Historiaren lokatzetik, garaikurraren distira

Ingalaterrak eta Italiak Eurokopako finala jokatuko dute gaur. Etxean ariko dira ingelesak, eta lehen garaikurra nahi dute. Italiak orain 53 urte irabazi zuen. Bi estilo «ezberdin» baina «eguneratu» elkartuko dira.

Ingalaterrak eta eta Italiak 2018ko martxoan Wembleyen jokatutako lagunarteko partida. KIERAN GALVIN / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Futbolaren memoria kolektiboan aparteko lekua dute Ingalaterrak eta Italiak. Kirol horren historiako bi katebegi garrantzitsuenetakoak dira, inportanteenak ez esatearren. Gaur, Eurokopako finalean ariko dira elkarren aurka, eta kontuak zer diren, zor handi bat kitatuko du txapelketa kontinentalak. Ingalaterrak ez du sekula Eurokoparik irabazi. Italiak behin, 1968an bere herrialdean jokatutakoa. Garai hartan molde zaharrean jokatzen zen.

Londresko Wembley estadioan jokatuko da finala, iluntzeko 21:00etan hasita (Telecinco eta TF 1 ). Historiaren beste keinu bat da hori: Ingalaterrak han irabazi zuen inoiz lortu duen garaikur nagusi bakarra, 1966ko Munduko Txapelketakoa. Ordutik hona, kito. Bost hamarkadatan esku hutsik geratu dira. Italia Europa mailan bezalaxe.

Datu horiek agerian uzten dute gaurko neurketak herrialde haietan duen garrantzia. Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak jai nazionalera deitu du biharko, baldin eta ingelesek irabazten badute. Erreginaren Etxeak, berriz, sir titulua emango dio Jonathan Southgate entrenatzaileari. Baldintza: txapeldun izatea.

Roberto Manciniren Italia garaitu beharko dute horretarako: «Partida ona espero dut, maila handikoa», esan du Gorka Etxeberria Real Unioneko kirol zuzendariak: «Bi historiko batuko dira, Ingalaterra eta Italia. Bi eredu eta kultura oso ezberdin diren arren, modernizatu egin dira, eguneratu. Ikusgarria izango da».

Futbolaren sehaska da Ingalaterra: han sortu zen joko modernoa, eta han egituratu ziren lehendabiziko sistemak. Horren adibide da Herbert Chapmanen WM motako antolaketa, aro modernoko estreinakoa. Hamarkadetan zehar, joko zuzena goratudute ingelesek.

Beste muturrean daude italiarrak. Futbolaren ulertzeko bere era duen herrialdea da Calcio-arena. Catenaccio delakoaren sorburua, defentsako joko itxiarena, kontrarioaren zain egotearena.

Beren esentzia albora utzi gabe, azkenaldian urrats bat egin eta iturri berrietatik edan dute bi selekzioek. Historiaren lokatzetik irten eta garaikurraren distiraz gozatzeko apustua egin dute. Aldaketa haiek eraman dituzte finalera: «Norbere estiloak igarriko dira, baina bi taldeek egin dute beren prozesua»,Etxeberriaren ustez. Teknikariak azaldu duenez, biek modernizatu dute jokamoldea: «Adibidez, Ingalaterrak, finalaurrekoan, luzapeneko azken minutuetan Espainiako edozein talderen gisan jokatu zuen. Baloia gorde egin zuen, eta egungo futbola egin. Hori pentsaezina zen baita orain dela sei urte ere».

Berritasun haizeak ditu Italiaren jokoak ere. Etxeberriak aletu ditu haietako batzuk: «Badu catenaccio-aren ukitu hori, baina presioa egiten duen talde bat da, eta gora egin behar duenean ondo antolatzen dira, baita kontraerasoan ere».

Eurokopa hasi aurretik, beste selekzio batzuek bete zituzten hautagai nagusien zerrendak. Finalaurrekoetan Espainiaren kontra jokatu zuen Italiak —penalti jaurtiketetan egin zuen aurrera—, eta Danimarka gainditu zuen Ingalaterrak. Faboritoen multzoan ez egonagatik, ordea, futbolik onentsuena jokatu duten bi talde dira, Etxeberriaren aburuz: «Harritu nau finala bi horien artekoa izateak. Baina ikusitakoak ikusita, merezitakoa dela uste dut. Italiak maila handia erakutsi du txapelketa osoan».

Halere, Ingalaterra jarri du «puntu bat aurretik». Batez ere, finala etxean jokatuko duelako: «Zale gehiago izango dituzte, eta lekua ere garrantzitsua da. Haientzat tenplu bat da Wembley. Psikologikoki lagunduko die». Hori bai, Italiarren «gene lehiakorrak» zeresana izango duela dio.

Italiak asteartean egin zuen finalerako jauzia; Ingalaterrak, asteazkenean. Bi partidetan 120 minutuz aritu ziren futbolariak. Horrek eraginik izan dezakeen galdetuta, «litekeena» dela dio Etxeberriak. Hark zehaztu duenez, ordea, biei eragin bera egingo die: «Nabaritzekotan, partida amaieran igarriko da».

Ezaugarri ezberdinak

«Ingalaterrak ahaztuak ditu garai bateko baloi luzeak», esan du Etxeberriak. Azpimarratu du lotura errazeko futbola egiten duela egun, jokalari onak dituelako: «Beti aurrera egiten dute, baloiarekin edo hura gabe». Italiarrek, berriz, denbora hobeto kudeatzen dute, Real Unionekoaren aburuz: «Pultsazioak jaisten badakite, eta kolpera igotzen. Horizontalagoak dira».

Bi estiloren arteko talka horrek garaile bakarra utziko du. Urte luzez oroituko duten garaile bat, kasurik onenean. Galtzailearen kasuan, domaia erabatekoa izango da. Historiaren lokatzetan zaildutako bi herrialdek loriaren distira nahi dutelako da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.