Ezkerraldea

Krisiaren aurretik krisian zegoen eskualdea

2018ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Barakaldotik hasi eta Sestao eta Portugaletetik barrena Santurtziraino, Nerbioi ibaiak itsasoratzeko unean ezkerraldean dituen lau udalerrietan, 38 kilometro koadro eskasetan 217.000 pertsona bizi dira. Aldagai horretan, Portugaletek marka guztiak hausten ditu: 46.000tik gora pertsona bizi dira hiru kilometro koadrotan. Orografia dela-eta, Ezkerraldean lurrik ez daukate sobera, eta, gainera, horietako asko kutsatuak dituzte, garai bateko industria astunaren erruz. Hori azpimarratu zuten, legebiltzarrean egindako agerraldietan, Barakaldoko eta Sestaoko alkateek.

80ko urteetako industriaren moldaketarekin joandako fabrika eta ontziola handiak eta enpleguak ez dira sekula itzuli. Zerbitzuak dira nagusi inguruan, baina balio erantsi gutxikoak. Eta langabezia ratioak Bizkaiko eta Euskal Herriko batez bestekoak baino okerragoak dira aspaldiko urteetan, batez ere gazteen langabezian. 2008ko krisian beherakada nozitu zuen Ezkerraldeak enpleguetan, errenta mailan, pobrezia datuen areagotzean, baina ez zen izan Bizkaiak jasandakoaren adinakoa. Zergatik? Datuok aurretik ere ustez oparoagoak ziren garaietan oso txarrak zirelako eskualdean.

Zahartzea arazo handia da eskualdean, 65 urtetik gorakoen tasa Bizkaiko batez bestekotik gora dago, eta biztanleriaren hazkunde begetatiboa negatiboa da. Gainera, oso eremu kontzentratuan bizi diren adineko horiek etxebizitza zaharretan bizi dira. 1940ko urteen aurretik eraikiak asko, txikiak (75 metro koadro) eta igogailurik gabekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.