Geuretik Sortuak egitasmoa abiarazi dute

Udalbiltzaren kultura proiektu bat da, eta 30 udalek parte hartuko dute. 26 lan egingo dituzte: 16 ipuin, 5 antzezlan eta 5 film labur

Udal ordezkariak eta kultura sortzaileak, atzo, Oiartzungo Arizmendi Eneako lorategian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Gorka Arrese.
Oiartzun
2021eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Idazleak, aktoreak, zinemagileak eta musikariak batetik, eta alkateak, zinegotziak eta kultura arloko arduradunak bestetik, 50 lagun inguruko bilkurarekin abiatu da Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoa, Oiartzunen (Gipuzkoa), Arizmendi Eneako lorategiko gerizpe atseginean.

«Euskal Herriaren kontakizun sentikorra arteak eta kulturak baino ezin dute egin», adierazi du Udalbiltzak. «Azken urteotan, ordea, atzerriko hizkuntzetan egindako kultura nagusitzen ari da gizartean. Horregatik, euskara hutsean egindako artea eta kulturaren sormena, ekoizpena eta hedapena sustatuko dituen zirkuitu nazionala artikulatu nahi du Geuretik Sortuak proiektuak».

Deialdi publiko bat egin zuten iazko abenduaren hastapenean Durangon, eta orain 26 proiektu aukeratu dituzte lagunduak izateko. Halatan, idazleek, zinemagileek eta antzerki konpainiek sormen egonaldiak egingo dituzte hiru astez 30 herritan.

Hamasei ipuin, bost antzerki obra eta bost film labur landuko dira, eta datorren urtean zirkuitu nazionala osatuko dute Euskal Herriko zenbait herritan eta hiritan.

Hiru adibideren aurkezpena

Itxaro Borda Usurbilen (Gipuzkoa) izango da uztailaren 5etik 25era. «Proiektu honek egunerokotasunetik aterako gaitu», adierazi du idazleak. «Ideiak badaramatzat aitzinetik, baina iruditzen zait Usurbilgo jendearekin egonez moldatu egingo direla neurri batean. Artzeren eta Zumetaren herriaren aizolbean, segur naiz zerbait berezia sortuko dela. Saiatuko naiz hango naturarekin harreman poetiko batean lotzen». Hamasei ipuinen bilduma neguan argitaratuko du Udalbiltzak. Idazleak izango dira: Ugaitz Agirre, Maialen Akizu, Garazi Albizua, Bertol Arrieta, Yolanda Arrieta, Itxaro Borda, Peru Calabaza, Iban Garro, Edorta Jimenez, Danel Lauzirika, Iñaki Martiarena, Nefer Olaizola, Maitane Perez, Fito Rodriguez, Sarai Robles eta Nahia Zubeldia.

Metrokoadroka taldeko Idoia Beratarbidek jakinarazi duenez, Bidaide lana sortuko dute, antzerkia eta beste arte diziplina batzuk uztartuko dituena. «Metrokoadrokak 2008tik dihardu antzerkian, eta oso gutxitan gertatu zaigu kulturgintzan ikustea esperimentazioa eta ikerketa laguntzea. Eskertuta gaude».

Raul Barreras zinemagilea Arnasa izeneko film proiektuaz mintzatu da. Ekaitz izango du protagonista, hiritik baserrira aitona zaintzera joango dena pandemia garaian. «Nekazari giroko herri hartan jazarpena pairatutakoa da Ekaitz, homosexuala izateagatik». Grabatuko diren bost film laburrak film bakarrean bilduko ditu datorren urtean Adabaki ekoizpen etxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.