Angel Erro.
JIRA

Emostazu musutxue

2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Lehenago enteratu naiz musutxuaz huraxe agertzen den filmaz baino. Disney (eta Pixar) enporioko marrazki bizidunetako azken filmean bi pertsonaiak muxua ematen diote elkarri. Bi pertsonaia horiek bi neskatxa edo bi emakumezko dira. Pozik egon beharko nuke. Ez da hori Disneyri hainbestetan eskatu dioguna? Eta berez seguruenik pozik nago, gehiegi nabari ez bazait ere (edo neure buruari nabari ez badiot ere). Bai, errepresentazio mota hori da marrazki bizidunetako industriarik kontserbatzaileen eta eragin handikoenari eskatzen geniona, ametsen fabrikak ume guztiei eskain ziezaiela zerekin amestu. Beraz, bai, notizia ona da. Agian nahiago nuke, hain susmabera agertu behar ez izateko, Disney (eta Pixar) etxeko filmaren lehen berria ez izana bertan bi emakumek elkarri musu ematen diotela eta horrek munduko herrialde batzuetan eragin duen debekua (hamalau herrialdetan debekatu omen dute filma, oraindik ez dakit zehazki zein, pot bakar horregatik). Batzuetan debekua domina izan daiteke. Eta nago ez zaiela notizia gaizki etortzen, noiz eta gay harrotasunarena omen den ekain hilabetean. Disneyk badaki non eta nori saldu behar dion, goian eutsiko badio. Gutxi batzuei horrek dakarkigun ona beste kontu bat da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.