Itziar Diez de Ultzurrun Sagala.
ARKUPEAN

Brauliak dioenez

2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Brauliak dio (Euskal Herriko hiri buruzagiko seme-alabak ez zaretenok ez dakizuen arren, hala deitzen da Iruñeko erregina erraldoi beltza) Fermin Muguruzaren Black is beltza filmaren aurkezpen-saioaren ondotik hasi zutela eztabaida, baina berak aspaldi zerabilela buruan gai hura mahaigaineratzea. Dio inoiz edo behin saiatua zela afera azaleratzen, baina ez zuela sekula abagunerik topatu eta bere arrangura erdi pausatzen erdi usteltzen utzi zuela urte luzez. Filma ikusi eta gero, ordea, indar handiz etorri omen zitzaiola gogora New Yorken bizitako bazterkeria hura eta aspaldi handiko gertakaria izan arren bihotzean amorruaren pilpirak sumatu zituela oroitzerakoan nola zokoratu zituzten eta kalera irten utzi ez, nahiz eta bera eta Toko-toko izan Amerikako erregina-erregeak.

Brauliak dioenez, Golem zinemetatik etxera bidean hasi zen dena, Toko-tokori aipatu zioenean bazela garaia planto egiteko, kokoteraino zegoela Iruñeko karriketan barrena beltzak beti azkenak joan behar horrekin (Euskal Herriko hiri buruzagiko seme-alabak ez zaretenok beharbada ez duzue jakinen, baina Iruñeko zortzi erraldoiek oso arautua dute beren karrika-dantza: errege-erregina europarrak doaz lehenik, asiarrak ondotik, afrikarrak hirugarren eta, azkenik, amerikarrak, erran nahi baita, beltzak). Dioenez, filma ikusi eta gero argi ulertu zuen ez zela kasualitatea erraldoi beltzei konpartsan egokitua zitzaien lekua eta, beraz, egia baldin bazen Iruñeko zortzi erraldoiak kontinenteen eta kulturen batasunaren ikur zirela, bada, kontinenteen eta kulturen arteko harremanak irudikatzeko molde eraberrituak aldarrikatu beharra zegoela. Toko-tokok baiezkoa egin omen zuen buruaz, Brauliarenak aski hitz zentzuzkoak iruditu zitzaizkion-eta. Gainera, pentsatu zuen erregeak kokotsa goitituz, zirraragarria izanen litzateke Iruñean barrena erraldoi guztien buru joatea.

Brauliak dio Toko-tokoren pentsakizuna igarri zuela eta di-da argitu ziola, gaizki-ulertuak saihestearren, ez zuela soilik auzitan jarri nahi arrazen hurrenkera garaiz kanpoko hori, baizik eta asmoa zuela, orobat eta halaber, erreginak erregeen aitzinean joan zitezela proposatzeko. Brauliak dio Toko-tokok begiak arranpalo ireki zituela, baina erregea mingainaren puntaren puntaraino etorria zitzaion erantzuna irensteko bezain zuhurra izan zela, eta baiezkoa egin zuela berriro buruaz. Ondotik, bi erraldoiek gainerako erregina eta erregeei gaia plazaratzeko modu aproposaz jardun ei zuten etxera iritsi bitartean.

Brauliak dioenez, gainerako sei erraldoiak oheratzear zeuden arren, Toko-toko ez zen gauza izan gaia biharamunerako uzteko eta etxeko atea ireki bezain laster braust bota zien dantzan ateratzeko hurrenkeran zenbait aldaketa egin beharra zegoela. Joshemiguelerico errege europarrak heriosuharrean bota omen zion ezen tradizioak agintzen zuela europarrak joatea lehenik, eta gizonak joatea buru, eta tradizioari traizioa egitea litzatekeela desfilatzeko ordena aldaraztea; hil ala bizi defendatuko zuela betiko moldea eta, azken batean, erraldoi hutsak zirela: zuriak lehenak eta beltzak azkenak joateak ez zuen inolako ikustekorik arrazakeriarekin. Joshepamunda erregina europarrak deblauki eten zion esateko bera ere kokoteraino zegoela eta aspalditik zuela gogoa Esther Arata erregina asiarraren bikotekide ateratzeko. Larancha-la erregin afrikarrak Toko-toko amerikarrarekin dantzatzeko irrikan zegoela aitortu zuen gero.

Brauliak dio luze mintzatu zirela, orduak eta orduak, eta, azkenean, Joshemiguelericok berak ere eman zuela amore. Brauliak dioenez, Asiron alkateari gutuna igortzea erabaki dute, erraldoien karrika-dantzetan aldaketak egin daitezen eskatzeko. Gutunean esaten diote azaroaren 29an saiatu nahiko lituzketeela dantza modu berriak, San Saturnino egunean. Lasai egoteko ere esaten diote, jendeari aldaketa ttiki garrantzigabeak irudituko zaizkiela, inor ez dela asaldatuko. Azken finean, erraldoi hutsak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.