elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Euskalariak eta exotismoa

2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Artefaktua saioanjakin nuen(ETB1, 2019-02-02)Aritz Branton—booktegi.eus-en sortzailea— ingelesa dela. Brantoni aditu nion nolatan bururatu zitzaion «euskal literatura euskaraz» hedatzen duen plataforma hori sortzea, eta hara! esan nuen:hau euskalari eguneratu bat da, XXI. mendeko euskalaria, aurreko mendeetako euskalari frantses, prusiar, herbeheretar eta abarren sokakoa.

Euskalariengan pentsatu eta lehenengo datorkidana Bonaparte printzea da, euskalkiak sailkatu eta mapan marraztu zituena, XIX. mendearen erdialdera. Carte des sept provinces basques hura izan zen zazpi lurraldeen baturak zeukan profila erakutsi ziguna, Euskal Herriko mapa geografiko-politikoa klandestinoa zenean.

Hurbilagokoa zen denboran eta espazioan Gerhard Bähr (1900-1945), Legazpiko Udana gainean jaiotako alemaniarra, Aizkorriren magalean dauden Kataberako meategietako zuzendariaren semea. Euskaltzaindiko lehen bekaduna 1920 inguruan, Gipuzkoako hogeita hamazortzi herritan ibili zen Bähr aditzari buruzko galdeketa egiten, eta euskararen jatorriari eskaini zion tesia. Etxean, beti, baina batekin amaitzen zen Bähr-en historia: Hitler-en bandoan ibili zenII. Mundu Gerran.

Laster ezagutu genuen hezur-haragizko euskalari bat: Rudolf de Rijk (1937-2003). Amsterdam-etik zetorren jakintsu despistatuaren prototipo hura, eta errepikarazten zizkigun Nire aitak amari gona gorria ekarri edo Akerrak adarrak okerrak ditu bezalako esaerak, hitzen ordena aldatuz, koadernoan apunteak hartzen zituen bitartean; galdegaia aztertzen omen zebilen. Chomskyren jarraitzailea, Massachusetts-eko Teknologia Institutuan aurkeztu zuen doktoradutzako tesia De Rijkek, euskararen sintaxiaren baitan betiere, erlatibozko esaldiei buruzkoa.

Euskalari atzerritarren galerian sartutako lehen emakumezkoak japoniarrak izan dira, joan den mendeko 80-90eko hamarkadetatik aurrera. Suzuko Tamura lehendabizi, eta bere ikasle izandako Hiromi Yoshida gero. Hiromik Azpeitiko aditz trinkoari buruzko azterketa egin zuen, hasteko, eta ondoren aditzari eskaini zion tesia ere. Elizabeth Macklin kazetari, poeta eta itzultzaile estatubatuarra —euskal literatura eta kulturaren amapontekoa New Yorken—eta Elin Haf Gruffydd Jones galestarra —Literature Across Frontiers plataformako kidea— etorri dira gero euskalarien kofradiara.

Eta berrikitan, hara non osatu duen Kepa Altonagak, Duvoisin kapitainaren malura liburuan, emakume euskalarien aitzindariaren historia: Clémence Richard Grandmontagne, Zuberoako Larrainen jaioa. Meatzaritzari lotutako familia izanik, Bidasoaren bi aldeetan bizi izan ziren, tartean Orotz-Betelun eta Lasarten. Clémence Luis Luziano Bonaparteren bikote eta laguntzailea izan zen, haren lanen zuzentzailea. Hortaz, euskalkien maparen atzean, emakume euskalari bat zegoen! Eta gainera, ez, justu, atzerritarra.

Aborigenon eta euskalari atzerritarren artean egon da beti halako exotismo truke bat: gure hizkuntzak liluratzen zituen haiek; haien gurekiko arretak limurtzen gintuen gu; enigmatiko gertatzen gintzaizkien neurri berean egiten zuen gora gure autoestimazio apalak. Gaur egun, beste bat da joko-zelaia.

Hil berri da Alan King, hizkuntzalari ingeles zarauztartua. Iragan azaroan Hitza-ri eskaini zion elkarrizketan utzi zuen azken hitza: euskara hiltzen ari da. «Jendeak harriduraz begiratzen dit hau esatean, baina Iparraldean hiltzen ari da, Nafarroako eremu batzuetan bezala [...]. Duela urte batzuk euskaldunak ohartu ziren egoera honetaz, eta berreskurapen prozesu bat hasi zuten. Gaur egungo belaunaldiak berreskurapen prozesu horretan jaio dira, eta uste dute euskara egoera onean dagoela, baina oraindik gaixo dago. Berreskurapen prozesu hau anestesia gisa ari da lan egiten». Exotismoaren lilurak lur hartzen du batzuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.