Getafe 1-0 Reala

Gogorra egin zaio aldapa

Partida hasieran gola jaso, eta esku hutsik itzuli da Reala Getafetik. Txuri-urdinek hirugarren partida galdu dute jarraian

Juanmi Jimenez, Mauro Arambarri Getafeko jokalariarekin lehian, atzo, Alfonso Perez estadioan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Jorge Molinak (3. min).Epailea. Jaime Latre. Txartel horiak: Getafeko Molinari, Foulquierri eta Cristoforori; eta Realeko Willian Joseri, Le Normandi, Illarramendiri eta Januzaji. Bestelakoak. 9.018 ikusle Alfonso Perez estadioan.

Sarri aipatzen da futbol denboraldia arnasa luzeko lasterketa bat bezalakoa dela. Hiru asteko txirrindularitza itzuli baten gisakoa; pazientziaz hartu behar da, baina komeni da ernai ibiltzea. Bidearen hasieran jarritako helburuak bete nahi baldin badira, bederen. Ez da zertan lasterketa guztiak irabazi, baina maila egoki bat erakutsi behar da saio bakoitzean. Baita distirarik txikiena duten horietan ere.

Halako bi partida galdu berri zegoen Reala, eta atzokoan ere esku hutsik itzuli zen Getafetik (Espainia). Epikari leku gutxi uzten dion partida horietako bat zen, baina sasoi amaieran garrantzitsua izan daitekeena. Ez zen erasoari emana egoteko partida bat, baina txuri-urdinek horretara behartuta ikusi zituzten beren buruak. Getafe izan zen erasoari emana hasi zena; hirugarren minuturako gol bat sartu zuen, eta ihesari ekin zion. Espainiarrei jarraika aritu zen Reala partida osoan, eta gogorra egin zitzaion. Amaierarik gabeko aldapa bat igotzen ariko balitz bezala aritu zen.

Andoni Gorosabelen huts bat aprobetxatuz aurreratu zen Getafe. Min hartuta dagoen Joseba Zalduaren lekua hartu zuen Arrasateko jokalariak, baina ez zuen egunik onena izan. Gorosabelek eta Miguel Angel Moyak ez zuten elkar ulertu, eta atzelariaren pasea nola hala urrundu zuen atezainak. Jorge Molinari iritsi zitzaion baloia, eta hark, zetorkion bezala jaurti, eta Realaren atean sartu zuen.

Erreakziorako denbora sobera izan arren, egoera irauli ezinik geratu zen Reala. Lehen zatiaren ondarrean eginahalak egin zituzten Asier Garitanok entrenatutako jokalariek, baina alferrik. Mikel Oiartzabalek eta Juanmi Jimenezek izan zituzten lehen zatiko aukerarik garbienak. Willian Josek ere erremate bat egin zuen buruz lehen zatiaren ondarrean, baina saiakera hutsala izan zen. Brasildarra ez dago bere sasoirik onenean, eta hori igarri egiten du Realak.

Willian Jose ez da asmatu ezinik dabilen bakarra. Taldeari ere kostatzen ari zaiola onartu zuenGaritanok partida amaieran: «Ez gaude garai onean».

Bigarren zatian gehiago saiatu ziren txuri-urdinak, eta baloiaren jabetza ia erabatekoa izan zuten: «Momentu onak eduki ditugu, baina garrantzitsuena falta izan zaigu: gola sartzea». Saiatu bai, baina Getaferen atea zulatu ezinik geratu zen Reala. Garitanok pizgarri gisa sartu zituen Jon Bautista eta Adnan Januzaj, baina taldekideen antzera moldatu ziren; asmo onak izan arren, ez zuten askorik estutu David Soria.

Azken hiru partidetan gol bakarra sartu du Realak. Beharra du, gora begira jarri nahi badu, bederen. Ondo daki hori Garitanok: «Lehen zatian aukerak izan ditugu, baina ez da posible izan. Horixe da futbola». Atearen aurrean asmatzen ez duen artean, ihesean jarraituko dute aurkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.