Valladolid 0-0 Eibar

Armiarmak, segi lasai lotan

Eibarrek, beste behin, ez du baliatu bigarren zatiko nagusitasuna golak sartzeko, eta puntu bakarra eskuratu du Valladoliden

Aitor Manterola Garate.
2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Epailea. Cuadra Fernandez. Txartel horiak: Valladolideko Nacho eta Calerori; eta Eibarreko Arbilla (2), Peña eta Dioperi. Txartel gorria: Eibarreko Arbillari (73. min). Bestelakoak. 16.038 ikusle Jose Zorrillan; tartean, Eibarreko hainbat zale.

Jose Zorrilla estadioko bi ateetan lasai ederrean segituko dute armiarmek sarean. Valladolidek, etxeko taldeak, eta Eibarrek ez zieten mugimendu zirkinik ere eragin atzo. Gol bat bera sartzeko ere ez ziren gai izan bi taldeak, eta ez zen izan aukerak sortu ez zituztelako.

Ate bateko armiarmek ikusi zuten beste inork baino lehenago Eibarreko atezainak, Dmitrovicek, min hartu zuela beroketan, edo behintzat, jokatzeko moduan ez zegoela konturatu zela serbiarra. Riesgok ordezkatu behar izan zuen, eta baleko partida jokatu zuen. Lehen zatian ikusi zituen gertuen Valladolideko jokalariak, eta zazpigarren minutuan egin zuen partidako urruntze bakarra, Unal turkiarrak area txikiaren gainetik errematea egin zuenean.

Hamaikakoan arreta eman zuen bestea Cucurella eta Jose Angel elkarrekin ikustea izan zen.Jose Luis Mendilibarrek kataluniarra jarri zuen erasoko ezker hegalean, eta lan ona egin zuen; batez ere, bigarren zatian. Orduantxe ibili zen erosoen Eibar: aurkaria goian estutzen, baloia Masip atezainaren areatik gertu lapurtzen, aukerak sortzen...

Lehen zatian ez zen izan bigarrenean gero ikusitako konturik, ez baitzen izan norabide bakarreko partida. Joan eta etorri aritu ziren bi taldeak, eta Valladoliden arriskua defentsatik erasora azkar joan zenean gauzatu zen. Baina ez zuen ateko bidea aurkitu, Orellanari gertatu izan zitzaion bezala hamargarren minutuan. Eskuin hegaletik sartu zen area barrura, eta jaurtiketa Masipek geratu zion.

Lehen zatiaren azkenaldera hasi zen Eibar nagusitzen, bigarrenean erakutsi zuen moldearen lehen trazak plazaratuz, eta txiletar erdilariari berriz ere Masipek geratu zion errematea; burukada izan zen, 37. minutuan. Handik zazpi minutura, Jordanen urruneko jaurtiketan, kornerrera urrundu zuen atezainak.

Aldageletatik bueltan, Eibar egin zen jokoaren jabe, eta aurpegiz eroso jokatzeko aukera izan zuen. Gora iristen hasi zen, eta bide horretan eskuinekoa erabili zuen gehien. Orellanak kanpora bota zuen baloia 50. minutuan, eta, berehala, sekulako jokaldi landua sortu zuten Peñak, Escalantek eta Diopek, baina, azken horren pasean, Cucurellak gora bota zuen baloia, eskuinez, area barrutik. Charlesen bolea Moyano atzelariak ia bere atean sartu zuen 61. minutuan, eta handik zazpira, brasildar aurrelariak oso gaizki egin zuen errematea, errazena atera botatzea zenean. Hamar minutu geroago, Jordanen jaurtiketak atearen atzeko sarea ukitu zuen.

Bi minutu geroago eten zen Eibarren jarioa, Arbillari bigarren txartel horia atera eta gero, eskuarekin pase bat mozteagatik. Atzerago igaro zituen taldeak azken minutuak, baina ez zuen asko sufritu. Verde italiarrak 79. minutuan kanpora egindako jaurtiketa arriskutsuan izan ezik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.