Athleticek nortasuna erakutsi behar du suspertzeko

haritz gallastegi
2018ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Ehun eta bat egun egon da zain Athletic denboraldiko bigarren garaipena eskuratzeko. Udan lortu zuen lehena, eta udazken bete-betean bigarrena. Bidean ezina erakutsi du. Erasoan zailtasunak izan ditu, eta defentsan behar baino hutsegite gehiago egin ditu. Finean, ez da talde sendoa izan. Ondorioz, larri dago sailkapenean: jaitsieran da, 18. postuan, eta hiru puntura du 17. sailkatua, Vila-real. Egora kezkagarria da.

Espainiako Kopako garaipenak ez ditu taldearen gaitzak konponduko, baina lehen urratsa izan daiteke taldeak konfiantza hartu eta lehiakorragoa izateko. Hala ere, argi izan behar da biharko norgehiagokak ez duela zerikusirik izango ostegunean jokatutakoarekin. Liga ez da Kopa, eta Levante ez da Huesca. Valentziako taldea oso ondo aritu da orain arte. Sailkapenaren erdialdean dago, Europa ligako postuetatik gertu.

Halere, etxetik kanpo, zaleen aurrean baino erosoago ari da. Valentzia Hirian jokatutako sei partidetan zazpi puntu irabazi ditu, kanpoan baino lau gutxiago. Alabaina, kontuan hartzeko taldea da. Jose Luis Morales hegalekoak nortasuna eta sakontasuna ematen dio taldeari. Eta kapitainaren inguruan, ondo jokatzen ari diren futbolariak ditu. Egun ez baitago kalitaterik gabeko talderik.

Aurkaria gutxietsi barik, Athleticek bere buruari begiratu behar dio dituen arazo nagusiei konponbidea emateko. Hasteko, talde moduan funtzionatzen ahalegindu behar da. Lerro artean orain arte baino tarte gutxiago lagatzea izan behar da lehen helburua, hots, aurrera zein atzera elkarrekin egitea.

Hamaikakoari dagokionez, defentsaren ezker hegalean nor zelairatu da Berizzoren buruko min nagusia. Yuri zigortuta dago, eta Balentziaga min hartuta. Iñigo Martinez hegalean aritzea izan daiteke aukera bat, baina De Marcosek eta Ganeak ere joka dezakete postu horretan. Erasoan, Raul Garcia osatu da, baina ikusi beharko da hasieratik ariko den edo aulkian hasiko duen lehia.

LEVANTE-ATHLETIC

Levante. Oier; Jason, Cabaco, Rober Suarez, Chema, Toño; Rochina, Campaña, Bardhi; Morales eta Roger.

Athletic. Herrerin; De Marcos, Unai Nuñez, Nolaskoain; Iñigo Martinez; Beñat, San Jose, Susaeta, Muniain, Cordoba; eta Williams.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Valentzia Hiria (26.354 ikusle).

Ordua. Bihar, 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.