elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Sentsazioak eta esperientziak

2020ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Itxialdiak ekarritako berraurkitzeen artean atseginenetako bat Alboka taldearen Lau Anaiak diskoarena izan da. 2004an argitaratu zuten Joxan Goikoetxea akordeoilariak eta Alan Griffinek, hainbat musikari eta bestelako artisten kolaborazioekin. Sustraiak folklorean dauzkan arren, ez da enegarren errepikapen bat, ondare musikal herrikoian inspiratutako birsorkuntza baizik. Hamahiru piezen artean, batek bahitzen nau aldiro: Sakabiren biribilketak. Pieza xumea da, naifa, baina halako plastizitatea dauka, korroaren koadroa pintatzen dizu eta sokan eramaten zaitu, nostalgiaz blai, melankolia tanta batzuekin zipriztinduta.

Orain, badakizue, sarean musikaren generoak sailkatzen dituzte helburu funtzionalen arabera: erlaxatzeko, lotarako, lanerako, kontzentratzeko, negar egiteko... Eta tartean, nola ez, musika erromantikoa dago edota nostalgia eta melankolia bezalako sentipenak piztekoa. Pilula musikal errezetadunak dira azken batean, alderdi emozionalari zuzenduak bereziki.

Gaur egun, ohartuko zineten, kirolariek sentsazioak izaten dituzte partiden atarian; hala errepikatzen dute behintzat mikrofono eta kamera aurrean. Futbolariak izan ziren lehenak sentsazioak hitzetik hortzera erabiltzen, eta atzetik batu zaizkie beste diziplina batzuetako kirolariak, pilotariak barne. Susmoa daukat coaching-etik sartuko zela kontzeptu hori.

Sentsazioak futbolaren merkantzia bihurtu diren bezala, ostalaritzak eta, oro har, turismoaren inguruko merkatuak esperientziak saltzen dituzte orain. Michelin izardun jatetxeak dastamenaren esperientzia gorenekoa eskainiko dizu ehundaka euro batzuen truke, hotelak gau erromantiko baten esperientzia, landaguneak dekoratu bihurtutako naturarena; museoak, berriz, derrigorrean ezagutu beharreko artelan eta artistena... Badaude ausartenentzako esperientzia ahaztezinak ere, tarteka ospitaleko esperientzia bihurtzen direnak.

«Kontsumoaren kapitalismoak geroz eta gehiago bihurtu ditu emozioak produktu, eta prozesu historiko honek ekarri du bizitza emozionala areagotzea mendebaldeko gizarte kapitalistetan, XIX. mendearen amaieraz geroztik eta, batez ere, XX. mendearen bigarren erditik aurrera». (Eva Illouz: Capitalismo,consumo y autenticidad. Las emociones como mercancía. Katz Editores, Buenos Aires, 2019). Jerusalemeko Unibertsitate Hebrearreko irakaslea da Illouz, soziologian eta antropologian.

Bere ikerketa gaur egungo sistema ekonomikoak egiten duen emozioen erabileran kokatzen da nagusiki. Emozioek, produktu bilakatzearen bitartez, har dezakete esperientzien forma; edo bihur daitezke, esaterako, objektu medikalizatuak, espezifikoki artatuko direnak industria farmazeutikoak daukan eskaintza zabalaren bitartez, edota kabinete psikologikoetan. Testuinguru horretan, kapitalismo afektiboa kontzeptua erabiltzen du Eva Illouzek.

Deskonfinamendua aurrera doan honetan, turismoaren arloak protagonismo berezia hartu du banatzen gaituzten bi estatuetako agintarien ahotan, Espainian eta Frantzian. Baita hedabideetan ere. Turismoa konfinamenduaren antitesi den neurrian, sektore ekonomiko gisa kaltetuenetakoa izango da. Gurean, Bilbo eta Donostiako hotel eta taberna-kateak, esponentzialki ugaritu diren apartamentu turistikoak, Iruñeko sanfermin turistizatuak, hondarreko urteetan neurri gabe hazi diren Baionako lehoiaren festak, telesail eta best seller-en bidez ikono bihurtutako Gaztelugatxe eta Baztan... Turismo kontsumistenaren ardatzean altxatutako burbuila artifiziala zulatu egin du zomorroak. Ikustekoa —entzutekoa— izango da kapitalismo afektiboak zein diskurtso asmatzen dituen debaklea leuntzearren. Nolanahi ere, turismoak herri honetan zer paper jokatu behar duen aztertu eta eztabaidatzeko abagune aproposa da oraingoa. Pintxolandia ez bezalako turismo ereduak bultzatzeko garaia. Kanpokoak iruzurtzeari utzi eta bertakook gogaitu eta uxatuko ez gaituen turismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.