Arduraz botoa ematera pandemia garaietan

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxe Mari Muñoa
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
1- Hauteskundeen hurbiltasuna

Datorren uztailaren 12an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango ditugu. Berorietatik irtengo da hurrengo lau urteetan izango dugun Jaurlaritza. Osasun-segurtasuneko baldintzetan egingo dira hauteskundeak, betiere COVID-19 pandemiaren bilakaera kontuan hartuta.

Orain arte ezagutu ez den osasun- eta ekonomia egoera batean egonik, kanpaina desberdina izango ote da formari eta mezuen edukiari dagokienez? Zoritxarrez, ez dirudi hala izango denik, egunero ikusten ditugun kanpainaurreko deskalifikazio eta erasoei kasu egiten badiegu.

Herritarren parte hartzeak beti du balio berezia, are gehiago une zailak bizi ditugunean. Alderdi politiko batzuentzat, hauteskunde deialdia polemikan eta giro suminduan bilduta dator, liskarra eta desadostasuna gehiago bilatzen dutela dirudi, hauteskunde eskaintza lasaia baino. Horrek guztiak are bakanagoa egiten du deialdi hau. Bizi dugun osasuneta ekonomia egoerak baldintzatuko dute botoa, zalantzarik gabe.

2.- Oinarrizko lehentasunak

a.- Momentu eta egoera zehatz honetan, osasun politika indartzeak izan behar du lehentasuna beste ezeren aurretik. Bizitzen ari garen esperientziak erakusten digu zer garrantzitsua den osasun publiko berritu bat edukitzea, nahikoa baliabide dituena, ahal den neurrian aurrea hartzen dakiena, muturreko egoerak aurreikusten dituena eta haietarako prestaturik dagoena. Mezuak zaintzea eta herritarrei modu zehatz eta argian komunikatzea funtsezkoa da, interpretazio kontraesanezkoei zirrikiturik utzi gabe, baita osasun-ikerketa bultzatzea ere. Justiziazkoa da aitortzea alderdi horietako askotan urrats handiak egin direla aurrera.

b.- Hezkuntza sistema finkatzea, administrazio publikoaren jarduna indartuz gizarte ekimenaren lankidetzarekin. Gurasoen, ikastetxeen eta administrazioaren arteko etengabeko elkarrizketa sendotzea eskatzen dugu, ikastetxeak etengabeko gatazka leku bihurtu gabe. Arazo askori egin behar diete aurre. Une zehatz honetan, berebiziko garrantzia du aurtengo ikasturtea ahalik eta trauma txikienarekin amaitzeak, hurrengo ikasturtea ondo prestatu eta planifikatzeak. Kontuan izan beharko dira, halaber, nahikoa finantzaketa izatea, irakaskuntza telematikoa, ikasleen murrizketa, familia-kontziliazioa, premia handiena duten ikasleei zuzendutako indartze-politikak, eta abar. Hezkuntza Sailak izan behar du, aurrerantzean ere, hezkuntza egoera konplexu hori guztia gidatzen duena.

c.- Industria politikan, ezinbestekoa da enpresen eta administrazioaren arteko elkarrizketa gardena eta zintzoa, enpresa bakoitzak bizi duen egoera ahalik eta modu sakonenean ezagutu ahal izateko. Horrekin batera, laguntzak eta jarduketak definitu beharko dira, Europan eta Espainiako Estatuan zehaztutako markoaren barruan, eta lehentasun batzuk ere ezarri beharko dira: enplegua babestea eta sustatzea, sektore eta enpresa kaltetuenei lehentasunezko arreta ematea eta proiekzio kontrastatua duten haiek sustatzea. Enpresen etorkizuna, jarraipena eta enplegu duina funtsezko elementuak ditugu.

3.- Ezinbesteko betebehar etikoak

Behin eta berriro errepikatzen digute: «denok itsasontzi berean goaz, eta, beraz, batuta egon behar dugu». Egia da, baina bat-egite hori ahulegia da, era berean. Gainera datorkigun erronka sozial, ekonomiko eta politikoak balio jakin batzuk onartzea eskatzen du, ontzi hori hondoratzea eragotziko duten printzipio sakonagoak ezartzea. Egunero egiaztatzen dugu pertsonak hiltzen ari direla, enpresak ixten, prekaritatea areagotzen ari dela, osasun zerbitzu gehiago behar direla, eta abar. Baina dirua eta boto batzuk baino zerbait gehiago behar dugu guztiontzako etorkizun hobea lortu nahi bada. Gure gizarte-bizitza egiazko balio etikoetan oinarritu behar dugu.

Herritarren artean oso zabalduta dago honako ideia hau: erakunde publikoek eta merkatuak dena konpontzen dute, ez da ezer gehiago egin behar. Egia da nahitaez bete beharreko legeak eta arauak behar ditugula. Baina horiek guztiak askoz eraginkorragoak eta iraunkorragoak izango dira herritarrek bereganatutako jokabide-kodeekin indartzen badira, esate baterako, egiarekiko eta emandako hitzarekiko leialtasuna, tolerantzia, elkartasun eraginkorra, ongi egindako lana, behartsuenen defentsa edota guztion onerako eskatzen zaigun hori betetzea.

Etorkizunean gertatuko dena, neurri handi batean, une honetan dugun jokamoldearen ondorio izango da. Konbentzimendu demokratiko soilagatik baztertzen ditugu botoak irabaztea beste xederik ez duten polarizazioa eta gatazka elikatzen dituzten jarrerak. Elkarrizketa eta ituna aldarrikatzen ditugu bizitza sozial eta politikoan. Hori da Herria batzen eta eraikitzen duena; saia gaitezen errealitatearen ikuspegia desitxuratzen duten gorrotoa eta ideologia gainditzen.

Irtengo gara egoera zail honetatik, beste batzuetan ere egin dugun bezala. Ontzia ez da hondoratuko. Martin Luther Kingek esan zuen bezala, duela berrogeita hamar urte baino gehiago: «baliteke guztiok hona ontzi desberdinetan heldu izana, baina orain ontzi berean gaude denok». Hori gerta dadin, garrantzitsua da uztailaren 12an askatasunez, buru-argitasunez eta erantzukizunez botoa ematea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.