elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Etxezulo

2020ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Leihotik begiratzeak ere tristatu egiten zaituen goiz muturbeltzean, lixiba jartzen hasi eta garbigailua garbitu baten beharrean aurkitu dut; xaboiaren kaxari kendu dizkiot kraka geruza prehistorikoak, indusketa batean banebil bezala. Garbigailua zaharkitzapen programatua arau bihurtu aurrekoa da, joan den mendekoa. Etxezulo izatera kondenatuta gauden aldi honetako kontuak dira hauek. Konfinamenduaren lehen egunetan, arropa zaharra biltzeko edukiontzien inguruan nabarmena izan zen txukuntze kanpaina orokorra. Izan ere, enbarazuan dagoen horretatik libratzea, eta kraka ezabatzea —txukundadea eta garbitasuna— oso esker oneko ekintzak dira norberaren autoestimu, oreka eta ongizaterako.

Zailxeagoa ari zait gertatzen buruko apalei hautsa kentzea, eta, zer esanik ez, ordenatzea. Izan ere, pentsamenduen hurrenkera logiko bat aurkitu dudala uste orduko, danbadaka datozkit beste ideia, esakune, analisi eta albiste batzuk, toki eta arreta eske. Eguraldiak gogaikarri segitzen duenez, ordenagailuaren pantaila aterpe, sarean zer suma. Eta hartan, zer diren kasualitateak, hitzen artean iman bat balebil bezala, errepikatu egin dira kontzeptuak: «Munduak garbitasuna eta ordena esan nahi du, eta besteekin erlazionatzeko modu baten gauzatzea da». Ana Carrasco-Conde filosofoarena da baieztapena (Algo más que ciencia: la importancia de las Humanidades en la pandemia, La Marea aldizkari digitala, 2020-04-01).

Humanitateak aldarrikatzen ditu pentsalari espainiarrak, zehazki, literatura, historia, arteak eta filosofia; Carrasco-Conderen hitzetan, diziplina humanistiko horiek, etekinaren ordez, funtsezko balioa lehenesten dute; helburuen lekuan, jomuga horien zentzua bilatzen dute; eta «efizientziaren dogmak arinkeriaz errepikatzearen aurrean, ziurtasunak zalantzan jartzen dituzte». Gurean —ere— ofiziala den diskurtso politiko-sozialean, efizientzia dogma gisa ageri da, jarritako helburuak lortzeko —ekonomiaren baitakoak, betiere— eta horrela, etekina atera ahal izateko; abezedario hau daukate bibliatzat agintea ia osorik monopolizatzen duten eliteek.

Paradigma horren frakasoa ez ezik, sistemaren injustizia bihozgabea agerian geratu da pandemiak eragin duen lurrikaran (zentzurik beteena hartzen du lurrikara hitzak gaur egungo testuinguruan); zer esanik ez, izurriteak zahar-etxeetan egin duen sarraskian. Egoitza horietako langileen borroka luzeak etorri zaizkigu gogora; lan baldintzei buruz haiek egindako salaketak frogatuta ikusi ditugu, modurik gordin eta mingarrienean. Hori da emaitza zerbitzu publikoa pribatizatu eta negozio gisa kudeatzen denean. Bigarren ebidentzia denbora gutxian, Zaldibarko zabortegian azaleratutako modus operandi-aren ondoren.

Industria ahalik eta azkarren martxan jartzeko sekulako enpeinua izan duten agintari horiek herrietako azokak eta nor bere baratzean aritzea debekatuta eduki dute. Asfaltoa besterik ezagutzen ez duen jendeak emandako aginduak behar dute izan, baratzezaleen fenomenoa gutxiesten duen mentalitatekoak; ez dakite, nonbait, Jakoba Errekondok Euskadi Irratian eta Argia astekarian zenbaterainoko bezeria daukan. Ala barazkien autokontsumoa hedatzeari diote beldurra? Ez dira ba arituko elikagaien salmentako klusterraren esanetara?

Eta hartan, etena, arnasa izozten duten horietakoa: Zumeta. Kaleidoskopioa zabaldu eta arrapaladan, nahasian datoz irudiak: Usurbilgo pilotalekuaren atzeko murala, gurera ere modernitatea bazetorrela iragarri zigun hura; Patrineko tabernan barratik ikusgai balkoia baino handiagoa den gizon txapeldunaren irudia; garai bertsuan, txistua eta txuletak batzen zituen eszena, estilo feistan, Euskal Herri folkiaren sintesi perfektua; Gernika-ren berrinterpretazioa; Laboaren diskoetako txoriak eta beste... Usoa Zumetak eutsiko ahal dio margolariaren tailer zoragarriari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.