JIRA

Lanaren ajeak

Angel Erro -

2018ko urriak 14
Cosas izeneko txiolariak eman dit zer pentsa. «Espainian ez dugu geure odola saltzerik. Zerbait egin ezina baliteke lasaibidea izatea ere». Amatasun subrogatuaz ari den txio kate batean bota du. Eta hor dago gakoa: odola eman egiten dugu, dohainik. Dohainik eta amorez. Alokairuzko sabelena ikusarazi nahiko liguketen bezalako eskuzabaltasunarekin. Baina une batez pentsa dezagun nork emanen lukeen odola, zer negozio mota antolatuko zen odol emateen inguruan, nor ustiatuko zuten nagusiki, salgaia balitz. Bestearekin konparatuta, negozio txikia izan arren.

Doakotasuna bermatzen ez den arte defentsa gutxi du. Baina, bestela, nork nahiko luke halako trauma handi bat igaro? Eskuzabaltasunak ardura gutxi hemen. Berehala hasiko lirateke aurre egin beharreko gastuak badaudela, haurdunaldiak etendako irabaziak berdindu beharra. Argudio lerro horrekin berehala etorri zait lanbide liberaletan erabiltzen den honorarios/honoraires (ordainsari) espresioa. Ez da soldata, haiek gure alde fabore egitearen ohorearen erantzun likidoa baizik. Gaztelania eta frantses zaharragoan gajes/gages ere esaten zitzaion. Ofizioaren ajeak, parterik desatseginena, hain zuzen, kobratzea zen. Zergatik? Funtsean zer ziren salatzen baitzuen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna