Angel Erro.
JIRA

Bakardadea

2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Isiltasuna hobetu dezakeen ezer esateko ez duenak hobe omen du hitzik ez egin. Modu berean hasi naiz ni bakardadeaz pentsatzen. Ezin baduzu hobetu, utz nazazu bakarrik. Gero eta astunagoa zait egon nahi ez dudan jendearekin biltzea. Orain badakit lehen neure konpainia malapartatzen nuela askotan. Adinaren kontua ez bada, pandemiak hau ekarri badit, alegia, gaitz erdi. Orain, gutxienez, badut mundu guztiarekin ez elkartzeko, edonora konpromisoz ez joateko, aitzakia sinesgarriagoa.

Halako selekzio natural bat gertatu da adiskide eta ezagunen artean, denborak atxikitzen dizkidan lagunen artean. Tarteka isolatuta egon beharrak eraman nau benetan norekin egon nahi dudan, nor behar dudan, argiago bereiztera. Baliteke kontrakoa gertatu zaionik ere egotea, hori ere uler nezake. Abstinentziak jota edonorekin batzeko prest legokeenik, alegia, honetatik taldekoiago aterako duenik. Niri oraingoz dar-dar eginarazten dit horretan pentsatzeak ere. Baina ez dut zerbait behin-behinekoa izatea baztertzen. Betiko itxurazale adeitsua izatera itzultzea.

Momentuz ditudan hitzordu urriek selektiboa izatera naramate. Baita buruiritzia ere. Ongi moldatzen naiz neure buruarekin. Bion arteko harreman hori berdintzen ez duenak jai du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.