Memoria ariketa bat

Realak Eusebioren Girona hartuko du bihar, etxean. Iragan sasoiko partida izango du gogoan; aise azpiratu zituen kataluniarrak

Luca Sangalli Realeko jokalaria, entrenamendu batean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Behingoagatik, Realari ez zaio askorik axolako atzera begira jartzea. Bi arrazoi dituzte horretarako donostiarrek: Girona izango dute bihar aurkari Anoetan, iragan sasoian aise menpean harturiko aurkari bat (5-0), eta Eusebio Sacristan da egun kataluniarren entrenatzailea, iazko sasoira arte Realaren prestatzailea izandakoa. Bi faktoreak gurutzatu nahi ditu Asier Garitanoren taldeak Gironari irabazteko; orduko jokoa eta aurkariaren inguruko ezagutza.

Alabaina, ez dirudi lantegi erraza izango duenik. Eusebiok aldatu egin du jokatzeko era, eta Realarengandik gertu dago Girona sailkapenean: hiru puntu gutxiago ditu. Sistemari dagokionez, aldaketa dezente egin ditu entrenatzaile espainiarrak. Donostian sarri erabiltzen zuen 4-3-3 eskema baztertu egin du Katalunian. Egun, 3-5-2koa erabili ohi du gehienetan, eta bost atzelarirekin ere zelairatu izan da. Aste honetan, aukera horiekguztiak kontuan hartu ditu Bergarako entrenatzaileak, eta horri aurre egiteko formazio bereziekin proban aritu da.

Indartuta berrekingo dio ligari talde txuri-urdinak. Bilbon lortutako garaipenak baretu egin ditu urak Donostian, eta, bide horretan jarraitzeko, ezinbestekoa da bihar emaitza ona lortzea. Horretarako, zenbait jokalari berreskuratuko ditu Garitanok. Juanmi Jimenez da horietako bat; aurrelariak hiru partida eman ditu zigortuta, baina zelaian izateko moduan da dagoeneko. Willian Jose, berriz, hasieratik aritu daiteke, lesiotik guztiz osatu ostean. Diego Llorente atzelariak ere lehen minutuak joka ditzake abuztuaz geroztik.

«Beste pausotxo bat eman nahi dugu». Hala adierazi zuen Garitanok atzoko agerraldian. Orain artean egindakoarekin «gustura» agertu da prestatzailea, baina ohartarazi du lanean jarraitu behar duela taldeak, eta Gironaren indarguneak azpimarratu ditu: «Talde ona da, baloiarekin ondo moldatzen da, eta erritmoa ezartzen dio jokoari». Gironaren korapiloa askatzeko modua bilatu nahi du Garitanok; iragan hurbilean aurkitu dezake horretarako formula.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.