ARKUPEAN

Saiatzeko garaia

Itziar Diez de Ultzurrun -

2019ko martxoak 24
Bikoiztaile euskaldunen plantoak berriz azaleratu du euskarazko ikus-entzunezkoen alorrean dauden premia gorriak. Azaleratu du zeinen gutxi bikoizten den, eta, bidenabar, zeinen gutxi ekoizten. Axularren oharpidea eguneratu eta esan genezake: «Baldin ekoiztu eta bikoiztu balitz euskaraz hainbat film, telesail eta marrazki bizidun nola egin baita ingelesez, frantsesez, gaztelaniaz edo beste erdaraz, haiek bezain aberatsa eta konplitua eta sinesgarria izango litzateke fikzioko euskara ere, eta baldin hala ez bada, batik bat alor horretan ardura politikoak dituztenek berek dute falta eta ez euskarak».

Ikus-entzunezkoen eremuko gure gabeziak zein esparrutakoak diren jakiteko, Axularrengana jo beharrean hizkuntzalari batzuek hizkuntz gutxituak biziberritzeko aintzat hartzen dituzten aldagaiak erabiliko bagenitu (gaitasuna, aukera eta desira), segur aski ondorioa litzateke gaur egun desiran gabiltzala urrien. Azken asteotan borondate falta hori salatu dute askok. Xabier Alkiza Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteko kideak esan du erabaki politikoa dela EITBn bikoizketarik ez egotea (euskarazkoaz ari da, noski). Itziar Ituño aktoreak gogorarazi digu EITB1 helburu batekin sortu zela eta ez duela bete. Erantsi du zaila dela beste hizkuntzekin alor horretan lehiatzea, baina saiatu ere ez egitea lotsagarria dela.

Egoera tamala da, eta nekagarria eta aspergarria ere bai. Ni, bederen, nekatuta eta aspertuta nago. Gainera, neke eta asperdura hirukoitzak dira nireak. Lehenik, EITBko arduradunen axolagabekeriak eragiten didan unadura dago. Bigarrenik, euskarazko ekoizpenetako euskararen artifizialkeria ez sinesgarriez beti kexaka dabiltzanek akitzen naute. Hirugarrenik, bikoizketaren eta azpitituluen arteko eztabaida alfer eta etxekalteaz nago aspertua.

Anjel Lertxundik berriki oroitarazi digu Barojak Mitxelenari euskarak borrokarako iskilu eskasak zituela esan ziola behin. Barojak hura bota zuenetik euskararen arma eskas horiek zorroztu eta zorroztu ibili gara eta gure Pío hobitik bisitan etorriko balitzaigu ahoa bete hortz ikusiko luke zeinen etekin oparoa atera diegun hainbat esparrutan iskilu urri horiei. Ez da, beraz, ulertzekoa ez zorrozten saiatzea ikus-entzunezkoen iskiluak. Ez da ulertzekoa garai batean 1.000 ordu baino gehiago bikoiztea haurrendako produktuetan eta gaur egun 100 besterik ez. Noiz galdu dute arduradun politikoek umeen iruditeria eta irudimena euskarazko marrazki bizidun gustagarriez hornitzeko desira? Noiz galdu dute erdal kateekin lehiatzeko desira?

Euskarara bikoizturiko eta euskaraz ekoitzitako produktuen bigarren langa hartzaile batzuen estukerian dago. Fikzioko euskara ez omen da naturala. Afera ez bide da euskaldunek ez dugula euskarazko fikzioa naturalizatzeko adina ordu eman filmak eta telesailak euskaraz ikusten. Afera da Sandra Bullockek ez dituela euskaraz gure herriko doinu eta hizkera jator naturalak erabiltzen. Gaztelaniaz, aldiz, bai; gaztelaniaz ari denean gure auzoan jaioa dirudi. Aurreiritzi horretaz ere asper-asper egina nago, oro har bikainak iruditzen zaizkidalako ikus-entzunezkoetan diharduten itzultzaileak eta bikainak, halaber, bikoiztaileak.

Eta azpitituluen eta bikoizketaren arteko debate eternalaz den bezainbatean, ez dut oraindik ongi ulertu zer dela eta aukeratu beharra dagoen bata ala bestea. Jatorrizko bertsioen zale amorratua izanik ere, begi-bistakoa zait gure egoera diglosikoan ezinbestekoa zaigula fikzioa euskaraz entzutea. Bikoizketa aldeztu beharko genuke, hizkuntz normalizazioaren mesedetan ez bada ere. Gainera, jende askok ez ditu azpitituluak maite: nire inguruko haur euskaldunek, besteak beste. Irudiaz gozatzen galarazten dielako eta irakurri beharra deseroso zaielako. Eta haiendako Asterix euskaraz mintzatzea delako naturalena. Bi-biak behar ditugu, baina orain bikoiztaileek gu behar gaituzte ondoan, haien ahotsak ezinbestekoak ditugulako gure iskiluak zorrozten segitzeko eta erdarazko fikzioekin lehiatzen saiatzeko. Saiatzeko garaia baita jadaneko, geroko gerotan geratu gabe.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna