Huesca 1-3 Alaves

Irribarreak, bukaeran

Alavesek garaipen landua lortu du premiak jotako Huesca baten zelaian. Arabarrek puntu bakarrera dute orain laugarren postua

Jonathan Calleri Alaveseko aurrelaria, Huescako atzelariekin lehian. JAVIER BLASCO / EFE.
enaut agirrebengoa
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Callerik (11. min.). 1-1: Chimy Avilak (13. min.). 1-2: Guidettik (72. min.). 1-2: Guidettik (72. min.).1-3: Callerik (86. min.). Epailea. Undiano Mallenco. Txartel horiak: Huescako Ferreirori; eta Alaveseko Pinari, Laguardiari eta MaripaniX. Bestelakoak. 6.700 ikusle Alcorazen.

Aurpegian irribarre zabala marraztu zitzaien Alaveseko jokalariei atzo, Huescaren aurka jokatu zuten partida bukatu orduko. Motiboak sobera zituzten horretarako: aurrelariek ezohiko eraginkortasuna erakutsi zuten, ordezkoen ekarpena erabakigarria izan zen, eta, batez ere, Gasteizko taldeak hiru puntu baliotsu lortu zituen. Hori bai, irrien txanda iritsi aurretik, bekoki ilunez jardun behar izan zuten Abelardoren jokalariek, neurketa lehiatua eta estua izan baitzen. Azken hamar minutuetan erabaki zuen lehia.

Ikusgarri hasi zen partida, bi gol izan baitziren lehen ordu laurdenean, biak ere penaltiz eginak. Lehen kolpea Alavesek eman zuen, hamargarren minutuan, Calleriren bidez. Mantovanik baloia eskuarekin ukitu zuen falta batean, eta, VARaren laguntzaz, epaileak penaltia adierazi zuen. Argentinarrak ez zuen hutsik egin penalti puntutik. Pozak, edonola ere, gutxi iraun zien arabarrei. Bost minutu geroago, banakoa egin zuen Huescak. Mantovaniri lehen golean gertatu bezala, Ximok nahi gabe eskuarekin moztu zuen aurkariaren jokaldi bat, eta erabaki bera hartu zuen epaileak. Bada, Chimy Avilak ondo gainditu zuen Pacheco.

Hor amaitu zen lehen zatiko zirrara. Bizi-bizi jokatu zuten bi taldeek, baina argitasuna falta izan zitzaien. Baloi luzeak izan ziren nagusi, eta, ondorioz, garrantzia galdu zuen zelai erdiko jokoak. Egoera aldatzen saiatzeko, Pina defentsen artean sartu zen baloia ateratzerakoan, eta Inuik erdira jo zuen. Alferrik izan zen, ordea. Hartara, oso urriak izan ziren jokaldi landuak, baita gol aukerak ere. Abagune bat izan zuen talde bakoitzak atsedenera iritsi bitarte: Huescak, Gallarrek gora bidalitako burukada bat (19. min), eta Alavesek, Bastonek erdira egindako jaurtiketa kamutsa (28. min).

Abelardoren aldaketak

Abelardorenek beste martxa bat sartu zuten aldageletatik bueltan, Jonyren gidaritzapean. Hegalekoa izan zen, berriz ere, Alavesen erasoko liderra, ezker hegalean egindako korrikaldi biziekin eta erdiraketa pozoitsuekin. Haren oinetatik pasatu ziren kanpoko taldeak izan zituen gol aukerarik onenak. Adibidez, 65. minutuan erdiraketa bikaina egin zion Bastoni, baina aurrelariak ez zuen errematean asmatu; eta 77. minutuan gora jaurti zuen eskuinez.

Huesca ez zen geratu arabarren abaguneei begira. Etxekoek ere izan zituzten eurenak; garbiena Cucho Hernandezek eduki zuen, falta bateko bigarren jokaldian baloia langara bidalita (61. min). Irabazi beharra zuen Espainiako taldeak, mailari eusteko aukerak hauspotu nahi bazituen bederen, eta partidan sartuta egon ziren; harik eta azken txanpan Alavesek norgehiagoka apurtu zuen arte. Abelardok bete-betean asmatu zuen Guidetti eta Wakaso zelairatuta: suediarrak 1-2koa sartu zuen Jonyren alboko sake luzea bigarren zutoinean errematatuta, eta Ghanakoak pase itzela eman zion Calleriri Alavesen hirugarren golean. Gaurko emaitzen zain, arabarrek bost punturen errenta daukate Europako postuetatik kanpo dauden lehen bi taldeekin, Valentzia eta Betisekin, eta puntu bakarrera ditu Txapeldunen Ligako postuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.