Txema Ramirez de la Psicina

Etika digital berria

2022ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
New York. 2016. AEBetako hauteskunde kanpaina jarraitzen ari ziren komunikabideak harri eta zur geratu ziren Donald Trumpen adierazpen honekin: «Bosgarren Etorbidearen erdi-erdian geratu eta norbaiti tiro egin niezaioke eta, hala ere, ez nituzke boto-emaileak galduko». Adierazpenok ez zuten inolako ondorio judizial edo politikorik izan.

Cardaño de Arriba. 2022. Palentziako herririk altuenean gaude, 1.420 metrotan. Erroldaren arabera, hiru pertsona bizi dira bertan. Hotz itzela egiten du. Udaro zenbait familia —batzuk euskal herritarrak— elkartzen dira bertan, ingurumenaren joritasunaz gozatzeko. Aurten, abuztuak 9 zituen, eta termometroak 30 gradu seinalatzen zuen. Erabat ezohikoa. Erabat harrigarria bertokoentzat ere. Bazkalostean geunden, giro ederrean, txupitoak gora eta behera, Cardiel errekaren alboan, urki baten abaroan. Mahaikideetako batek urteak daramatza Madrilen lanean. Bertan bizi den giro itogarria honela deskribatu du: «Egun, Ayusok edozer egin lezake; esaterako, Sol plazara atera eta lauzpabost herritar hil eta, hala ere, ez litzaioke ezer gertatuko. Jendeak berari botoa ematen jarraituko luke». Han eta hemen, txakurrak oinutsik.

Nola iritsi gara hona? Andoni Olariagak aste honetan (BERRIA, azaroak 8) deskribatu duen Internazional erreakzionarioaz gogoratu naiz. Antzera jokatzen dute denean: AEBetan, Brasilen edo Espainian. «Elite progrea» dute jomugan, LGTBIQ+ kolektiboak, migratzaileak... Alternatibotzat jotzen dute beren burua (Alt-Right) eta zuzentasun politikotik at ibiltzea maite dute. «Gu gara sumindu berriak», diote. Beren mezuetan adjektibo ugari irakurriko dituzue, baita instinturik baxuenetara eta emoziorik sakonenetara zuzendutako deiak ere. Oso seguru ageri dira, ongien ezkutatutako sekretuaren jabe baitira. «Hau ez duzu beste inon ikusiko», beren lelo faboritoenetako bat da.

Albiste faltsuek noranzko guztietan aktibatzen dute polarizazioa: aldekoak gotortu eta etsaiak ernatzen dituzte. Hala gertatu berri da Brasilen, eta baita, neurri apalagoan akaso, AEBetan ere. Batzuen ustez, Bolsonaroren porrotak fake-news-en urrezko garaia igaro dela adierazten du. Lularen aurkako albiste faltsuek (Lula, lapurra, ustela!) identitate bolsonarista ernamuindu badute ere, haren aurkako jarrera ere nabarmen gogortu dute.

Bistan da gorrotoaren diskurtsoak jende umil askoren gogoa konkistatu duela. Alferrik da, ordea, orain aieneka hastea. Hori guztia zergatik gertatzen den aztertzea da gakoa. Honatx galdera posibleetako bat: nola liteke Trump bezalako fenomeno batek —AEBetako iritzi emaile prestigiodun eta komunikabide indartsuenen kontrako iritziak dituena— horrenbeste oihartzuna izatea? Horrela izan al da beti?

Prentsa eta boterea

Kaliforniako Santa Barbara unibertsitate publikoko Gerhard Peters eta John T. Woolley ikertzaileek urteak daramatzate AEBetako hauteskunde presidentzialak aztertzen (The American Presidency Project egitasmoaren barruan). Beren datuak publikoak dira. Edonork eskuratu ditzake. Sarean daude.

2016ko hauteskundeetan, adibidez, AEBetako kazetarik garrantzitsuenen artean batek soilik eman zion espresuki babesa Trumpi. Beste 61ek Hillary Clinton aupatu zuten. Jakina da aurrena izan zela presidentea. Iritzi publikatua versus iritzi publikoa. Clinton sostengatu zuten kazeta dezentek Trumpen jarraitzaileen hira jasan zuten. Erredakzioen aurrean kontzentrazioak, harpidetzen baja ugari... Presio horrek eragina izan zuen 2020an. Duela bi urte zazpi egunkarik eman zioten babesa Trumpi. Bidenen aldekoak 44ra jaitsi ziren. Beste 44k «neutral» agertzea nahiago izan zuten (2016an 21 izan ziren). Trumpek galdu zituen hauteskundeak, nahiz eta 74 milioi boto izan. Bidenek 81 milioi eskuratu zituen.

Prentsak eta, oro har, komunikabide hegemonikoek sinesgarritasuna galdu dute, baita jendearengan eragina izateko ahalmena ere. Iritzi publikoa sortzeko mekanismoak aldatu egin dira azken bi hamarkadetan. Erabat, gainera. Kazetarik handienen babesa izateak ez du presidentetza bermatzen. Sare sozialetan ongi kokatuta egoteak, edota arerioa egoki zikintzeak... agian bai.

Hauteskunde lehiak ez dira batere leialak. Polarizazio ikaragarria bizi du munduak. Kosta ahala kosta, irabazteak balio du soilik. Berdin dio zein den bidea: gerrak, herrak ala ur uherrak. Ur garbietan igerian dabilena inozotzat hartzen da.

Bizkitartean, erabiltzaile digital arruntok hortxe dihardugu, egunero gure kontraesanetan katramilatuta. Big data XXI. mendeko urre likidoa dela jakinda ere, tema eta dema segitzen dugu gure datuak alaiki oparitzen: orain Elon Musk-en Twitter-i, bihar Mark Zuckerberg metabertsoari, etzidamu auskalo zein aplikaziori eta egunero, hamaika aldiz, Googleri. Musk, Zuckerberg eta enparauak aktore geopolitikoak dira, Ukrainako zeruetan bezala, lurrean ere.

Markus Gabriel filosofo alemaniarrak arrazoi du erraldoi teknologikoen boterea mugatu behar dela aldarrikatzen duenean. Ez. Gu ez gara erabiltzaile soilak. Proletario digital bihurtu gara. Bihurtu gaituzte. Baina ez gara batzen. Ez dugu ezer ikasi. Musu truk saltzen dugu gure eskulana, trafikatzaileek gainbalio horrekin etekin izugarriak izan ditzaten. Bakoitza bere kasara dabil (nabil, habil...), nor bere burbuilan, nor bere oihartzunaren hots biderkatua entzuten, nor bere mikrounibertso irrealean (eroso?), aldamenetik igaro denari erreparatu gabe. Gure pribatutasuna multinazional horiei oparitu diegu, gure iruditeria sinbolikoa eraikitzeko baimena eman egin diegu apenas zergarik ordaintzen ez duten lapur horiei. Apple, Microsoft, Amazon, Alphabet, Facebook, TikTok eta enparauek laster eskatuko dute jarleku bat Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian. Ez. Horrek ez du ezertarako balio. Segurtasun Kontseiluan egoteko eskubidea exijituko dute, beto eskubidea izateko. Ez al dute bada beraiek nazio eta estatu askok baino gehiago agintzen? Ez al dute bada beraiek egunero albiste faltsuen trafikoa ahalbidetzen? Ez al dira bada gure kontura egunero aberasten?

Munduko proletario digital guztiok, batu gaitezen. Aldarrika dezagun etika digital berria. Bestela, gureak egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.