elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Lanarenak

2018ko urriaren 14a
00:00
Entzun
Soldatapeko ibilbide profesionala amaitu eta aurkitzen da pertsona halako ataka batean, nahi ezta ere, ezinbestekoa gertatzen zaio lan historiari buruzko gogoeta eta balorazioa egitea. Niri lehenengo etorri zitzaidan burutazioa: zergatik ez naiz anbiziotsuagoa izan? Neroni ere harrituta geratu nintzen anbizioaren kontzeptua azaleratu zitzaidanean, lehiakortasuna ez baita sekula izan nire indargunea.

Lankide ohi bati aipatu nion anbizioarena, eta hitzetik hortzera bota zidan erantzuna:»ni errebeldea naiz eta ez naiz boterearen egituran sartzen». Ulertzen diot. Jarrera hori partekatu izan dut, neurri handian. Argitu behar diot, ordea, zein anbizio motaz ari nintzen; ez, preseski, goragoko postuak —eta soldata borobilagoa— izateaz. Anbizioa —adorea— falta izan zait zenbait alditan nire lana, irizpideak eta jarduteko moduak defendatzeko; amore eman dut, sarritan, eskala hurbilekoenetik hasi eta goraino. Lanpostua ziurtatuta geneukanok halako ahuldadea erakutsi badugu, zer ez ote da gertatzen prekarietatetik zintzilik bizi direnekin.

Beste lankide batek eta biok errepasoa eman izan diogu gure enpresan indarrean dagoen lanfilosofiari. Gaztelaniazko esamoldea hartuta, «espedientea betetzea» da helburua. Berdin du zer eta nola egin. Espedientea betetzeak goitik behera eta behetik gora funtzionatzen du, maila guztietan. Goikoek, arduradunek, nekez onartuko dute zerbait oker egin dela, edo zerbaitek frakasatu egin duela, ihes egingo diote erantzukizuna beren gain hartzeari. Beheragoko norbait zerbait kuestionatzen hasten bada, kontu txarra: traba bihurtzen da, paretik kendu beharreko estropezua, sistemaren boikoteatzailea.

Hedabide publiko batean izandakoa da gure esperientzia. Arlo publikotik atera gabe, irakaskuntzan dabiltzan lagunengandik antzeko pauta eta jokamoldeen berri jaso izan dut. Institutuko zuzendaritzak dakartzan proposamenak—bereak, nahiz goragokoenak— ezin dira eztabaidan jarri. Errenkan etortzen dira proposamen horiek: adibidez, hirueleko lerroa zabaltzea —ingelesa ezinbestekoa baita— ikasleek euskaraz ondo egiten ez badute ere; hurrena, teknologia berrien izenean, ikasle guztiek tabletarekin jardun beharra. Irakaskuntza publikoari «modernotasunaren glamour geruza» eman nahia ikusten dute lagunek hor, eta,bide batez, hezkuntzaren merkantilizazioa: ikasleak bezero bihurtuta. Eta dena esateko, a zer mauka tableten hornitzaileentzat.

Behiala lankide izan nituen administrazioko langileei, berriz, beste kontu hau entzuten diet aspaldi honetan: edukirik gabe geratu direla beren lanpostuetan funtzionari asko, hainbat lan esparru eta eginkizun kanpora atera dituztelako arduradun politikoek, azpikontraten eskutan jarriz. Izan ere, azpikontratena da gaur egungo lan sistema publikoan etengabe gizenduz doan formula. Hartaraino, administrazioak enpresa sare trinko bat elikatzen du, era guztietako zerbitzuak eskaintzen dituena, hasi obra publikoetatik eta zahar etxeen kudeaketaraino, kulturgintza tarteko.

Pentsa daiteke belaunaldi kexati baten aurrean gaudela, lan molde berrietara egokitzen ez den jendearen aitzakiak direla. Baina zure ondoan ikusi izan duzunean lankide askoren patua dela ia urte osoa langabezian xahutzea, badaezpada beti prest, ordezkapen bat egiteko deiaren zain... orduan, prekarietateari aurpegia jartzen diozu. Edo sumatzen duzunean laguna ernegaturik, hezkuntzan egindako lan ibilbide osoan pilatu duen jakintza eta eskarmentua paperontzira botatzera behartuta...zaharkitze programatuaren biktima dela konturatzen zara. Kontatzen dizunean aspaldiko lankideak goizetan bulegora joateko daukan pizgarri bakarra hilaren bukaeran soldata jaso ahal izatea dela, jabetzen zara zenbateraino dagoen errotuta erabili eta bota printzipioa. Eta hori dena administrazioak kudeatzen duen sektore publikoan gertatzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.