AEBetako kanpaina astindu du Clintonen kontrako FBIren ikerketak

Presidentegaiak eskatu du «lehenbailehen» emateko ikerketaren xehetasunak. Informazioa bidegabeki erabiltzea leporatzen diote
Hillary Rodham Clinton hautagai demokrata.
Hillary Rodham Clinton hautagai demokrata. CRISTOBAL HERRERA / EFE

Amagoia Mujika Tolaretxipi -

2016ko urriak 30
Edozer gerta liteke: ezer ez edo dena. Kasurik okerrenean, Hillary Rodham Clintonen etorkizuna arriskuan legoke. Herenegun FBI AEBetako Ikerketa Bulego Federalak jakinarazi zuen ustez bere kontutik estatu gaiez bidalitako mezu elektroniko berriak zituela ikertzeko, eta berez itxia zuen ikerketari argia ematen diola. Auzi horrek buruhauste asko eman dizkio hautagaiari hainbat hilabetetan, eta, lasaitua hartua zegoela, ez dio batere mesederik egiten hauteskundeak baino 11 egun lehenago berrikusteak: arriskuan jar lezake Donald Trump hautagai errepublikanoarekin duen abantaila.

Kanpainaren erdigunean dago gaia, eta azaroaren 8ra bitartean hortxe izango da. Horregatik, mezuen edukia «lehenbailehen» argitzeko eskatu dio Clintonek FBIri, ikerketak sor dezakeen mesfidantza hauteskundeen aurretik uxatu ahal izateko. «Herri estatubatuarrak eskubidea du lehenbailehen izateko gertaera guztien berri».

Konfiantza osoa du uztailean FBIk hartutako erabakia ez dutela aldatuko. Uztailean, hiru orduko galdeketa izan zuen Clintonek dokumentuei buruz, FBIren egoitza nagusian, eta, egun batzuetara, Justizia Departamentuak kasua ixtea erabaki zuen FBIren aholkuak jarraituz.

James Corney FBIko zuzendariak eskutitz bat bidali zien legebiltzarkideei herenegun, esanez, mezu berriak ikertuko dituztela, haren arabera, ikerketa merezi duten informazioa egon daitekeelako, eta uste du informazioaren erabilera «batere ardurarik gabe» egin zuela, baina ez daki garrantzitsuak izango diren edo ez. Eskutitza bera oso nahasgarria da, eta ez du argitzen zenbat diren mezuak. Horregatik, Clintonen ustez, FBIko zuzendariak «interes berezia dauka» susmoak zabaltzeko. AEBek debekatu egiten dute sekretupeko informazioa ezarriak dauden bideetatik kanpo bidaltzea.

FBI ikertzen ari da Clinton Estatu idazkari zela (2009-2013) sekretupeko informazioa bidegabeki bidali zuenetz zerbitzari pribatu batetik. Orain, AEBetako komunikabideek zehaztu ez dituzten iturri ofizialak aipatuz, Anthony Weiner kongresista demokrata ohiaren kontrako ikerketa baten harira azaldu dira. Weiner oso polemikoa izan da, eta demokraten eserlekua utzi behar izan zuen, adingabeko bati eduki sexuala zeukaten mezuak bidaltzeagatik. Huma Abedin Clintonen gertuko aholkularen senarra izan da Weiner, bere kontrako ikerketa abiatu arte.

Trumpen arnasa

Dudarik ez dago datozen egunetako albiste nagusia izango dela oraindik ere AEBetan, eta gertatutakoa primeran etorri zaio Donald Trumpi, apaldua zeukan babesa berreskuratzeko. Horregatik, ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatuko da kanpainaren azken txanpan, eta hitzok egin ditu Iowako mitin batean: «FBIk ez zukeen inoiz auzi bat berriz zabalduko izugarrikeria handieneko krimen bat egongo ez balitz», jarraitzaileek sutsu «espetxeratu ezazue» oihkatu duten bitartean. «Ezin dugu utzi bere plan kriminala eraman dezan Etxe Zurira. Hau Watergate baino askoz handiagoa da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna