KRITIKA. Musika

Jan ala entzun

2022ko otsailaren 2a
00:00
Entzun

Ensemble Siciliano



Musikariak: Julia Siciliano (pianoa), Liana Gourdjia (biolina), Rumen Cvetkov (biola), Alexei Stadler (biolontxeloa). Egitaraua: W. A. Mozarten 1. laukotea pianoarekin sol minorrean K 478 eta J. Brahmsen 1. laukotea pianoarekin op. 25.Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Urtarrilak 30.

Donostia Musika elkarteak W. A. Mozart eta J. Brahmsen arteko alegiazko tirabira bere musika zikloaren ardatz gisa hartu du aurten. Hainbat artistaren artean, Julia Siciliano pianista estatubatuarrak sortutako ensemblea, iaz Beethovenen sonata eta trio guztiak taularatu zituena 200. urteurrena ospatzeko. Nazioarteko bakarlariekin batuz, bi laukote eskaini ditu oraingoan.

1785ean, F. A. Hoffmeisterrek hiru piano laukote enkargatu zizkion Mozarti. Salzburgotarrak bere lana burutu zuen, baina, antza, lehenak exijentzia maila handiegia zuen, eta, salmentak ez zirenez espero bezain onak, bertan behera utzi zuen enkargua. Egoera ez da askorik aldatu azken 230 urteotan: denok gustuko dugu musika entzutea, baina are gustukoagoa dugu egunero jatea. Edonola ere, laukote hau gurera iritsi da, Mozartek sol minorrean idatzitako beste obrekin batera asalduraren kategoria osatzera. Hala da, behintzat, allegroaren lehen konpasetan, hasierako unisonotik. Leunduz doa gero, eta andantearen esaldi liriko luzeetan urtu egiten da, biolinaren gidaritzapean tonalitatea aldatu eta biolarekin nagusira berriro bueltatuz. Fin aritu ziren lau musikariak, Cvetkov fraseatze ederrarekin, Siciliano sen onaz, taupadak galdu gabe.

Hanburgon amaitu zuen bere lehen piano laukotearen idazketa Brahmsek, 1861ean, Clara Schumann lagun mina zuela. Mozarten laukotearekin alderatuz, noski, giro arras desberdinean murgiltzen gaitu. 80 urte geroago, Schoenbergek orkestratu egin zuen, funtsean, gustuko zuelako, eta, oso gutxitan interpretatzen bazen ere, gaizki egiten zela argudiatuta. Ez zen hala izan igandean. Hasierako allegroaren heterogeneotasunean zein intermezzo arinaren itzaletan distiratsu agertu ziren hariak. Partitura hegalari bihurriekin arazoak gaindituta, Gourdjia doi-doi aritu zen, andantean lerro garbiak marraztuz. Azken mugimendu elektrikoan, Hungariako ijitoen estilora idatzita, inarrak atera ziren agertokitik. Siciliano tinko pedalean zein eskaletan, Stadler arin eta dotore. Ia jatea baino hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.