elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Errukitik eratorriak

2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Aldirietako tren bagoian alderik alde dator, sermoia botaz ozenki; sermoia, diot, Jainkoaz eta Jesu Kristoz ari baita, logika eta koherentzia atzematea zaila den hitz-jarioan. Estetika punkia du janzkeran, ilajean eta bisaian; eskuan txirula bat; dozena erdi nota jo ditu, taxuz. Eta segitu du diskurtsoaren bigarren partearekin, euskara nahastuz, eta oraingoan kartzeletan daudenak gogora ekarrita. Mutil bat hurbildu zaio eta eman dizkio txanpon batzuk eskura. Eskerrik asko! Donostiara iritsi eta nasan aurrera galdu da, txartel makinatik pasatu gabe. Durduzatuta utzi nau, eragin dizkidan sentipenen errosarioa aletzen: deserosotasuna, jakin-mina, kontzientzia txar poxi bat, errukia... Errukia?

Nire hiztegian ezabatuta eduki nuen luzaroan erruki hitza. Gure heziketan pairatu genuen erlijio katolikoaren baitako kontzeptua zen hori: «Jainko errukiorra» eta abar. Xabier Leteren poesian hasi nintzen erruki hitzari eta haren eratorpenei beste doinu bat hartzen. Letek, Lander Arbelaitzi 2006an eskainitako elkarrizketan, honela esplikatu zuen errukiari ematen zion zentzua: «Nik uste dut oso garrantzitsua dela, baina ez garai batean zuen esanahiarekin, errukia limosnari eta benefizentziari lotutako zerbait baitzen, konportaera belaka eta burgesa. Ez. Errukia zerbait askoz sakonagoa da: elkarren kide izan, elkarren arduradun izan. Norbaitek sufritzen badu, nik ere sufritu. Bestearen penak ulertzen eta niganatzen saiatu. Elkarren ondoan egon. Eta errukitsu izan intelektualki ere».

Errukiaren saria du izenburua Iñaki Irazuk aurtengo udaberrian argitaratutako poesia liburuak. Errukiaren saria izen bereko poeman azaltzen da, eta kakotx artean jarri beharrekoa da, zerikusirik ez Leteren definizioarekin, poemaren testuinguruan. Hala ere, zerbaitegatik ekarriko zuen Irazuk errukia liburuaren titulura. Badirudi poesiaren abaroan agertu eta garatzen dela oparoen errukiaren sentipena.

Erruki hitzarekin adiskidetu nintzenetik, haren eratorpen bat berreskuratu dut: errukarri. Ebokazioak gure amaren ahotan dakarkit hitz hori: «Errukarri zegoen gajoa/gizajoa!». Ahots tonuaren azpimarrak ematen zion indarra esaldiari. Errukarri egongo zen pertsona fisikoki—abailduta edo gaixorik, adibidez— ala animikoki, tristurak eta atsekabeak jota, burua galduta... Eta errukarri, baita, beste egoera batzuetan ere.

Auzoan ibiltzen den emakume etxegabe bat, aurreko batean, kalean geratzen den telefono publiko bakar horietako batetik hizketan, garrasika. Bere balizko solaskidea izan zitekeen, demagun, arartekoa. Kexa eta kexa kanpotarren «inbasioagatik»: errumaniarrak, magrebtarrak... Haiei ematen zaizkien laguntzak, eta bera bezalakoei ezer ez... Gutxienez hogei minutu eman zituen jardun horretan emakume... errukarriak.

Letek, aipaturiko elkarrizketan, errukia eta justizia kontrajartzeari buruz ere hitz egin zuen, alegia «justizia obratzen dugunean errukirik ez da behar izango» dioen printzipio horri buruz. «Oso polita da justiziarekiko aldarrikapen hori», dio Letek, «baina kontua da justiziaren ideal handi horiek mundu honetan ez direla kunplitzen, eta, alboan miseria eta beharra ikusten duzunean, errukia oso garrantzitsua dela. Errukia: pietatezko begirada, bihotz biguntasuna, eskuzabaltasun pixka bat».

Badakit nire begirada, izatekotan, pietatezkoa dela. Baina treneko mutila disimuluan behatu nuen, aurrez aurre so egiteko ausardiarik gabe. Telefono publikoko emakumeari ezikusia egiten diot, beldurra ematen baitit kalean pizten dituen istiluengatik. Gai izango ote naiz egunen batean zuzenean begiratzeko haiei? Eta duela hilabete pare bateko gauean, mugan migratzaileen mugimendu handia zebilen egun haietan, Gernikako Arbolaren pasealekuko aulki batean eserita zeuden mutil afrikar izutu haiei?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.