Buruhauste atsegina

Gero eta liburu gehiago ekartzen da beste hizkuntza batzuetatik euskarara, eta ugaritasuna bezain inportantea da lanon kalitatea. Aurten ere, munduko idazle interesgarri askoren lanak euskaratu dira.

Joannes Jauregi. Imanol Mercero
2019ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Euskal itzulpenak urtebetean eman duenaren errepasoa egin ahal izatea bera bada, inondik ere, pozerako motibo. Ez alferrik, hamaika ale aipagarri ditugu aurten; hainbeste, non buruhaustea ere baden horien guztien artetik bakan batzuk nabarmendu beharra. Atseginez hartzen den buruhaustea, baina; hainbat irizpide onar ditzakeena eta ezinbestean motz geratuko dena beti.

Narratiban, munduko narratzaile gailen ugari euskaratu dira aurten, eta alferrikakoa litzateke bat nabarmentzea besteen kaltetan. Esaterako, Alice Munro eta Kazuo Ishiguro Nobel saridunak ditugu, zeinak izango baitira seguru asko aurten itzuliriko literatur lanik onenak, barka hitz tabua. Maistra-maisulan hutsak batira Munroren Etsaiak, maitaleak... eta Ishiguroren Egunaren hondarrak, bi egileek ulertzen eta baliatzen baitute literatura bera adierazpen molde gisa. Beste makina bat narratzaile bikain ere euskaratu dira —Mario Benedetti, Jack Kerouac, Julian Barnes...—, baina, bat nabarmentzekotan, Yan Liankeren Balou mendikateko kanta nabarmenduko nuke, ez soilik itzulpen lanagatik —txineratik zuzenean euskaraturiko liburu bakanetakoa baita—, baizik eta baita narrazioaren bereziagatik ere, egileak mitoerrealismo deitzen duen horrengatik. Oihartzunik apenas izan duen altxor bitxi bat.

Poesiari dagokionez, ekoizpena apalagoa izan ohi da —are gehiago itzulpenaren alorrean—, baina beti egoten da nabarmentzeko moduko harribitxirik. Aurten, hain justu, literaturaren historian elkarrengandik gertu xamar egon ohi diren bi izen euskaratu dira, bakoitza bere aldetik; Alejandra Pizarnik Munduko Poesia Kaierak bilduman, eta Sylvia Plath Pasazaite argitaletxean. Peru Iparragirre kritikarikideak ederki azaldu zuen Pizarniken poesiaren subjektibotasunerako joera, eta nago haren hitzek bi poetentzat balio dutela: «Hain da indartsua bere ni poetikoa, irakurlea bere baitan hartzen duela, ni bakarra balego legez».

Saiakeraren eremuan, bereziki da nabarmentzekoa azken urteotan pentsamendu feminista ekartzeko egiten ari den lana eta lorturiko fruituak; urtez urte, Silvia Federici, bell hooks, Angela Davis eta beste hainbat irakurri ahal izan ditugu Eskafandra eta Lisipe bildumei eta Katakrak argitaletxearen jardunari esker. Alerik nabarmentzekotan, Eskafandra bildumaren azken alea hartuko nuke, Carole Patemanen Kontratu sexuala mardula, zeina metafora bat izan baitaiteke, ahalegin arrakastatsu horren seriotasun, sakontasun eta merezimendu guztiaren isla.

Horiek 2018an euskarara ekarritako ale batzuk. Aurrerantzean ere segituko dugu, noski, munduko literaturaren altxorrak geureratzen.

Haur literatura

Haur eta gazte literaturan ere izan da nabarmentzeko moduko itzulpenik. Gorri! —Alice Briere-Haquetek idatzia, Elise Carpentierrek marraztua, Jean-Louis Davantek euskaratua— (Ikas) album barre eragilea da, sinplea, egitura errepikakorrean gag sorta bat eskaintzen duena. Argi ibili, halere, darabilen umorea ez baita txepela. Ironia dario, alerik ale, amaierako azken ateraldira arte; zeinak otsoaren atzaparrak erakusten baititu, adimen bihurriko kontalari batek egingo lukeen eran.

Jacques Prevert-en 1943ko poema homonimo batean oinarriturik, Txori baten portreta egiteko-k (Pamiela- Kalandraka) nabarmentzen du zenbateraino den album ilustratua egungo literatur-sorkuntza baliabide puntakoena. Nola den gai testuen berrirakurketa egiteko, literatura unibertsalaren ekarpenak tresna berriekin zabaldu eta eguneratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.