ETA osteko dinamikak

Pako Aristi - Idazlea

2018ko urriak 7
Batzuetan, mundua hobetzen ari ote den sentipen alai batek hartzen dizkit erraiak, adinarekin, eta, batez ere, gure historia zenbat eta gehiago ezagutu, orduan eta eszeptikoagoa bihurtzen ari naizen arren. Bada Getarian taberna polit bat, kaian bertan, arkupean. Bertan hartzen dut eguneko kaferik gozoena, lehenengoa, uraren errainuak baporeen kaskoetan nola islatzen diren ikusiz, musikak, gure paisaiaren osagarri bilakatu den honetan, maiz mikazten didana: Julio Iglesias, Ricky Martin eta antzekoak jartzen dituzte. Gaur miraria gertatu da: Benito Lertxundi egon da kantari, eta haren ahotsaren ferekak iltzaturik eduki nau bi orduz arkupe horren abaro gozoan. Orreagako kanta eder eta luzea entzun bitartean, ETA osteko garai honek zer ekarri digun pentsatzen aritu naiz.

Euskal gizartearen aktibo guztien posizio hartze bat ikusi dut, eta funtsean hiru multzo nagusitu dira, hiru mezu:

1-ETA da herri honi gertatu zaion gauzarik txarrena. Etsenplu gisan, Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiari eginiko elkarrizketa labur bat telebistan, bere agintaldiaz zer oroitzen zuen galdetu ziotelarik: «Gauza txar asko, ETAren atentatuak, bahiketak... Baina onak ere bai, ekonomiaren suspertzea, langabeziaren beherakada...». Gauzarik txarrena, eta bakarra, beraz, ETA; hitzik ez Espainiarekiko subordinazio egoerak sortutako desoreka, tortura, estatu krimen eta abar luzeari buruz. Honen anaikidea da, ildo berekoa, jarraipen logikoa, Urkulluk ahoskatutakoa: Injustua izan zen.

2-Ez genuen ikusten jakin, ez genuen mailarik eman. Jarrera hau, batez ere, idazle, intelektual eta iritzi-emaileek zabaltzen dute, atzera begirako mea culpa bat, baina gaur dauzkaten lanpostu erosoetatik emana. Baina noski, hori da partida nola amaitzen den ikusi arte itxoitea, gero irabazlearen alde zeundela aitortzeko. Iraganean mintzo dira, abantailarekin, zer komeni den dakitenean. Bada jendea bizi dena orainaz ezer esan gabe, eta hartaz igaro denean soilik idazten duena. Bide-sari baten itxura ere badauka, kolaborazio susmoen zuritze bat, gaurko hedabideetan lekua egin diezazuten.

3-Nola kontatu 15 urteko bati ETA zer izan zen. Hau elkarrizketetan ageri da maiz, eta historia bere osotasunean esplikatzeko beldurra erakusten du, ETA taula handi baten pieza bat besterik ez baita, herri baten desagerpena bilatzen duen menderakuntza genozida baten erreakzioari dagokion atal bat, planteamendu politiko batzuen abangoardia armatua, milaka eta milaka pertsonen, sendien eta kargu politikoen babesa izatera iritsi zena. Testuinguruari uko egitea esan nahi du, kriminal talde bat zen, eta kito; estali gaitzala errezel lodi batek.

Joxe Manuel Odriozolaren hitzak hartuz, euskaldunok ez daukagu autonomia eta gaitasun ideologikorik ETAren iraganaz kontakizun taxuzko bat egiteko. Eta ez digutela uzten, gaineratuko nuke, epaitegiak ditugula begirale, eta isunak, bazterketa eta kartzela bera etorkizun, horretan hasiz gero. Baina hau demokrazia ez dela esateko adorea, behintzat, behar genuke.

Horren ordez hedatu dira hainbat mezu toxiko, Espainiaren ikuspegi inperialistaren garaipen direnak. Baketze eta adiskidetze programa guztiek ideia bakarra dute oinarrian, eta aspaldikoa da: euskal gizartea gaixo dagoela, fanatismoz eta biolentziaz gaixo, eta terapia behar duela. Edo espainolismoaren hainbat ikurri gure hedabideetan lekua egitea dela aniztasuna, menperatzaileari ahotsa ematea baino ez denean. Ez baita eraikitzailea, ez ideien zirkulazio askea: nolabaiteko euskal kontzientzia nazionaldun hedabideek espainolismo militanteari ateak irekitzen dizkioten bezala, kontrakoa ez da gertatzen: duda bako kontzientzia espainoldun hedabideek ez diote aterik zabaltzen haien ideia politikoak ezbaian jartzen dituen inori. Aldebikotasunik gabe ez dago inoiz orekarik, ez kulturan, ez linguistikan, ez politikan, ez etikan.

Euskal idazle batek idatzia ere ikusi dut hau: helburuak birformulatu behar ditugula elkarbizitzaren mesedetan, tarteko bideak bilatu, zubiak eraiki, besteak kontuan hartu. Itzulita: Espainiaren baitan eroso bizitzen ohitu behar dugula, gure aspirazio gorenei uko egin ondoren. Gure egin ditugun ETA osteko narratiba guztiak Espainiaren think tank mediatikoetan sortuak dira, etsaiaren narratibekin mintzo gara. Baina horrek sor zezakeen gatazka ideologikoa saihesteko, etsai etiketa ezabatu behar izan zaio Espainiari. Orain, estatus berriaren arabera, Espainia bere legedia eta erakundeak gure mesedetan jartzen dituen konplize bihurtu da.

Maialen Iriartek uztaileko elkarrizketa batean: «PNVrekin lortu dugun akordioa koska bat da gure azken helburua lortzeko, Euskal Estatu independente bat». Duela 40 urte horixe zen PNVren mezua, Aberri egunetarako, jakina: Gernikako estatutua zela independentziarako lehen pausoa. Ezker abertzaleak ez zuen sinetsi, nik ere ez. Garai hartan pegatinak jartzen genituen paparrean: Estatutuari EZ. Aitortzen du Iriartek ponentzian ez dela independentzia ageri, baina onartu litekeela konstituzioa ukitu gabe.

Abuztuan, ordea, Rafa Diezek kontrakoa dio beste elkarrizketa batean: «... gaurko estatutuaren eta konstituzioaren egiturak aldaketa erradikal bat behar du». Diezek aipatzen du estatus berria ez dela haustura modelo bat, ez Estatutik alde egitekoa, baina era berean aitortzen du Estatuan ez dagoela bitartekari demokratikorik. Nola den hitzartzen zerbait existitzen ez den norbaitekin, hori daukate zaila argitzen. Ikusi besterik ez dago, azken aldian, duela ez hainbeste defendatuko ez zuketena justifikatzeko hartu duten lana.

Ilegalizazioak kalte handia egin ziola aitortu zuen ezker abertzaleak, eta ondorio honetara iritsi zen: Espainiako sistematik kanpo ez gara ezer; beraz, integratu gaitezen bertan. Egia justu kontrakoa denean: Espainiako (eta Frantziako) legedietatik kanpo soilik izango da Euskal Herria herri eta Estatu.

Historia honetako protagonista guztiek kantatu zuten Benitoren beste kanta hura: «Gurasoen mundu aldrebes hau ez dugu onartzen». Orain eurak dira mundu aldrebes horren defendatzailerik sutsuenak, eta belaunaldi berriei ez diote halakorik kantatzen utzi nahi. Herri askotako kaleetan afixa interesgarriak agertu baitira: «Iruzur autonomiko berririk ez». EH Bilduk orain sinesten du estatutuan; nik jarraitzen dut sinetsi gabe. Tamalez, afixa horiek ez dute asko iraun kaleetan. Iraun dezatela, arren!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna