elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Dantza, dantzan, dantzaz

2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Zakilixut kale kantoi hotzean, horman ezarrita dagoen Dantza filmaren kartelari begira, poz-pozik saltoka —dantzan ia-ia— eta ahoa estaltzen dion bufandaren atzetik jaulkitzen ditu hiruzpalau hitz: Ederra! Zorionak! Mila esker, koadrilla! Zakilixutek ere zoriondu dituela Dantza-koak (BERRIA, 2019-01-13).

Oraindik karteldegian dago Telmo Esnalek zuzendutako filma. Ez dakit zenbat jendek ikusi ote duen honezkero. Urtarrilaren 3an, ETBko albistegietan emandako erreportajean esan zutenez, hemezortzi mila ikuslerengana iritsi zen estreinatu ondorengo bi asteetan. Albiste horretan ageri ziren ikusleak Zakilixuten tonu berean mintzo ziren: Zoragarria! Bikaina! Batek esan zuen filmaren bukaeran txalo egin zutela; halaxe gertatu zen nik ikusi nuen saioan ere.

Dantza filmak tertuliarako gaia ematen du: non dago bukaera aldeko eraikin borobil hori? Ur gainean dantza egiten dutenekoa, zer putzu klase da? Norbaitek bota zuen bere tesia: tela asfaltiko baten gainean ipiniko zuten ura; izan ere, toki lehor hartan —Bardeak?— ezin da halako putzurik egon. Errazagoa da asmatzea non gertatzen den erromeria jendetsua: Leitzako plazan. Kontua da gustura ikusiko genukeela filmaren making-off-a ere; eta ez soilik urmaelarena argitzeko, baita filmean parte hartu duten artista guztien elkarlana nola josi den jakiteko ere.

Juan Antonio Urbeltzen presentzia ez ezik, bere teorien aztarna nabaria da, esaterako, kartelean ageri den koreografia horretan bertan: Ciénagas, insectos y moros (2000) liburura garamatza. Sorpresa, niretzat, Koldobika Jauregirena izan da; zizelkatzen ezagutu dut beti, eta ez nuen imajinatzen pelikula bateko «unibertso estetiko eta bisuala» diseinatzen. Berari zor ote diogu pelikulak ikusleari iradokitzen dion giro magiko oniriko hori? Beste ezusteko polit bat jantziteriarena izan da, Arantxa Ezquerro figurinista zaragozarraren lana.

Euskal dantzen irakurketa eguneratua dakar pelikulak. Josu Garatek gorpuzten duen eguzkiaren jainkosaren dantzak—eme-ar nahasketa horrek— deskolokatu eta liluratu egiten du.Betidanik femeninoegi eta mengel sentitu izan dudan sagar-dantzarekin adiskidetu egin nau filmean ageri den bertsioak: testuinguruan zentzu osoa hartzen du pieza horrek, Coros y Danzas-en estiloa erantzita. Bide batez, ikuspegi inklusiboa eskaintzen du filmak, emakume eta gizonezko- adindunak hain dotore eta duin dantzan jarrita. Eta zer esan musikaz? Kolpe hots lehorrekin hasten den soinu bandak, hitzen beharrik gabe, islatzen du, laburbilduz, musikaren eta dantzaren garapena historian zehar.

Dantza kontuez ari garenez, jauzi bat, filmetik dantzan.eus atarira. A zer-nolako perlak bilatu eta hedatzen dituzten Dantzan-ekoek. Azkena, 1934ko irailean Miarritzen izandako jaialdi baten irudiak. Hor daude Berriz eta Garaiko dantzari bizkaitarrak, Zuberoakoak, Donibane Garazikoak eta Iruñekoak. Bitxiena azken horien emanaldia gertatzen da: kalejiran doaz, sanferminetan zezen-plazara balihoaz bezala, pankarta eta guzti. Kutsu naifa dario grabazioari, eta badirudi dantzariak ez zirela jabetzen kamera gainean zeukatela, eta hor geratuko zirela harrapatuta betirako, historia eginez, hurrengo belaunaldiei lekukotza eskainiz.

Argia astekariaren mendeurreneko zenbaki berezian, Becky Siegel koreografoaren erantzuna, dantza zer ote den galderari: «Denboran eta espazioan egiten den mugimendua. [...]. Bizitza bera da dantza bat, eta teknikaz, konposizioz eta elegantziaz bizi behar da, mugak muga». Dantza integratzailea lantzen du Siegelek, gaixo kroniko, elbarri eta adinekoekin. Dantzaren alderdi terapeutikoa azpimarratzeaz gain, dantzaren unibertsaltasuna aldarrikatzen du azken batean. Horixe bera da Dantza filmak egiten duena, gizakia dantzan nola hasi zen irudikatzetik abiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.