ARKUPEAN

Gipuzkoarren lotsariak

Elixabete Garmendia Lasa -

2019ko otsailak 17
Hogeita hiru orri dira. Orri bakoitzaren goiko aldean, enpresa sail baten logoak: Urbaser, Meridiam, Altuna y Uria, Moyua, Murias, LKS; behean, eskuinean, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarena. Orri guztietan, erdialdean, zeharka eta letra larritan: «Confidencial» ohartarazpena. «Ingurugiro kultura eta komunikazio plana» dio txostenaren izenburuak. Egunkari honek, joan den asteartean, honela aurkeztu zuen: «Erraustegiari buruz iritzia 'kontrolatzeko' plan bat ezagutarazi du GuraSOSek». Sarean, BERRIAk, eta Argia eta Noaua aldizkariek zabaldu dute osorik.

Txostenaren izenburuan bertan ageri da Zubietako erraustegiaren bultzatzaileek azken aspaldian darabilten eufemismorako joera: «Ingurugiro kultura». Erraustegi hitza ez da behin bakarrik ere azaltzen; horren ordez, CMG1 erabiltzen dute, hau da, euskaraz Gipuzkoako Ingurumen Gunea deitzen dutena. Txostenaren «Komunikazio helburuak» atalean, hauxe da lehena: «Estrategia bat garatzea proiektua gizarteari aurkezteko, planteamendu espezifiko batekin Zubietako Ingurumen Gunearen eragin eremurako». Estrategia hori informazio plan batean oinarritzen da: «gizarteak proiektua ikus dezan errealitate finkatu gisa, itzulezina eta onuragarria Gipuzkoa osoarentzat». (Aurrera joan aurretik ohar bat: itzulpena nirea da; izan ere, txostena gaztelania hutsez dago).

Zer giza talde eta erakunde ditu jomugan komunikazio plan horrek? Erraustegiaren ingurumariko biztanleez gain, hauexek, besteak beste: «itzal handiko gutxiengoak: adituak, erakunde sindikalak, erakunde ekologistak, talde politikoak...». Era berean, baita hedabideak ere, «tokikoak nahiz nazionalak». (Ez du zehazten zeintzuk diren batzuk eta besteak, baina nazionalak Madrilen ardatzekoak direla usnatzen da).

Komunikazio planak zer adierazpide erabiliko dituen zehazterakoan, hauxe dio: «Gipuzkoako Ingurumen Gunearen komunikazioa ezin da mugatu publizitate planteamendu batera». Izan ere, —diote— hondakinen arazoak sortutako eztabaida handia «hizkera publizitarioarekin sinplifikatzea kalterako izango litzateke». Bide horri jarraituz, iritzi liderrak fitxatu beharra planteatzen du txostenak: «Hedabideetako profesionalez gain, aditu eta profesional akademikoak edo osasungintzaren mundukoak, eremu ekonomiko eta politikoko lider esanguratsuak edo mugimendu sozialetan dabiltzan pertsonak». Helburu estrategikoetan azpimarratzekoa: «Proiektuaren kontrakoenak diren kolektiboen eragina eta inpaktua minimizatzea: ekologistak, auzotarrak, proiektuaren aurkako taldeak, eta abar». Erraustegia martxan jartzen denerako, Ingurugiroaren Interpretazio Zentroa zabaltzea da proposamenetako bat; hor erakusketak eta adituen jardunaldiak egingo lirateke, eta... aldaketa klimatikoari buruzko erakusketa.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Ingurumen diputatua komunikazio planak agindutako debereak zuzen eta artez egiten ei dabil: dagoeneko aurkeztu du Aldaketa Klimatikoaren Gipuzkoako Fundazioa, Naturklimak deitu dutena; Fundazioak Miramongo Parke Teknologikoan izango du behin-behineko egoitza, harik eta instalazioak Eskuzaitzetako poligonoan, hau da, Zubietan, eraiki arte. Asensioren hitzetan, iragarpen ausarta: «Klima aldaketa Gipuzkoak duen erronkarik handiena da hamar urtera begira».

Kontua da txostenak diseinatutako komunikazio plan hori garatzen ari direla urratsez urrats, Zubietako erraustegiaren ezinbestekotasuna azpimarratzetik hasita. Izatekotan, txantiloiarekiko apur bat herren geratu dira mundu akademiko eta osasungintzako profesionalen atxikimenduetan. Gauza bat ez dakigu: zein kostu ekonomiko ari den izaten plan hori.

Bitartean, Mutiloako Lurpe zabortegia kudeatzen duen CESPAk baimena eskatu dio udalari zabortegia handitzeko. Lurpe zabormendi erraldoi bihurtuta dago jada, tela asfaltikoz estalitako zabormendia, Ormaiztegi-Mutiloa bide berdetik ondo ikus daitekeenez. Tela asfaltikoak ezin estali, ordea, gipuzkoarren lotsari konfidentzialak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna