Bukatu da lan gatazka

Baiko enpresako hamabost pilotari grebalariek akordioa lortu dute Eskuzko Pilota Enpresen Ligarekin, eta bertan behera utzi dute lanuztea

Baikoko arduradunek eta enpresako pilotari grebalarien ordezkariek egindako lehen bilera. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Kito. Amaitu da pilota mundua inoiz ez bezala astindu duen lurrikara. Bukatu da Baiko enpresako eta haren pilotari gehienen arteko lan gatazka. Akordioa lortu dute hamabost pilotari grebalariek EPEL Eskuzko Pilota Enpresen Ligarekin eta erakunde hori osatzen duten bi enpresekin, Baikorekin eta Asperekin. Atzo itxi zuten tratua, eta, horren ondorioz, bertan behera geratu zen azaro bukaera arte deituta zegoen greba. Hamabost pilotari horiek jokatzeari ekingo diote berriz asteburu honetan. Hiru asteburu luze egin dituzte lehiatu gabe, joan den urriaren 9an greba hasi zutenetik. Haien itzulerarekin, pilotak ohiko jarduna berreskuratuko du, eta kantxan gertatzen denak bereganatuko du arreta: lehiak besterik ez. Hilabete eta erdi iraun duen lan gatazkak muturrera eraman du ezkerpareta profesionala, baina, pilotazaleen zorionerako, bi aldeak ados jarri dira gatazkari amaiera emateko.

Akordioak zortzi puntu ditu. Lehena, EPELek «epe ezberdinetan» egingo die kontratua berritzeko eskaintza Baiko utzi zuten lau pilotariei: Iosu Eskirozi, urtarrilaren 1a baino lehen; eta Victor Estebani, Unai Lasori eta Jon Mariezkurrenari, uztailaren 1a baino lehen; bigarrena, urteroko gutxieneko soldata 25.000 eurotan finkatuko da, betiere jaialdiak antolatzen diren hiru autonomia erkidegoetan berriro edukierak gutxienez %80ra handitzen baldin badira; hirugarrena, estelarrak jokatzen dituzten pilotariek diru sari bat jasoko dute; laugarrena, Hego Euskal Herritik kanpora egindako joan-etorriengatik dietak ordainduko dira; bosgarrena, adostutako barne araudia indarrean jarriko da; seigarrena, entrenamenduetako sistema aldatuko da, eta pilotariek aukeratu ahal izango dute enpresak zuzendutako entrenamenduetara joan, edo euren kasa entrenatu; zazpigarrena, soldatarik baxuenak dituzten pilotariei esklusibitate klausulak malgutuko zaizkie; zortzigarrena, COVID-19ak eragindako egoera ekonomikoan soldaten murriztea baxuago izango da gutxien kobratzen dutenen artean, betiere garai horretako gutxieneko soldata ziurtatuta; eta bederatzigarrena, EPELek hainbat konpromiso hartuko ditu bere gain: besteak beste, informazio eskubideari, lehiaketa egutegiari eta botileroei dagokienez. Azken horiek, adibidez, banakako partidetan egon ahal izango dira, betiere pilotariak enpresa ezberdinekoak baldin badira; enpresako teknikariak izan beharko dira. Akordioa bi enpresetako pilotarien %90ek gutxienez sinatu behar dute. Izan ere, akordioak sektore guztian izango du eragina eta, beraz, Enpresen Ligaren parte diren bi enpresetan izango da aplikagarria. Aspeko pilotariak ere horren parte izango dira.

«Pozik» zegoen Ibai Zabala pilotarien ordezkarietako bat akordioa lortu berritan. Etxean ospatu zuen, bakartuta baitago, koronabirus proban positibo eman ondoren. «Lortu nahi genituen helburu gehienak lortu ditugu: batetik, aukera dago enpresa utzi zuten lau pilotariak itzul daitezen; eta, bestetik, gutxieneko soldata bat adostu dugu. Akordio hobea lor zitekeela? Agian, bai, baina negoziazio batean beti ez da lortzen nahi duzun guztia».

Argi du: «Merezi izan du borrokatzea. Etorkizuneko pilotariei erakutsi diegu halako egoera batean batuta egonez gero, eta elkarrekin lan eginez gero, gauzak lor daitezkeela».

Behin akordioa lortuta, «pilotan jokatzen» izan nahi dute arreta osoa. «Horrenbeste denbora jokatu gabe egon ondoren, frontoietan aritzeko gogoa dugu. Bazter batean utzi nahi ditugu pilotan jokatzea ez diren beste kontuak. Beharra dugu burua lasaitzeko».

Gatazkak binakakoaren azken txanpa eta banakakoaren hasiera eten ditu. Zabalak espero du horren inguruan ere akordioa lortzea. Haren iritziz, finalerdietako azken jardunaldiko Agirre-Albisu eta Ezkurdia-Martijaren arteko partida jokatzea litzateke «aukerarik bidezkoena».

ELAren zorionak

ELAk, berriz, pilotariak zoriondu zituen, «egin duten borrokagatik». «Borroka horren helburua, besteak beste, kolektiboaren prekaritate-arazoei aurre egitea eta inposaketan eta aldebakarrekotasunean oinarritutako lan-harremanekin amaitzea zen. Prozesu horren emaitzak erakusten du oso garrantzitsua dela sindikatu batean antolatzea, baita kirol profesionalean ere, lan-baldintzak hobetzeko berme bakarra baita. Agerian geratu da, haien borrokarik gabe, akordio hori ez zela existituko.»

Era berean, ELAk azpimarratu zuen sindikatua «oso harro» dagoela «borroka gogor honetan» pilotarien kolektiboa lagundu izanaz, eta «erabakigarria» izateaz ospatzen ari diren akordioa lortzeko garaian. «ELA beti egongo da gure erakundearen inguruan antolatzea erabakitzen duten langileen alde, haien eskubideak defendatzeko eta lan eta bizi-baldintzak hobetzeko».

ELAren arabera, Auzitegi Nagusiaren autoa «inflexio puntua» izan zen, eta «aurrekari oso garrantzitsu bat» sortu zuen kolektibo horrentzat, «ezinbesteko tresna» izan baita «greba eskubidea defendatu ahal izateko eta mobilizazioen balioa berresteko». «Hamabost pilotari hauek egindako borrokarik gabe, gaurko akordioa ez litzateke posible izango. Akordio horrek erakusten du posible dela prekaritateari aurre egitea antolakuntzaren bitartez, eta ELA bidelagun izango dela halakoetatik ateratzea erabakitzen duen langile ororentzat».

EPELentzat, berriz, akordioa «berri ona» da pilotarentzat, eta bereziki pilotazaleentzat. Eskerrak eman zizkien Pilotarien Elkartea sustatutako Aspeko eta Baikoko pilotariei, haien «prestasunagatik eta hitz egiteko jarrera eraikitzaileagatik». Haren iritziz, haiek gabe, ez zen lortuko akordiorik.

Baikok ere esan zuen «berri ona» dela. Azpimarratu zuen «arrazoi» zutela greba lagatzeko eskatuta, eta «beharrezkoak ez ziren kalteak» eragin dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.