Txema Ramirez de la Psicina

Etxeko Analytica

2020ko urriaren 11
00:00
Entzun
Kosta egiten da. Asko saiatu arren, benetan zaila da bizi dugun egoera aldrebes honi alde positiboa bilatzea. Edonondik begiratuta, ezkortasuna eta ziurgabetasuna dira nagusi: osasungintzan, ekonomian, politikan, gizartean eta kulturan. Tribuna publiko bat izanez gero, badirudi behartuta zaudela artikulu guztiak ikuspuntu positibo batekin amaitzera. Ez dakit. Nik, ordea, betidanik nahiago izan ditut egoera gordinaren azterketa zorrotz eta zehatza egiten duten pertsonak, abagunearen sasi-analisi karamelizatuak saltzen dizkiguten optimista konpultsibo eta sinpatiko horiek baino.

Hilabeteotan, pandemia zital honetan, nork ez du maite duen norbait modu ankerrean galdu, nork ez du ZIUn hil ala biziko egoeran izandako norbait ezagutu, nork ez du etxean lana galdu duen norbait, nork ez du bigarren edota hirugarren itxialdia pairatu, nor ez da komunikabideetan entzun/ikusitako kaikukeriekin sumindu? «Mundua hankaz gora dago, Txema», esaten zidan aitaginarreba nuen Joxemaik. Xalo-xalo, burumakur. Bihar, hilabete bat birusak artoski eraman zigula.

Analistak harrituta daude Trump edota Diaz Ayuso bezalako pertsonaiak nola heldu diren iritsi diren tokira ikusita. Arazoa, ordea, ez dira Trump, Ayuso, Bolsonaro, Johnson, Salvini edota Orban. Horiek arazoak baino gehiago sintomak dira. Izan ere, ustez demokratikoak izan diren hauteskundeen bitartez aukeratuak izan dira buruzagi horiek guztiak. Benetan izan dira demokratikoak?

Christopher Wylie Cambridge Analytica enpresan ikerketa-zuzendaria izatera ailegatu zen informatikariak idatzi duen liburuan (Minf*ck, 2020), gauza asko kuestionatzen dira, baita ustez demokratikoak diren prozesuen zilegitasuna ere. Ez da soilik 'brexit'eko erreferendumean edota 2016ko AEBetako eta Brasilgo hauteskundeetan gertatu. Beste horrenbeste egin zuen Cambridge Analyticak Australian, Trinidad eta Tobagon edota Nigerian, besteak beste. Egun joera hori —albiste faltsuak, infodemia, etab.— handitu ez ezik, ugaritzen ari da. Berripaper honetako Uste ustelak erreportaje-sorta adierazle ezin aproposagoa da.

Sare sozialak pertsonak elkartzeko plataforma gisa sortu ziren, mundua komunikatzeko asmoz edo. Baina zerbait gehiago ere badira gaur egun; datu sorta erraldoiaren euskarri, adibidez. Teknologia burmuina baino askoz azkarrago garatu da azken bost urteotan. Horren jakitun daude iritzi publikoan eragina izan nahi duten botereak. El gran Hackeo (2019) eta El dilema de las redes sociales (2020) dokumentaletan, esaterako, garbi azaltzen da egun sare sozialak nola bihurtu diren boterea lortzeko gudaleku eta arerioa suntsitzeko bide. Eta helburuok lortzeko asmoz, ikaragarria da algoritmoek eskaintzen duten aukera. Gure ahulguneak eta zalantza-eremuak agertzen dira hor; den-dena. Eta horiek identifikatu eta baliatu ondoren, gure jokabidean eta pentsamoldean eragina izatea ez da oso konplikatua. Sare sozialek, Netflix-ek, HBOk eta enparauek dena dakite gutaz: serie bat gustukoa dugun ala ez, atal hori amaieraraino ikusi dugun ala ez, zein musika-mota dugun atsegin, zein den gure joera sexuala, baita, nola ez, zein alderdiri ematen diogun botoa ere. Algoritmoek gu geu merkantzia bihurtu gaituzte, saltoki handi batean jarri gaituzte salgai. Burtsan bezala, gure kotizazioa egunero aldatzen da, ditugun jarraitzaile, atsegite edo like-en arabera. Facebook-ek erabiltzaile bakoitzeko 5.000tik gora datu metatzen ditu. Eta algoritmoen informazioa erabiltzen ari diren horiei demokrazia eta klima aldaketa, kasu, bost axola zaie. Bost. Aipatu bigarren dokumental horretan, amaieran, garbi gelditzen da: «Utopiaren eragile izateko bokazioz diseinatutako tresnak distopiaren ingeniari bihurtzen ari dira». Christopher Wylieren liburuaren azpitituluak honela dio: Cambridge Analytica, mundua ezegonkortzeko trama.

Etxean Gizaker Analytica dugu, aldiro EAJri, barka ETBri, guztion diruarekin inkestak prestatzen dizkion enpresa soziologikoa. Duela pare bat aste edo, etxeko telefono finkoan Gizakerreko agente baten deia jaso nuen, Espainiako monarkiari buruzko inkesta bat erantzun nahi ote nion galdezka. Erantzun nion. Handik egun batzuetara, urriaren 2an, Iñigo Urkullu lehendakariak, Parlamentuko mintzatokitik, solemnitate osoz eta begirada legebiltzarkideei zuzenduz, lerroburu xelebrea oparitu zion munduari: «Espainiako monarkiak errepublikanizatu behar du». Aho bete hortz geratu ginen asko. Jokaldia urriaren 4an biribildu zen ETB2ko 360 grados saioan. Bertan, Gizakerrek Espainiako monarkiari buruz EAEko herritarrok dugun iritziaren berri eman zigun. Lehendakaria spoiler lanetan ibili zen, beraz. Bide batez, inork galdetu al dio Urkullu jaunari nola demontre errepublikanizatzen den monarkia bat? Zer izango da hurrengoa, ustelkeria demokratizatzea edota, Zugazart-ek Gara-n proposatu duen bezala, «pobrezia aberastu»? Ez dago gauza absurdoagorik karramarroari «hoa xuxen» esatea baino.

Kirtenkeriaz harago, serioagoa da joan den astean jakin dugun bestea: Jaurlaritzak Europako funtsetatik 2.712 milioi euro jaso nahi ditu AHTaren obrak egiteko, hara non eta —hau da bitxiena— «ekologia, energia eta ingurumen trantsizioa» deritzon atalaren barruan. Horrez gain, 1.706 milioi Iberdrolarentzat eskatu ditu, eta beste 330 Petronorrentzat. Oso komunikabide gutxik altxatu dute ahotsa.

Amaitu behar da. Irakurle ikusezinak esaten dit artikulu honetan zerbait aldatu behar dudala, bestela jendea gehiago hondoratuko dudala. Beranduegi da. Tokirik ez. Karaktereak agortu zaizkit. Kreditua amaitu da. Leihotik ikusten dudan panoramak, ordea, animoa jasotzera gonbidatzen nau. Ilunabarra da. Badaiako mendilerroaren profila zerumugan marrazten da. Pandemiak hori, behintzat, ez digu lapurtu. Haize-erroten siluetak, lirain, mendilerroaren gailurrean ageri dira. Hegalak, topera. Eguzkia, laino artean, bere tokitxoa egiteko borrokan ari da. Minutuero aldatzen da panorama, baita gure egoera ere. Bihar ere argituko du egunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.