elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Biribilguneak

2019ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Arnaska, izerditan, urduri, presaren presaz hitz-totelka... etorri zitzaidan ate joka nik eskatutako liburua zekarkidan gizonezko gaztea. Sinatu nion jaso izanaren agiria eta alde egin zuen ziztu bizian eskaileretan behera. Egonarri hain eskaseko mandataririk sekula ikusi gabea ni, marmarrean geratu nintzen, zein estres motak jota ote zegoen gizona asmatu ezinik. Ken Loach zinemagilearen Sorry We Missed You filmean aurkitu dut erantzuna: gizon gazte hura desatsegin bihurtzen zuena bere lana zen; hobeto esan, bere lan moldea, bere lan baldintzak. Izan ere, Amazon-en bidez zetorkidan liburua. Paradoxa, liburua, hain zuzen ere, langile esperientzia bati buruzkoa zela: Women on the Line (Routledge, 1982, 2009). Miriam Glucksmann soziologoa Londresko fabrika batean sartu zen langile mozorrotu gisa, 1970eko hamarkadan, bertako emakume langileen egunerokoa jaso eta aztertzeko; migranteak ziren gehienak, Irlandatik, Karibetik eta Indiatik joanak. Soziologoak etnografia lan paradigmatikoa burutu zuen, bertatik bertarakoa, generoaren, klasearen eta etnizitatearen lerroei jarraituz.

Ken Loachek, beste behin ere, bere zinemagintza ezaugarritzen duen kezka sozialari heldu dio azken pelikulan; oraingoan Amazon, Zara eta konpainiak erabiltzen dituzten etxez etxeko banaketa sareetan zentratu du filma. Auto-esplotaziotik abiatu eta norberaren eta inguruaren—familiaren— suntsiketarainoko gurutze-bidea marrazten du, ikuslea arnasestuka, izerdi hotzetan eta angustiatuta uzteraino. Chaplinen Modern Times, eguneratuta eta erregistro erabat errealistan, umorearentzako eta fantasiarako tokirik gabe. Kontua da, gainera, Ken Loachek eraikitzen duen kalbario hori ez dela artifiziala gertatzen, ezta esajeratua edo puztua ere. Hurrena furgoneta zuri bat ikusten duzunean, edozein bazterretan gaizki aparkatuta, argiak keinuka... jabetuko zara sare handi horietako banatzaile presaturen batena dela.

Horietako bat baino gehiago ibiliko da Frantzian, Jaka Horien artean. Urtea bete du mugimenduak, asteburuetan biribilguneetan biltzen hasi zirenetik. Erreparo apur batekin begiratu genien hasieran, atzean sigla ezagunik ez, eta eskuinak bultzatzen ote zituen irakurri genuenean. Macron presidenteak Eztabaida Handiarekin deuseztatu nahi izan zituen, baina alferrik. Kaleetako jendetza urritu ahala, mugimenduak finkatzeko bideak hartu ditu: orain Herriko Etxeak sortzen dabiltza hainbat hiritan, etxegabeei aterpea eskaini eta, bide batez, komunitatea egonkortuz.

Atzo zortzi, pentsiodunen enegarren manifestazioan, Jaka Horiak zetozkidan gogora. Kontua ez da paralelismo errazak egitea—zapatu arratsaldean kalera irtetea nor bere aldarrikapenekin—. Barruragotik zetorkidan haien akordua, sakonagotik. Hurrengo egunean, BERRIA honetan bertan aurkitu nuen lotura posiblea, Ekhi Erremundegik Romaric Godin kazetariari egindako elkarrizketan. Demokrazia autoritarioaren iturburu ekonomikoak liburua argitaratu berri du kazetari frantziarrak. Erremundegiren «Zer gertatzen ari da munduan?» galderari erantzunez, Godinek: «Mugimendu bakoitzak bere logika du, tokian tokiko erabaki batzuei erantzuten diena. Baina gibeltasuna hartzen badugu, ikus dezakegu azken 40 urteetan mundializazio esaten diogun fenomeno bat dagoela. Funtsean, kapitalismoaren kudeaketa eredu baten mundializazioa da neoliberalismoa». Eskema horretan, merkatuak eta finantzek agintzen dute, Estatua haien zerbitzura jarrita, eta herritarrak kontsumitzaile huts izatera kondenatuz; gero eta degradatuago dauden ondasun eta zerbitzuen kontsumitzaile.

Tokian tokikoa, mugimendu bakoitzak bere logika... esan guri, euskaldunoi, geure orubea markatu eta errespetarazteko lanak ditugunoi. Baina biribilguneak Frantziatik etorri zitzaizkigun bezala —kosta zitzaigun haien logikara ohitzea—, alter-mundializazioak hari mehe bezain tinkoekin lotu gaitzake hangoak, eta hemengoak, eta haragokoak, biribilgune sozialetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.