Jone Uria Albizuri.
ARKUPEAN

Urtebete

2020ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Ez naiz sekula urteurren zalea izan. Baina batzuetan lagungarri izaten dira denbora tarte bati perspektibaz begiratu ahal izateko. Urtebete da kultura orokorrean zientziak duen lekuari bolumena zentimetro kubiko batzuk handitu nahi nizkiola idatzi nuenetik zutabe honetan.

Urtebetean hitz egin dizuet ama hizkuntzaz, martxoaren 8az, bizi dugun (des)informazio garaiaz eta sortzen dugun informazioaz, kristalezko sabaiaren interpretazio posibleez, sexu bat ala beste aukeratu beharraz, hauteskundeetan boteredunari boterea emateaz, apustu etxeen helburuez eta galtzera kondenatu gaituzten arrazoiez, masak gure baskularekin soilik ez neurtzeko aukeraz, handiak txikiaz esaten eta esaten ez duenaz, errealitatea matematikoki deskribatu nahiaren arriskuez, uda batean espero daitezkeen eraso eta itsasoan itotakoen kopuruez, memoria indibidual eta kolektiboaren funtzionamenduaz, justiziaren kontraesanez, erresistentzia jasan eta izateaz, leku bera bi gauzak okupatu ezinaz eta zerbaiti eman edo ematen ez zaion ikusgarritasunaz, sistema kolonial modernoaz, aldaketez, presoen sakabanaketaz eta pentsio sistemaren atzeraezintasunaz.

Baina hitz egin dizuet era berean Txillardegiren soziolinguistika aztertzeko konbinatoriaz, multzo teoriaz, Turingen makinaz, egitura molekular simetriko eta zurrunez, fotoien noranzkoaz eta neurketa kuantikoez, bi aldiz gezurtatzea egiatzat hartzearen arrisku logikoez, apustuzalearen falaziaren probabilitateaz, unitateak konstante unibertsalen baitan definitzeaz, entropiaren kontzeptuaz, eredu matematikoez, zenbaki handien legeaz, sare neuronalen funtzionamendu posibleaz, kontraesan logikoez, Ohm-en legeaz, Pauliren esklusio printzipioaz, litioaren egitura atomikoaz, deribatuez, datuen batezbestekoarekiko dispertsioa neurtzeko tresnez eta kode publikoko kriptosistemez.

Zaila da esaten gauzen artean loturak existitzen diren ala loturak guk bilatzen dizkiegun. Kasu batzuetan besteetan baino errazagoa da erantzuna. Bistan da nik bigarren eta hirugarren paragrafoko gaien arteko loturak bilatu egin ditudala. Ez dira lotura naturalak, nolabait esateko. Helburu konkretu batekin bilatutako loturak izan dira. Ustez kultura orokorrari intereseko izan dakizkiokeen gaiak daude lehen paragrafoan, horren ezagunak ez diren kontzeptuak bigarrenean. Apropos bilatu ditut loturok, zuei intereseko egin eta aldi berean bestela ziur aski irakurriko ez zenituzketen gaiak irakurtarazteko.

Asmoa hasieran zuei irakatsi nahia zen. Ez naiz sekula irakasle lanetan luzaro aritutakoa. Baina zutabe hauei esker ohartu naiz lan horren zailtasunaz. Ez da erraza interes jakin batzuk izan ditzakeela usaintzen duzun audientzia bati zure interesekoa dena beraien arreta galdu gabe azaltzea. Hori gutxi ez, eta ustez ondo zenekienak zalantzak sortzen dizkizu sarri. Inori azaldu beharrak hori baitakar, norberak noraino ulertzen duen kuestionatzea. Irakasle izan gabe ere, aurkitu dut neure burua behin baino gehiagotan erabat ulertzen ez nuena esplikatzen. Eta badakit ulertzen dudana azaltzen dudanetik erabat ulertzen ez dudana azaltzen dudanera dagoen diferentzia, jarreratik hasita.

Ariketa zaila da ustez autoritatea zarenean ezintasun bat onartzea. Ariketa zaila ezintasun hori gainditzeko lana eta denbora hartzea. Baina merezi duen ariketa da, gure ikasle eta audientziari zor dioguna. Izan ere, nekez izango du zer irakatsia ikasteko prest ez dagoenak. Ni, zuei irakatsi asmoz hasi nintzen zutabeok idazten. Baina susmoa dut ni izan naizela bidean gehien ikasi duena. Oraindik gauza asko dira ulertzeko dauzkagunak, eta plazer baduzue, ahal dudana i(ra)kasten segituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.