Txema Ramirez de la Psicina

Distopiatik utopiara?

2020ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Ekaitzaren osteko barealdi arraroa bizi dugu. Barealdi? Bihar normaltasunera itzultzeko lehen fasean sartuko garela diote. Inkognitak dira nagusi. Beldurrak airean eta kezkak bihotzean. Emakume bat negarrez azaldu da aste honetan albistegian. Jende askok gal daitekeen ia guztia galdu du: senideren bat, lanpostua, taberna, dendatxoa... Dena. Zerbait ikasi al dugu? Zein normaltasunetara bueltatuko gara?

Horretaz jardun zuen Fermin Etxegoienek apirilaren 30ean ETB1en zuzendu zuen programa txukunean. Izena, Imajina ezinak hizketan. Kazetari eta idazleak hogei gonbidaturi galdera hauxe luzatu zien: Barrutik aldatuko gaitu bizitzen ari garen honek guztiak? Aurrez pentsa zitekeen bezala, inor ez zen ausartu aurreikuspen biribilik egitera, zaila baita duela pare bat hilabete imajinaezina zena hemendik bi urtera nolakoa izango den irudikatzea.

Distopiatik utopiarako tranbia ez da egunero igarotzen. Nahiak eta errealitatea sarritan nahasten ditugu. Kontzientzia errazegi lasaitzen dugu: nahiko nuke, egingo nuke eta horrelako esamoldeen atzean. Baina beti dago bainaren bat, aitzakiaren bat, gure utopia izorratzen digun kabroi malapartatu bat, kanta momenturik poetikoenean kamusten digun baba lorea, unerik erotikoena zapuzten digun kakalardoa.

Shock egoeran gaude oraindik. Asko dugu jokoan. Mundu osoko (eta hemengo) elite ekonomiko eta politikoek lanean dihardute, normaltasun berrira egokitzeko planak diseinatzen, pentsatzen eta birpentsatzen; gure hurrengo hamarraldietako bizimodua markatuko duten irizpide estrategikoak hartzen, fintzen eta erabakitzen, inongo parlamentuko oniritzirik jaso beharrik gabe. Aurreko krisialdiak baztertu zituen sektoreak justizia garrasika eskatzen ari dira. Oinarrizko eskariak: ogia, lana eta askatasuna. Beren kontu korronteak zenbaki gorritan daudela egiaztatzen duten berberak betilun, ahoa bete hortz, geratzen dira telebistatik isurtzen den zirimiri instituzionalari begira: Osalan, Auzolan, ETEzaleak gara... Mundurik irrealenean bizi garela dirudi. Errealitate birtual gordinean.

Bi hilabete hauetan konplizitateak ehundu, borondateak batu eta jendarteko harremanak sendotu egin dira. Memorian iltzatuta geratuko zaigun 2020. urte honen hasieran pentsaezinak ziruditen fenomenoak gertatu dira orain, hiru edo lauzpabost hilabete geroago. Gauza on asko. Balio komunitarioak —lankidetza eta elkartasuna, kasurako— barra-barra hedatu dira gure geografiako hainbat auzo, herri eta komunitatetan. Elite politiko eta burokratikoetatik at gauzatu da hori, oso modu zeharkakoan, adinekoei laguntzeko batik bat, inori galdetu gabe ea subiranista, unionista, abertzale, iraultzaile edo erreakzionarioa ote zen, oso modu naturalean. COVID-19ak izua eta miraria obratu ditu. Heriotza eta itxaropena. Suntsipena eta sormena. Samina eta maitasuna.

Aipatu programan Hedoi Etxarte idazle nafar eta berripaper honetako kolaboratzaileak zioen bezala, jendartean sumatzen da badagoela halako «intuizio on» orokor bat, sentimendu oso hedatu bat zeinak esaten duen oraingoan gauzak bai edo bai aldatu behar direla, dela osasun publikoa hobetzeko, dela bizitza erdian jartzeko, dela botere publikoei guztion ongia exijitzeko. Krisi honek kalteberenak ziren sektoreak birrindu ditu, fisikoki batzuk (adinekoak) eta ekonomikoki besteak: proletario prekarizatuak, gazteak, ezkutuko ekonomian zihardutenak, migratzaileak, emakumeak, kultur sortzaileak, autonomoak, euskararen langileak, enpresaburu txikiak... Gai izango ote gara distopiatik utopiara igarotzeko? Hori da erronka. Bernardo Atxagaren ustez, aldaketak nekez ematen dira. Harriaren metafora erabili zuen: «goraka botatzen duzu harria, eta oso urruti botatzen baduzu, ematen du txoria dela eta alde egingo duela, baina harria harri da eta erori egiten da». Hala ere, geroago, itxaropentsu agertu zen. Bere ustez, «halako egoera bat bizi izan eta gero, jendea arimaz aldatzen ez bada, benetan joan dadila harritza batera, seguru asko han, harrien artean, topatuko baititu bere kideak. Horrek esan nahiko luke harri koxkorra dela eta horrek ez du erremediorik». Baina bere ustez gehienok ez omen gara harri koxkorrak. eta gertatzen ari zaigun hau guztia «onerako izango da».

Ez gaitezen, ba, okertu. Denok ez gaude barku berean. Intuizio orokor eta unibertsala dirudien hau ez dugu denok modu berean interpretatzen edo bizitzen. Ez gaitezen lelotu. Benetan uste al dugu ez gaitu(ela) inork geldituko?; hau da, ZIUetako langile heroiek arima hunkitzeraino kantatu diguten melodia horren filosofiak elite politiko eta ekonomikoa ere blaitu duela? Prosa ederreko kantu leunak eta euforia karamelizatuak ongi daude momentuko malkoak xurgatzeko eta elkar zenbat maite dugun adierazteko. Baina sistema bera ukitzen denean, adi: bromarik ez. Arreta eman zidan Etxegoienen programa horretan zein garbi hitz egin zuen Deustuko irakasle, soziologo eta ideologo jeltzale gipuzkoar Xabier Barandiaranek. Seguru asko globalizazio eredua zenbait arlotan birpentsatu beharko dela aitortu eta gero, hauxe esan zuen: «Gauza bat da gabeziak ikustea eta horiek aztertzea eta hobetzea, eta beste bat egoera hau erabiltzea sistemari buruzko beste ikuspegi bat gailendu ahal izateko. Iruditzen zait hori ez dela zorrotz jokatzea, ezta zintzo jokatzea ere». Sistemaren ardatzarekin, beraz, broma gutxi, konpai. Garbi dago. Zergatik ez dute Moncloatik edota Ajuriaenetik krisiaren kudeaketa sozializatu nahi izan? Asko dago jokoan eta ez dute beren pribilegiozko kokalekua partekatu nahi.

Hurrengo aste eta hilabeteotan, aldez eta moldez, goitik eta behetik, airez, lurrez eta itsasoz, narratiba ofizial bat nagusituko zaigu: «Hau enbata gogor bat da, lokamuts ikaragarria, baina pasako da. Zerbait aldatu beharko da, noski, baina funtsezko kontuak ez, inola ere ez».

Gizartean gauzak errotik aldatzeko beharra ikusten duten sektoreak ez badira gai sentimendu hori agendan kokatzeko, ideologiaz hornitzeko eta egituraz sendotzeko gureak egin du. Hau beste enbata bat izango da. Akaso besteak baino mingarri eta hilgarriagoa bai, baina, pasako da. Horixe, osatzen ari den narratiba ofiziala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.