Angel Erro.
JIRA

Nor bere herrian

2021eko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Gutxitan izaten dugun argialdi horietako batean deskubritu dut uste baino errazagoa dela nor bere herrian arrotz sentitzea. Gogo ariketa eskatzen du. Kontzentrazio handia. Errusiar formalistek aldarrikatutako besterentzea. Baina, Iñaki Perurenak dioenez, funtziona.

Mugimendua pandemiak murriztua dugun honetan, eta batez ere justu orain urtebete atzerrian nengoelako oroitzapenak bultzatuta, inkontzienteki hasi naiz ingurukoa, betiko moduan gabe, bestela begiratzen. Villavesan sartu, baina, ohiko konfiantza eta asperduraren ordez, neure burua irudikatu dut hori bera ezustez egiten. Nora eramanen ninduela ahazteak esfortzu txiki bat eskatu dit. Exotiko iritzi diet, eta maitagarri, nire herrikideen hazpegi aurpegiei, eta horrek lagundu uste dit neu ere normalean jota naukan monotoniaren azpiko dirdira gordearen arrastoa ikuskatzen.

Hain turista gutxi ibiltzeari ere pribilegio iritzi diot. Zer polita den Iruñea. Hemen biziko nintzateke, loteria egokituz gero. Inguruan badaude hiri ospetsuagoak, baina hemen zoriontsu izatearen aukera arrotz batek baino ezin du susmatu. Esperientzia luzatu nahi izan dut, zer gehiago sentiaraziko zidan jakiteko irrikatan, baina ezagun batek gelditu nau, neurera ekarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.