Angel Erro.
JIRA

Maitemindua

2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Ezustean ikasi dut maitemindu hitza ez dela hain zaharra ere. Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak dio 1930etik aurrera hegoaldeko egile kultuengan dokumentatuta dagoela. Horrek lehengo euskaldunak maiteminean nola moldatzen ziren jakin nahi izatera eramanen luke edonor. Horren ordez, nik neure buruari galdetu diot nola moldatuko diren euskaratik pentsatu eta hitz horri antzinako jakinduria erauzi nahi diotenak, erdaldunei harrotasun didaktikoaz azaltzen diotenak gurean maiteminak maitasunak zauritua edo amodioak oinazetua esan nahi duela, and I think that is beautiful.

Orotarikoaren datak pentsarazi dit euskal hitza ez ote dagoen zinemak berak eraginda edo, Orixe eta Andima Ibiñagabeitia zinema areto batean irudikatzen ez baditugu, sustraiak ez ote dituen maitasun erromantikoaren gaineko ikuspegi masokistan. Maitasunez sufritzearen irudia betikoa da? Gazte jendeari, batez ere mutilei, maiz aditzen diet (telebistan ematen duten hitzordu saio batean) beldur diotela maitemintzeari, asko sufriarazi dituelako amodioak, emakumeek asko sufriarazi dituztela aditzera emanez sentiberatzat pasarazi nahian.

Aukera dugu maitepoztu hitza 2020tik aurrera dokumentatzen hasteko Orotarikoaren hurrengo edizioetarako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.