Angel Erro.
JIRA

Harreman isil bat

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bihar liburutegien eguna da. Eta gaur, bihar liburutegi batera joatea planifikatzeko eguna. Baliteke auzokoan ekintzak egotea programatuta; hau ez dakit akuilagarri ala uxagarri esaten dudan; batzuetan ez dagoelako jakiterik horrelakoak jendea liburutegietara hurbiltzeko eta aldi berean liburuetatik aparte mantentzeko diseinatuta dauden.

Liburutegiek animatzaile eta defendatzaile gutxi behar dituzte, baina nik lan horretarako norbait jarri beharko banu, Uxue Apaolaza aukeratuko nuke, aurtengo testu batean (Garun artean, Argia aldizkaria) liburutegiez irakurri dudan gauzarik ederrenak bota dituelako: «Liburutegi publikoei esker gure ahalmen kapitalistatik askoz harago irakurri dugu askok. Gutxi askok». Edo: «Nire kasuan, estutasun absurdo batean bizitzetik libratzeko ematen den aholku hori, 'hartu zeure burua zaintzeko denbora', 'joan liburutegira' da». Edo: «Nire bizitzako momentu zoriontsuenetako asko liburutegian jaio dira, gure espeziekoa izatea zaila ez zaidan leku bakanetakoan». Edo: «Han literaturak ez du inolako pisurik; ezer ez da nirea han, liburuan itsatsitako fitxan ikusten ditugu zigilatutako datak, bakarti batetik bestera, garun arteko harreman isil bat».

Ez dut, jakina, gehitzekorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.