ARKUPEAN

Medikuak: korapiloak eta greba

Itziar Diez de Ultzurrun -

2019ko otsailak 10
Batzuetan datuak itxuraz egoki uztartuta ere kale egiten ahal dugula irakatsi dit sendagileen ustezko eskasiari buruzko aferak. Ez dakit ongi huts hori neure kasakoa izan den edo hala sinetsarazi nahi izan digutelako pentsatu izan dudan mediku gutxi zeudela, baina kontua da orain arteko nire analisi kamutsa honelako datuen okerreko uztarduraren ondorioa zela:

Batetik, ohartzen nintzen gazte zenbait Europako ekialdean zebiltzala Medikuntza ikasten, ez zutelako aukerarik izan etxetik hurbilagoko unibertsitateetan ikasten hasteko. Bestetik, maiz entzuten nuen ez zegoela behar beste sendagilerik gure artean, gure osasun sistemei oso nekeza zitzaiela lanpostu hutsak betetzea eta, horregatik, batzuetan ia ezinezkoa izaten zela opor eta gisakoetarako ordezkoak aurkitzea; egunkarietan ere irakurri ditugu halakoak. Azkenik, atzerriko mediku gero eta gehiago ikusten nituen gure osasun etxe eta ospitaleetan.

Datu horiek uztartu eta deduzitzen nuen Espainiako Erresumara beste estatu batzuetako eredua ekarria zela, erran nahi baita, estatua hasia zela ahalik eta diru gutxien inbertitzen medikugaiak prestatzen, jakinki aise (eta merke) erakartzen ahal zituela beste herrialde batzuetan, beste estatu eta gizarte batzuen ahaleginari esker, ikasketa horiek buruturiko profesionalak. Ondorioztatzen nuen, beraz, unibertsitateetan ikaspostu gutxi zegoela, garai bateko labealdi oparoetatik irten ziren profesional ugari horiek guztiak lanean eta/edo jubilatzekotan zirela eta, hortaz, gertu zegoela hondamendia.

Bazegoen ordea, beste datu bat aurreko puzzlera behar bezala doitu ezin nuena: gero eta sendagile gehiago ari ziren gaitasun agiria eskatzen atzerrian ere jarduteko. Areago, gero eta mediku gehiago ari ziren atzerrira lanera joaten. Hortaz, egia ote zen mediku gutxi zegoela zioen lelo hori eta hortxe zegoela gure osasun sistema publikoetan profesionalak kontratatzeko zegoen zailtasunaren muina?

Datuak berrantolatu nahian, handik eta hemendik galdetzen eta irakurtzen hasi nintzen, baita gogoratzen ere eztabaidan sarri agertzen ez zen beste datu funtsezko bat: ezagutzen ditudan mediku batzuek, XX. mendeko 80ko hamarkadako labealdi oparo horietan sendagile bihurtu zirenek, urtetan nozitu dituzten kontratazio ziztrinak. Hots, medikuak soberan zeudela aprobetxaturik, eskaintzaren eta eskaeraren legearen arabera kudeatzen hasi zirela kontratazioak arlo publikoan, ordukako kontratu miserableak eskaintzeraino.

Eta horri buruzko artikulua idatzi asmo nuela Nafarroako medikuen sindikatuak deituriko greba etorri da, hain zuzen ere, lan baldintza eskas horiek salatzeko, besteak beste. Baina grebalariek ez dute egia osoa aitortzen: ez dute esaten aldi baterako eta behin-behineko kontratudunekin besoz beso egon direla lanean soldata aski duinak jaso dituzten langile finkoak. Ez dute aitortzen langile finkoetako batzuek soldatak gizenagotu dizkieten aparteko orduak parrastaka egin izan dituztela, LABek greba dela-eta argitaraturiko oharrean dioen legez: «[...] egoera korapilatsua da; izan ere, urte askoan, sendagile batzuek (finkoek) soldata ederrak pilatu izan dituzte —produktibitate-osagarrien bidez—, baina, bien bitartean, maila bereko lankide askok lanaldi partzialak edo zaintzak besterik ezin izan dute egin, kontratu kaxkarren bidez». Grebalariek ez dute aitortzen sendagile batzuk beren kontsulta pribatuetarako bezeriaren arrantzan ibili direla beren jardun publikoa baliatuz eta osasun sistema publikoaren ajeetatik etekin polita lortuz.

Gai korapilatsua, zinez. Sindikatu medikoak, LABen oharrari eman dion erantzunean, gaitzetsi du 2010ean soldaten jaitsiera etorri zenean A mailako langile publikoei gehiago jaitsi izana D eta E mailakoen murrizketa samurtzearren. Klase arteko elkartasunik ez. Hizkuntza ezberdineko hiztunenganakoa ere ez: euskara eskakizunaren kontra ere ari dira greban, zeren defentsan eta sendagilearen eta pazientearen arteko harremanaren defentsan. Korapilo anitz mataza bakarrean...

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna