentratuko dira, baita Madrilen ere, jakina. Nago, ordea, gaurko egunaren erronka globalagoa dela, ametsen lapurren lurraldeak ez baitu mugarik. Txile, Hong Kong, Quito eta Londres dira horren lekuko. Ametsen lapurrek izua zabaltzen dute. Ametsen lapurrek hitz sakratuenen esanahia ere bahitu dute. Egun, askatasuna eta demokrazia aldarri iraultzaile bihurtu dira. Horraino ere iritsi dira. Ez dakit horretaz jabetu garen. Nire kezka: euskal gizartea gai izango ote da bihartik aurrera sakonduko den inboluzio autoritario horri aurre egiteko? Gaur, inoiz baino gehiago, basakeriaren aurrean ozenki aldarrikatu behar da gauza sinple bezain ederra: askatasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.