elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Albainutik zintzilik

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Etxea garbitzeko denbora aprobetxatzen dut, bide batez, musika entzuteko. Azkenengoetan, Durangon erositako Gure Oroitzapenak izan dut laguntzaile. Izatez, liburua eta bi CD dira, Joseba Sarrionandiaren poema musikatuak jasotzen dituztenak. Hor daude kantari klasikoak: Laboa, Ruper Ordorika Martin Larralde eta konpainiarekin; Imanol, Gontzal Mendibil, Oskorri... Hor daude hurrengo belaunaldikoak: Anari, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Eñaut Elorrieta... Badaude mix bereziak ere, Beñat eta Julen Axiarik Mikel Artieda eta Joseba Irazokirekin osatzen dutena, edo Iñigo Muguruzak eta Ane Odriozolak Andoni Basterretxea Delirium Tremens ohiarekin. Trikitiaren mundutik, Alaitz eta Maider eta Iker Goenaga.

Hortik aurrera, galdu egiten naiz; eta galtzean, aurkikuntza zoragarriekin egin dut topo; adibidez, Audiencek egiten duen Lili bat poemaren bertsioa; edo Igor Arzuagarekin batera abesten duen Andrea Ulloaren ahotsa eta kantakera; edo Xendarineko Ahizpak a cappella abesten Hegazti herrariak den poema simetriko hori.

Kontua da pot-pourri horrek—eta ez ditut interprete guztiak aipatu— sekulako aniztasuna eskaintzen duela genero eta estiloen aldetik; bide horretatik, 80ko hamarkadan hasi eta gaur arterainoko kantagintzaren katalogo bihurtzen da nolabait. Eta halako batean ohartzen zara —eta harritzen hezurretaraino— nola ote den posible barietate kameleoniko hori, guztiek iturri beretik edan badute, hau da, Sarrionandiaren hitzetatik.

Esan dut bi diskoak liburuarekin datozela. Eta liburuan, kanten testuez gain, idazleak bakoitzari buruz egindako iruzkinak daude; batzuetan kontatuko du zein testuingurutan idatzi zuen delako poema; beste batzuetan, inspiratu zuten motiboei heltzen die. Osotara, Sarrionandiaren beraren ibilbide fisikoa marrazten da, txatalka: Carabanchel, Puerto de Santa Maria edo Herrera de la Manchako ziegetara eramaten gaitu kontakizunak; Martutenetik ihes egin ondoren, aterpe klandestino izan zuen Hazparnera, Eskiulara... Eta, azkenik, bizileku duen Habanara. Ibilbide fisikoaz gain, sormenerako bidean mugarri —txiki nahiz handi— izandako txinparta pizgarrien inbentarioa ere zirriborratzen da. Azken batean, poetaren eta poemak kanta bihurtu dituzten musikarien arteko interakzioa islatzen du liburuak.

Gure Oroitzapenak proiektuak izan du beste zutabe bat ere: iazko Zinemaldian estreinatu zen izen bereko filma. Obra kolektiboa da, hamabi zinemagileren laburrekin osatua. Hemengoak dira gehienak, zinemagintzan nor direnak: Oskar Alegria, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Maialen Sarasua...Poema musikatuetan nola, pelikularen baitako puska horietan ere aniztasuna da ezaugarri, genero, estilo eta hizkuntza zinematografikoaren aldetik.

Zine aretotik neure buruarekin moskeatuta irten nintzen: zeinen motel eta kamuts neukan entendimendua arratsalde horretan; izan ere, ez nuen lortu labur horietako gehienak —eta, beraz, ezta film osoa ere— Sarrionandiaren munduarekin lotzea, oso ebidenteak ziren seinale bakan batzuk salbu, esaterako, Lagun izoztua nobelako Kalaportu. Harrezkero, inguruan galdetuz, antzeko iritziak jaso ditut, aretotik alde egin zuten lagunak barne.

Zuzendari horien maila auzitan jarri nahi izan gabe, baina, hasteko, ikuslea galduta aurkitzen da ozeanoan, salbamendu-jakarik gabe, ez zaiolako aldez aurretik behar bezala adierazten Sarrionandiaren zein lanetatik abiatzen den labur bakoitza. Era berean, ez zaio jakinarazten nork zuzendu duen ikusten ari den atala, eta horrek areago deskokatzen du ikuslea. CD-tan jakina dena—nork kantatzen duen eta zer— ezkutatu egiten zaio filmaren hartzaileari. Pelikula patchwork-a da, ados, baina patchwork-a ez dago ondo josita, eta ikuslea albainutik zintzilik uzten du. Tamalez, herren geratu da Gure Oroitzapenak proiektuaren hirugarren zutabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.